Dokumentuaren akzioak
«Euskal dantza folklorea ez den beste esparru batzuetara eramateko apustuak funtzionatu du»
Jon Maya, dantzaria
Jon Maya, dantzaria eta sortzailea. Halaxe irakurri dut zuri buruz.
Nire burua dantzari bezala ikusten dut sortzaile bezala baino gehiago. Dantzaria naiz eta oholtzara igotzen naiz ahal dudan guztietan. Dantzatzeko daukadan gogoagatik eta sortu zaizkidan aukerengatik antolatu ditut ikuskizunak, dantzatzeko aukera edukitzeagatik batez ere. Egia da horrelako ikuskizunetan dantzatu ez ezik, beste mila gauza egin behar direla. Baina, nik nahiago dut alor bakoitza bertako adituen eta profesionalen eskuetan uztea. Egitura on batekin lan egiteko aukera izan dugu eta diru-kontuen eta antolaketa kontuen jarraipena egiten dudan arren, nahiago dut horiek profesionalen eskuetan uztea. Nik ondoen egiten dudana dantza da.
Kazetaritza utzi zenuen duela hiru urte. Zertan zabiltza orain?
Bi esparrutan mugitzen naiz normalean. Batetik, Ereintza dantza taldean, txikitatik dantzatzen dudan taldean, jarraitzen dut, taldea zuzentzen. Bigarren esparrua Kukai Dantza Konpainiarena da. Betidanik izan dut bide berriak irekitzeko gogoa eta, norabide horretan, 1999. urtean Laxok taldea osatu genuen lau lagunen artean. «Upeletan Erronka» ikuskizuna prestatu genuen, bi urte iraun zituena. Orduan konturatu nintzen dantza taldetik aparte, beste esparru batzuetan ere bazegoela zer egina euskal dantzarekin, eta hortik sortu zen Kukai taldea. Azkar hasi ginen Tanttaka antzerki taldearekin harremanetan eta elkarlan horretatik sortu ziren «1937, gogoaren bidezidorretatik» eta «Otheitzari biraka» ikuskizunak. Egia esan dena ziztu bizian joan da, ikuskizun batetik bestera ia konturatu gabe pasa gara eta gelditu gabe nabil azken hiru urteotan.
Dantzatik ateratzen duzu bizimodua. Pribilegioa al da hori?
Udal dantza eskolan irakasle nabil azken hamar urteotan eta hori daukat lanbidetzat. Horrek aukera eta denbora ematen dit beste alorrekin jarraitzeko. Neurri batean bada pribilegioa. Egia esan, konturatu gabe etorri zait. Nik kazetaritza ikasi nuen lanbide modura eta uste nuen dantza lana bukatu ondoren egiten den zaletasuna baino ez zela izango. Pixkanaka hasi nintzen konturatzen dantzaren inguruko nire saltsa handitzen eta handitzen zihoala eta aukera ikusi nuen nire bizitza erabat dantzaren inguruan antolatzeko. Hala ere, garbi daukat dantzari bezala bizimodua ateratzea ezinezkoa dela. Baina, nire kasuan, badut dantzarekin lotura daukan eta gustatzen zaidan lanbidea. Zorteko naiz.
Dantza irakaslea zaren aldetik, atzetik datorrena bertatik bertara ikusteko aukera daukazu. Zer dator?
Jende mordoa dator. Ikasturtea bukatu eta datorrenerako matrikulekin hasiak gara eta ikasle mordoa dator. Egia esan, Errenterian mugimendu handia dago dantzaren inguruan: Ereintza dantza taldea dela, udal dantza eskola dela... Kukai taldea bera hemen sortua da. Dantzari asko dator, baita dantzari onak ere.
Dantzaria sortu edo egin egiten da?
Bietatik dauka, dudarik gabe. Norberak barrutik, beretik, dakarrena asko da, baina hori landu beharra dago, bestela ez dago zer eginik.
Eta zure kasuan, zer da berezkoa eta zer ikasia?
Egia da txikitatik eroso sentitu naizela dantzan, baina egiten joan naiz pixkanaka, eta lan handiarekin.
Dantzari ez bazina, zer izango zinateke?
Segur aski, kazetaria. Gustuko dudan lana delako ikasi nuen kazetaritza. Utzi banuen ez zen izan gustura ez nengoelako, bi gauzekin jarraitu ezin nuelako baizik. Edozergatik dantza utzi behar izango banu, kazetaritzara bueltatuko nintzateke.
Dantzariak ba al dauka iraungitze datarik?
Gorputzak baditu bere mugak, baina ez dut horretan pentsatzen. Oso gustura nago dantzan; gaztetasunak freskotasuna ematen dizu eta adinak esperientzia. Momentu honetan -30 urteko beteko ditut- bi horien arteko oreka lortu dudala uste dut. Egia esan ez dut gehiegi pentsatzen etorkizunean. Iritsiko da momentua eta pentsatuko dut zer egin. Baina oraintxe dantza uztea? Ezta pentsatu ere.
Bereziki zaintzen al duzu zure gorputza?
Nahikoa prestaketa bada dantzaren inguruan egunean lau ordu inguru ematea, eskolak ematen. Aparte, gure entseguak ditugu astean hiruzpalau aldiz. Emanaldietan bertan ere entrenatzen da. Horrez gain, dantza tradizionaleko entseguekin jarraitzen dut eta Kukain dantza garaikideko klase batzuk jasotzen ari gara orain. Saiatzen naiz ondo egoten, baina ez naiz oso metodikoa. Eta ezagutzen nautenek badakite denetarik eta asko jatea gustatzen zaidala. Bizitza oso arrunta eramaten dut.
Uda mugitu samarra izango duzu, ezta?
Egia esan, bai. Beste dantza taldeetan gertatzen den bezala, Ereintzan ere emanaldi dezente ditugu udan. Eta Kukai taldearekin ere uda mugitu samarra izango da. Maiatzean «Taupadak» ikuskizuna estreinatu genuen. Hogei minutuko kale ikuskizuna da eta Valladollideko kale antzerkiko jaialdirako enkargatu ziguten. Azkenean, udan ere atera dira emanaldi batzuk. «Otehitzari biraka» ikuskizunarekin hirugarren denboraldia dugu aurtengoa, baina oraindik baditugu emanaldi batzuk. Eta «1937 gogoaren bidezidorretatik» ikuskizunarekin ere ez dugu erabat bukatu, urrian Ingalaterran daukagu emanaldi bat.
Euskal Herritik kanpo ere ibiliak zarete zuen ikuskizunekin.
Guk garbi daukagu gure lanaren oinarria Euskal Herria dela eta, lan bat sortzen denean, beti jartzen dugu burua Euskal Herrian egin daitekeen bira horretan. Pixkanaka ateak zabaltzen saiatzen ari gara, baina ez da erraza, Euskal Herritik kanpoko eremua oso gutxi landuta baitago. Kukairekin funtzionatzen ari garenetik, urtero egiten dugu Euskal Herritik kanpoko biraren bat. Aurten, esaterako, Kolonbiara joango gara urrian, bertako antzerki jaialdi batera. Madrilen eta Katalunian ere dezente ibili gara urteotan. Pixkanaka zabaltzen ari garen bidea da atzerrikoa.
Zer nolako harrera izan duzue Euskal Herritik kanpo?
Egia esan oso pozik gaude esperientziarekin. Euskal Herrian, egiten duguna gustatu edo ez, badaude beste konnotazio batzuk, dantza tradizionala esparru berrietara eramateak sortzen dituen zalantzak eta halakoak. Baina, hemendik kanpo, ez dago halako konnotaziorik: Euskal Herritik kanpo ikuskizun bat baino ez dute ikusten, eta gustatzen zaie. Oso kritika onak jaso ditugu orokorrean. Eta oso baikorra da hori, euskal dantza tradizionala folklorea ez den beste esparru batzuetara eramateko apustuak funtzionatzen duela esan nahi baitu. Gure ikuskizunak balio bat badaukala erakusten digute kritika horiek.
Dokumentuaren akzioak