Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Euskal Herrian dantzak kaos totala bizi du»

Dokumentuaren akzioak

«Euskal Herrian dantzak kaos totala bizi du»

Claude Iruretagoiena

Egilea
Amets Arzallus
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/03/05

Nondik heldu zaizu dantzarako gustua?

Ez da dantzarako tradiziorik izan gure familian. Zazpi urterekin hasi nintzen dantzan, sinpleki, nire gurasoak Baionako kirol gela bateko zaindari zirelako, eta hor kurtsoak hartzen hasi nintzelako. Kasualitatez sartu nintzen mundu honetan.

Eta nola pasa zen kasualitate izatetik pasio bihurtzera?

Hastapenean bertze kirol batzuk ere egiten nituen, bereziki judoa, baina aski istripu larria izan nuen, lehiaketa batean eroria. Hiru hilabetez igeltsatua egon nintzen, zutik, baina kasik ezin mugituz. Lesioa zela eta ezingo nuela dantzatu erran zidan sendagileak, eta hor ohartu nintzen zinez gustuko nuen zerbait zela, medikuaren diagnostikoa errefusatzen bainuen, debekua ez bainuen onartzen. Menturaz debeku hori izan zen ene barnean erreakzioa sortu zuena, dantzarako grina indartu zidana. Eta hortik landa dut deskubritu sakonetik dantzaren mundua.

Balichonen hasi nintzelarik kultur alor horren zabaltasunaz ere ohartzen hasi nintzen, zein zen bere indarra. Garai hartan Dantzari Egunak antolatzen ziren 4.000 edo 5.000 dantzari elkartuz. Aldarrikapenez jantzi garaia zen, dantza ere aldarrikapenerako bitarteko bat zen. Hego Euskal Herriko bilakaeraren urrats handienak segitzen genituen, Bidarten afera... Ezagutzen genuen jendea zen, gure lagunak. Dimentsio hori funtsezkoa izan zen dantzari lotzeko. Dantza eguneroko biziari lotua zen, karrikan existitzen zen kultura bat, ez historiaren armairutik errautsez beterik atera zen zerbait. Horrek iratzarrarazi zuen nire pasioa.

Orduan dantza aldarrikapen bide bat zen, borroka molde bat, orain zer da?

Euskal Herrian dantza arras desantolatua da, ez da gehiago errituala, ez da hainbertze aldarrikapen fenomeno bat. Dantza, sinpleki, dantza bilakatu da, dantza arte bezala. Lehen dantza kultura zen, tradizioa, bizitza. Egun ez da hainbertze bizitza afera bat, ez da bizitakoaren kultura, ez eta kultura bizia. Ez da kantaldietan bizi, ez erromerietan, ez plazan, baizik eta ikuskizunetan, antzokian, kutxa beltz baten barnean. Beraz hori guzia berrantolatu behar da. Egiturak sortu behar dira berriz dantzaren jabe egiteko, eta dantzaren jabe egitea da, bere historia jakitea, teknika jasotzea, inguruko teknika ezberdinak menperatzea, eta magma berri bat sortzea Euskal Herriko labela luketen dantzari eta estiloak sortzeko. Dantzari mamia eman behar zaio.

Aldarrikapen bide izateak erran nahi du emozioa transmititzen duela. Aldarrikapen indarra galdurik ere, emozioaren karga badu oraingo dantzak?

Ni beti entseatu naiz dantza emozio aldetik baloratzen. Dantza tradizionala emozioa baita oroz gainetik. Beharbada ez da berdin gertatzen bertze dantza moldeetan. Horietan teknikak irabazten du, teknikaren handitasunak hunkitzen gaitu. Dantza tradizionala ez da pausoetan edo teknikan oinarritzen, egoera bat da, irudi bat, istorio bat, izaki biziago bat. Beraz anitzez gehiago lotzen da emozioarekin, eta beti nahi izan dut bertzeak hunkitu aitzin, dantza horrek ni hunkitzea. Istorioak hunkitzen baldin banau, hartzen dut, eta mugimenduan jartzen entseatzen naiz.

Pausoez baino gehiago istorioaz mintzo zara, eta istorioak ulermen bat eskatzen du. Ikusleak zenbat ulertzen du dantzarien gorputzak kontatzen duen istorio hori?

Inpresioa dugu ikuskizun batean, mugimendua, gorputzaren mintzaira, erraza dela ulertzen. Baina funtsean biziki gauza konplikatua eta mamitsua da. Dantzak badu oinarri bat, mintzatzeko alfabeto bat. Badugu gure alfabetoa, baditugu gure hizkiak, eta horrekin emeki-emeki, hitza osatzen dugu, esaldia, eta istorioa. Ni nire dantzariekin anitz mintzatzen naiz gorputzaren memoriaz, gorputza baita mintzo, eta mintzaira horrek irakurketa bat eskaini behar baitio ikusleari. Hor hasten da ikusleen aldetik teknikaren ezagutza beharra, mugimendua hurbiltzeko eta mugimendua integratzeko garrantzitsua baita jakitea zer erraten ahal dugun guk zango bat edo esku bat mugituz.

Eta hori jakin gabe, dantzariaren mintzaira ulertu gabe, gozatzen ahal da, hala ere, ikuskizunaz?

Ikusle bezala ez da bortxaz koreografoaren diskurtsoa harrapatu behar, baina istorioa biziki konkretua bada, hobe da ikusleak mezua jaso dezan. Bestela aski frustrantea izanen litzateke. Hori dantza tradizionalarentzat. Dantza garaikidean ikuslearen irudimena libreagoa da. Nik ikusi izan ditut Mizel Theret-en ikuskizunak, eta bukaerako jendeen komentarioetan arras mezu ezberdinak entzuten ziren. Interesgarria da ikuslearen irudimenak bere bidea egin dezan. Dantza tradizionalean hetsiagoak gara, ikuslea ere hetsiagoa dugu, eta agian merezi luke libre hegan egin dezan uztea.

Dantza garaikidea aipatu duzu. Kritikoek diote dantza garaikidera joz tradizioa ahazten ari garela. Zuk zer uste duzu?

Gure dantza tradizionalak bi aurpegi ditu. Alde batetik bada protokolo bat, kultura errespetatu behar bat, eta ez badugu horrela egiten traizioa da. Erlijio baten barnean bezala gara, eta estremista bihurtzen gara. Baina bestalde, gure dantzak, bere teknika bizia delako eta emozioa garraiatzen duelako, bertze dantza moldeetara egokitzeko aukera ematen digu. Posible da errepresentazio batzuk egitea arras folklorikoak eta tradizionalak direnak, niretzat balio anitz dutenak, eta aldi berean posible da istorio baten barnean sartu eta baleta egitea. Teknika hartu eta istorio bat idazten ahal dugu, kultua alde bat utzi, eta dantzari garaikideak bilakatu. Gurea aitzina egiteko lehengai ona da.

Eta zer da aitzina egitea?

Nik uste merezi duela musikan egiten den bezala, instrumentu tradizionalak eta musika garaikidea nahastea. Zeren eta beti erakartzen gaituzte forma berriek, eta horiei kasu egin behar zaie. Baina kasu, kasu egitea ez da gure soinean den kultura hori eranztea. Orain Errusia modan da, eta inpresioa dugu denek joko dutela molde errusiarrera. Ados naiz ni molde berrietatik zerbait hartzeko, baina ikusten ditugularik dantzari euskaldunak errusiarrak bezala dantzatzen, mundializazio hori ez zait polita iruditzen.

Dantza garaikidea, errusiarra, baletaren munduan sartzen ari gara. Baletaren kulturarik ez omen da Euskal Herrian.

Ez da. Nik erraten dut kulturalki azpi garatuak garela. Biziki gaixtoa da, baina egia. Hezi behar da jendea, ikasleak behar dira hezi, kultibatu, eta motibazio bat sortu. Ikusleak berdin. Ikasle dantzariak behar dira, eta ikasle ikusleak behar dira. Orain antzinako dantzaren inguruan lan bat egin dugu, eta interesgarria da ikustea jendeak ezezagutzaz nola errefusatzen duen gure historia. Ikustean euskal dantzariak XVIII. mendeko jantziekin iristen, erran nahi baita gorteko jantziekin, ikusleek ez dute onartzen. Min egiten duen iraultza bat da. Baina esplikatu behar zaio jendeari euskaldunak dantzaren historiaren parte direla, nahi izan edo ez dantza frantsesaren historiako zati gara gu. Luis XIV.-ak, jauzilari onak zirelako, euskal dantzariak eraman baitzituen berekin gortera, eta hortik sortuko zen dantza klasikoaren eskola, eskola errusiarra, eta abar. Dantzaren terminologia ere frantsesezkoa da planeta guztian, eta gure aztarnak hor gelditu dira: euskaldunen pausoa edo euskaldunen jauzia. Ez dugu beraz errefusatzerik, alderantziz harro egon behar dugu, gure izatearen parte da.

Baletarekin konparatuz oso trinkoa da euskal dantza, bereziki gerritik gora. Horrek asko mugatzen du koreografia bat sortzea?

Egia da gure teknika gerritik beherakoa dela, gure gorputza hankekin mintzo dela, ez dugu besorik. Gorputzaren goiko alde guzia izoztua dugu. Eta istorio bat kontatu nahi denean, rol zehatz batekin emozio bat sortu, hankekin bakarrik aski zaila da. Horren ordez eszena gainean diren pertsonen arteko harremanak lantzen ditugu, baina ez zaigu aski. Ikusi beharko da gorputzak gehiago parte hartzen duen teknikak gurera integratzen ahal direnentz.

Zure gustuko hizpide bat: profesionaltasuna. Beti erran izan duzu dantzari profesionalak eskas ditugula Euskal Herrian. Zertan gara egun?

Euskal Herrian ez da dantza profesionalaren kulturarik, dantzari profesionala zarela erratea biziki peioratiboa da. Bereziki dantza tradizionalean. Dantzari naizela erran eta jendeak galdetzen du: «Zer egiten duzu, klasikoa ala garaikidea?». «Dantza tradizionala», nik. Eta orduan isildu egiten dira. Dantza tradizionala folklore bezala ikusten da, eta nola ez den dantzari profesionalik Euskal Herrian, baztertuak sentitzen gara, eta ez dugu aipatzeko gogorik ere ukaten. Bestenaz justifikatu beharra sentitzen duzu. Nire kasuan bederen horrela pasatzen da. Baliatzen dugun terminologiak ongi islatzen du gure egoera. Dantza tradizionalean ez da irakasle erraten, ez da erraten koreografo, ez da erraten ikuskizun. Hiztegitik ezabatuak dira hitz horiek, mundu hori hunkitu nahi ez bagenu bezala. Ikuskizun erran ordez, ateraldi erraten dugu. Irakasle ordez, begirale, edo animatzaile. Baina irakaslea eta begiralea ez da berdina! Eta ateraldia promenara ateratzea da, aldiz ikuskizuna ikuskizun! Ni ere bizi izan naiz hiztegi horren barnean, eta lotsatzen nintzen erraten zidatelarik «horra hor gure koreografoa». Ez genuen aski lizentzia koreografo izendatzeko gure burua.

Dantza taldeetarik ez badira ateratzen, zein da profesionalak sortzeko bidea?

Aspaldi amestu izan ditugu Juan Antonio Urbeltzekin eta bertze batzuekin formakuntza proiektu batzuk, bederen pilotuak, hastapenerako. Dantza tradizionalean sakonduko lukete, dantza euskaldunaren historian, eta aldi berean ikasiko lituzkete dantza klasikoaren eta garaikidearen teknikak, antzinako dantzak eta abar. Badira eredu bezala balio duten egiturak: kontserbatorioak. Kontserbatorio nazionalen eredua kopiatzen ahal dugu, izan frantses edo espainol, mundu guztian diren kontserbatorioak direlako eta lana egiten dutelako. Hortik aterako lirateke espezialistak diren pertsonak, eta bertze batzuekin esperientziak trukatuz, ideiak trukatuz, aberastu eta mugimendu berriak jalgiko lirateke. Eltze horretan egosi behar du aro berriak. Baina horretarako sostengu beharra dugu, antolaketa baten beharra, orain duguna kaosa baita. Dantzak Euskal Herrian kaos totala bizi du. Eta dantzariak teknikoki gero eta txarragoak dira, ez dutelako interesik dantzara dedikatu eta inguruko guztia alde bat uzteko, sakrifikatzeko.

Iruditzen zait instituzioei deika ari zarela...

Lehenik jendea konbentzitu behar dugu, dantza hau ez dela animazio hutserakoa. Baina zoritxarrez, maiz, kultura gutxien duen jendea politikariak dira. Kulturan duten ezagutza oinarrizkoaren azpitik dago. Beraz hautetsiekin dantzaz edo jantziez mintzatzea aski zaila da. Bertze nolazpait konbentzitu behar dira. Ikuskizunak egin behar ditugu, baina ikuskizunak egiteko ere sosa behar da, dantzariak behar dira, teknika behar da, eta deus gabe hemen ari gara borobilean itzultzen. Egun batez agian atzemanen dugu norbait begiak itxirik sinestuko duena guregan, eta lagunduko gaituena. Ez baita zaila, makina martxan ezartzeko aski litzateke behatzekin klixk egitea.

Nork egin behar du klixk behatzekin? Eusko Jaurlaritzak, Kontseilu Orokorrak, Euskal Kultur Erakundeak...?

Hautetsi eta politikariekin, Kontseilu Orokorrarekin, Erregioarekin, Euskal Gobernuarekin... lan handia dugu egitekoa. Euskal Kultur Erakundeak ere badu zer egin. Behin betikoz eztabaida ireki behar du, dantzaz orokorrean mintzatu, eta ez talde puntualen beharraz. Kuraia ukan behar du errateko «bai, proiektu hau interesgarria da eta %200ean lagunduko dugu, lehentasuna emanen diogu». Ni oraindik beha nago ea noiz izanen dugun dantzaren urte bat Euskal Herrian. Momentuz ez gara horretan. Eta heldu den mendean baldin bada, beharbada berant izanen da.

Zuen ikuskizunak aurrekontu handikoak ere badira. Bidea ez da, Kukairen adibidea segituz, sorkuntzak sinplifikatzea, eta aurrekontua txikitzea? Anitz galtzen da?

Nik beti talde handian egin dut lan, eta egia da hogeita hamar dantzari makinaria astuna dela. Nik usu inpresioa dut antzinako arma bat, katapulta gisako bat garraiatzen dugula. Katapulta bat ehun metroz aitzinatzeko berrehun pertsona behar ziren. Eta orain aldiz badira ganibeta bezain arinak diren muntaiak. Sinplifikatuz bertze zerbait egiten da. Zerbait galduko da baina bertze zerbait irabazi.

Eta publikoa bada?

Bada ikuslego bat ikuskizunetara joateko gogoa duena, eta nahiago duena euskal ikuskizun batera joatea ikuskizun garaikide erdaldun batera baino. Ohartzen gara ikuskizunak egiten ditugularik ikuslegoa erakartzeko gai garela. Beraz, badira dantzariak eta badira jarraitzaileak. Eskas dena sostengua da.

Eta sostengua lortzeko, dantzariek badute aski kalitate?

Uste dut kalitate eskasiarena elkar elikatzen den argumentu zirkular bat dela, txakurra buztanari koskaka. Ez gara finantzatzera iristen, beraz, ez dugu mediorik balioa badugula erakusteko. Eta bestaldetik ez dugu baliorik erakusten, ez da gauza interesgarririk sumatzen, eta ez da finantzatzen.

Bertze herri anitzetan bezala, diru publikoz Euskal Balet Nazional bat sortzea interesgarria litzateke? Nola osatu?

Beharrezkoa da? Eta zer da Euskal Herriko balet nazionala? Zer sartuko genuke? Ukana dugu jadanik Euskal Herriko balet nazional pribatu bat, Urbeltzek egin zuena. Onartu edo ez, dantza tradizionalaren Balet Nazional moduko bat egin zuen, eta biziki pozik naiz parte hartu izanaz. Niretzat esperientzia handia izan zen. Ongi finantzatutako zerbait izan zen, hori ere bai. Baina diru publikoz ordaindu balet nazional profesional bat beharrezkoa litzateke, ikusiz eta zenbat kostatzen den? Ikusi dugu Euskadiko Orkestra Sinfonikoa zenbat kostatzen den. Beraz, balet nazionala diru kutxak husteko baldin bada, beharbada ez du merezi. Amateurrak izan arren konpainia garrantzitsuak liratekeen taldeak finantzatzea ez litzateke hobea? Agian lorgarriagoa da, eta fruituak berdin emanen lituzke.

Denboran gibelera eginez, Frantziako fandango txapelketako txapelduna izan zinen, baina sariari uko egin zenion. Zergatik parte hartu zenuen?

Erabaki genuen Frantziako fandango txapelketan parte hartzea, sinpleki, irabazi eta saria hankaz gora botatzeko. Politikoki ez genuen hori zuzen ikusten. Udan zen txapelketa, folklore hutserako, turistei begira antolatua, ondradua ez zena gainera. Euskal Herriari irri egiten zitzaion, eta irri egiten zitzaien turistei ere. Beraz, serioski prestatu genuen gure parte hartzea, irabazi, eta saria errefusatu genuen. Bistan dena biziki gaizki bizi izan zutela, fandango txapelketara frontoi batera pintada bat egitera doana bezala joan ginela leporatu ziguten, gaizkile bezala hartu gintuzten, baina gure helburua otoi errespetu pixka bat eskatzea zen.

Txapelketak badira orain ere, Hegoaldean anitz, Luhuson kreazio bat saritzen zuen txapelketa antolatu zen iaz. Txapelketek badute funtziorik?

Niretzat ez dute inongo funtziorik. Ez bederen ebaluaketa baliorik. Momentuz ez dugu jendea ebaluatzeko bitartekorik, ez baitugu bitartekorik formatzeko ere. Nola ebaluatuko ditugu ez baldin badira formatuak? Gurdia idien aitzinetik ematea da. Ez ditugu formatu, eta ebaluatuko ditugu? Eta beren baitarik formatzen direnak biziki arraroak dira, autodidakta milatik bat izaten da. Orduan, lehiaketak egun ez du inongo funtziorik. Eta dantza talde osoak ematea sorkuntzak egiteko ere ez dakit ideia ona den, ez bainaiz segur dantzari guztiek kreazioan ari nahi dutenentz. Ez dut uste. Niretzat akats bat izan zen. Ni, txapelketak antolatzeko ados nintzateke, baina bi baldintzarekin: jendea txapelketarako prestatzea lehenik, eta txapelketak segida bat izan dezan gero. Zeren eta Luhusoko dantza sorkuntza txapelketan gertatu dena domaia da. Biez Bat taldea sari bezala Kuban izan da, eta hara joanik ez da harremanetan sartu Alicia Alonsoren eskolarekin. Alicia Alonso ezagutu beharreko norbait da, dantzari baten bizitza markatu behar duen norbait. Bidaiaren funtzioak hor izan behar zuen. Baina txapelketa izan zenetik ez da deus gertatzen. Eta domaia da. Txapelketak antolatu behar badira txapelketak antolatzeagatik bakarrik, Frantziako fandango txapelketaren kasu berean gara. Niretzat bera da, nehor mindu nahi izan gabe, berbera. Manifestazio bat egin dugu manifestazio bat egiteagatik bakarrik.

Baina, Kukai taldea, Xukan, Biez Bat, zure Maritzuli konpainia... Zerbait positiboa ere izanen da dantzaren munduan, ezta? Bestela erranen dute ipurterre bat zarela.

Bai, gogo handi bat bada zerbaiten egiteko. Hor dago Jon Mayaren adibidea. Biez Batetik ere ikusi dugu zerbait ezberdina ateratzen. Gu ere, Maritzulin, lanean ari gara. Eta eskerrak eman behar dizkiogu Biarritz Balleti. Lagundu izan ez baligu gu ez ginen orain hemen izanen. Zorionez, badira Thierry Malandain eta Yves Kordian bezalako pertsonak. Interesatzen zaie egiten dugun lana, eta interesatzen zaie euskal dantza. Beharra dagoenean sostengu handia ematen digute. Sinesten dute, maite dute, eta ez dira bizi haien dantzari beha bakarrik.

Nortasun agiria

1960ko urriaren 18an sortu zen Baionan. Nahiz eta kontabilitate ikasketak egin, ttipi-ttipitik dantzaren munduan sartu eta oraino ez da atera. Hamaika taldetan eman ditu bere urratsak: Batzalai Baionako taldean, Balichoneko Aurrera-n, Orai Bat-en, Begiraleak-en, Suizan ere ibilia da Nomades-Le Loft Vevey konpainian, Juan Antonio Urbeltzen Argia-n..., orain Miarritzeko Maritzuli konpainiako irakasle eta koreografoa da. Elkanoen Semeak (1995), Ixtorio Mixtorio (1996, Maritzuliren sortzea), Euskal Herriko Izarrak (1998), eta bertze andana bat koreografia egin ondotik Kutx ala Pil... ikusgarria prestatzen ari da 2006ko irailerako. Jantzien alorrean ere aditua da, eta Kukai taldearen Ote(h)itzari biraka emanaldian jantziez arduratu da. Baionan, Aturri ertzean bizi da.

Bideo grabagailua

"Gaztetarik deskubritu zuten banuela dohain berezi bat, arras memoria bisual ona nuela. Ikusten nuen dantza bakoitza buruan gelditzen zitzaidan, eta gero aski errazki iristen nintzen hori pausoetan deskonposatzera. Beraz, taldeko bideo bezala baliatzen ninduten".

Bertsoa

Doinua: Erreguetan

Burutik esku batera eta
sorbaldatik oin puntara,
mugimenduek istorio bat
kontatzen duten erara,
hainbat istori txikik dakarte
mugimendua dantzara
historia bat egin dezaten
zein mugimendu falta da?


Sinple eta jenial

«Balichonen edo Oinak Arin-en nintzelarik, saiatzen nintzen dantzariek eszenan garatuko zuten istorio bat sortzen, usu arras bide korapilatsuetatik. Barrokoa bezala zen nolazpait, monumentuak betetzen dituen barroko hori. Ederra izaten ahal da, baina niretzat ez da luzaz izanen eder, akituko zaitu, gehiegi kargatua baita. Eta Juan Antonio Urbeltzekin ikasi nuen gauza sinpleak anitzez jenialagoak direla gauza kargatuak baino. Bazen teknika bat, baina sinpletasunaren ideiak egiten zuen hunkigarri».


Jantzietan jantzia

«Asmoa izan nuen, eta badut oraino jantzien inguruan entziklopedia baten egiteko. Entziklopedia zergatik? Modan den hitz bat baita, hitz moderno bat, eta ikerketara eta historiara itzulia den hitz bat. Euskal Herrian ohartzen gara jende guti dela jantzien inguruko lanak egin dituena, eta aldiz badira milaka pertsona jantziak direnak, eta jantzi behar direnak. Ez da garrantzitsua jakitea zer dugun soinean? Kulturaren parte da. Gainera Euskal Herrian jantzien unibertsoa biziki anitza eta aberatsa da, eta merezi luke argia ikustea, editatua izatea. Bertze herrietara joaten garelarik eta liburu-denda batean sartu, jantzien eta historiaren inguruan informazioa atzematen dugu, Euskal Herrian ez da liburu bat ere existitzen horren inguruan. Den bakarra agortua da, eta gainera ez da berriz editatzen».

Dokumentuaren akzioak