Dokumentuaren akzioak
«Erromeriak asko aldatu dira»
Pello Urtzegi Meaka Euskal Dantza taldeko kidea:
Gaur egun ba al dago dantza egiteko aukerarik?
Garai batean hemen, Irunen, adibidez, auzo bakoitzak bere erromeria izaten zuen igandero. Urrian hasi eta sanjuanak bitartean ospatzen ziren, garizuman izan ezik. Gaur egun, oso erromeria gutxi izaten dira, pazko egunean edota San Markos egunean, hemen gure auzoan ospatzen ditugunak soilik.
Orain dela asko desagertu al dira erromeria hauek?
Igandero ospatzen ziren hauek badira 30 urte egiten ez direla. Galera hori ikusita, Meaka dantza taldeak, Udalaren laguntzaz, urtean 7-8 erromeria antolatzen ditugu.
Zein dira orduko eta gaur egungo erromerien arteko ezberdintasunak?
Asko. Orduan ere trikitixa izaten genuen, baina jotzen ziren piezak ezberdinak ziren. Egun argitan, sueltoan dantzatzeko piezak jotzen zituzten, eta ilunabar aldera, balsak eta pasodobleak. Gaur egun, erromerietan trikitixa egon badago, baina entzuten den musika oso bestelakoa da.
Zer egiten zenuten zuek ilunabarrean...
Egunez, neska-mutilek ezin izaten zuten elkarrekin dantza egin, sueltoan ez bazen behintzat. Iluntzen zuenean, aprobetxatu eta neskatan egiten saiatzen ginen. Hemen, Irunen, dezente uzten ziguten, baina Nafarroa aldean eta, Elizarekin istiluak izaten zituzten.
Garai hartako erromerietara zein jende mota joaten zen?
Batez ere baserri giroko jendea izaten zen, kaletarrak ez ziren joaten erromeriara. Orduan ez zegoen beste inora joaterik eta hantxe ibiltzen ginen alde batera eta bestera bizikleta hartuta.
Gaur egun gazteak joaten al dira erromerietara?
Oso jende gutxi etortzen da. Dantza egiten dakien jendea badago, baina erdi profesionalak dira hauek. Baldintza tekniko batzuk behar izaten dituzte, oholtza, oinetako egokiak... Bestela ere gure taldean badago gazte talde bat, eta hauek ere ez dira animatzen plazara irten eta sueltoan dantza egiten. Guk berriz, edozein modutara egiten dugu dantza, kontua ondo pasatzea da, hori da garai bateko erromerietan egiten genuena.
Talde berezia da zuena...
Bai, jende helduak osatzen baitugu. Hamalau bikote gaude taldean. Taldekide zaharrenak, 69 urte dauzka eta gazteenak, berriz, 45 inguru. Era guztietako dantzak egiten ditugu, baina halako erromerietarako bereziki prestatzen ditugu fandango eta arin-arinak. Larunbatean, gu ere Errenterian izango gara.
Dokumentuaren akzioak