Dokumentuaren akzioak
«Euskal eurohiriaz natural mintzo da jaialdia, batzuei interesatzen ez bazaie ere»
Ion Elorza,erakusketa komisarioa
Ion Elorza (Donostia, 1963) errealizadorea da egun,
baina zinema-argazkilari gisa egin du lan urte askoan Madrilen, besteak
beste, Jaime Chavarrirekin, Gutierrez Aragonekin eta Pedro Masorekin.
Hiria Dantzan jaialdiak aurten bost urte beteko dituela eta, argazki
erakusketa berezia prestatu du, Gorka Bravoren irudiekin. Irailaren 26ra
arte egongo da, Baionako Euskal Museoan.
Tranpa egin omen zenion Gorka Bravo argazkilariari. Zein
irizpide erabili duzu argazkiak aukeratzeko?
Kontua ez da izan argazkirik politenak aukeratzea. Zentzu bat
ematen saiatu naiz, ideia bat helarazteko. Jaialdiaren funtsa, azken
finean, dantza garaikidea jendeari beste modu batera ematea da, kalera
ateratzea. Argazkiokin, espazio horiek erakutsi nahi izan dugu.
Horretarako, tranpa txiki bat egin nion argazkilariari: berak irudi
batzuk aukeratzeko eskatu nion, esan gabe zertarako ziren. «Kabroi bat
haiz» esan zidan gero. Baina, egia esanez gero, banekien zer aukeratuko
zuen, lanbidekoa naizelako. Horrela bat-batekoagoa izan zen.
Zein zentzu eman diezu irudioi?
Hainbat gai sortu nahi izan ditut argazki horien bidez;
esaterako, aurpegiak, hiri espazioak, ikusleak. Gero, collage
modukoak sartu ditut. Horietako bat agurrei eskainirikoa, erakusteko
dantzariek nola agurtzen dituzten ikusleak. Beste batean, frontoiak
agertzen dira -oso garrantzitsuak guretzat-; Azkainen, Hendaian eta
Ziburun zegoen giroa erakusteko, esaterako. Hirietako arkitekturarekin
jokatu dugu. Gorka Bravoren lau urteko lanak asko erraztu du nire
eginkizuna, oso ona delako.
Zein lotura du Bravok dantzarekin?
Arte eszenikoetan aditua da, horretan espezializatutakoa.
Donostiarra da, eta 29 urte ditu. Aurten, Madrilgo Capturadanza
Lehiaketa irabazi du, eta Bartzelonako Picasso Museorako lana egin du.
Dantza Hirian jaialdiko argazkilari ofiziala da.
Eurohiriak bultzatzeko politika ofizial bat omen dago
Europako Batasunean, baina gero zergatik dira horren gutxi hau bezalako
ekimenak?
Oso gutxi egiten dituzte. jaialdi honek hainbat estereotipo
apurtzen ditu: mugaz bi aldeko herritarrak oraindik bakoitza bere aldera
begira bizi direla, esaterako, elkar ez dugula ulertzen edo ezin dugula
elkarrekin bizi. Aspaldi da erabat normala jende askorentzat Hendaian
bizitzea, Donostian lan egitea eta Baionara sendagilearengana joatea.
Kontua da batzuei ez zaiela interesatzen horretaz hitz egitea. Jaialdi
hau Baionan, Donostian, Errenterian eta Azkainen dago. Jaialdia hiru
hizkuntzatan egina dago: euskaraz, frantsesez eta espainieraz -ordena
horretan-. Normal hitz egin nahi dugu gure gizarte eta kulturaren
errealitateaz.
Dantzarien galera gelditzeko modu bat litzateke?
Askotan ez dago baliabiderik hemen, inor ez delako kezkatzen,
eta jaialdia dantzariak bultzatzeko plaforma bat da. Euskal Herriak
dantzariak esportatzen ditu, eta askotan pentsatzen dugu hemen denak
pilotariak direla, eta besterik ez.
Dokumentuaren akzioak