Dokumentuaren akzioak
«Ereiteko garaian gaude»
Idoia Zabaleta, dantzaria
Euskal dantzetara ohituak gaude, baina dantza garaikidea ezkutuago dago. Zer moduzko osasuna du?
Euskal Herriko dantza garaikidea maila amateurrean dago, dantzari oso onak daude eta asko, gainera, baina dantza mundua murriztuta dago. Dantza garaikidean orain, ereiteko garaian gaude. Dantza edo mugimenduarekiko interesa beste hainbat ikuspegitatik, antzerkitik adibidez, arte ederretatik... hedatzen ari da, orain erein egin behar dugu gero jasotzeko. Daukagun gaixotasuna da, bai hemen eta baita beste hainbat lekutan ere, gaudenok oso gauza desberdinak egiten ditugula: klaseak ematen ditugu, ikerkuntzan ari gara, gauzak antolatzen ditugu... eta hori gaixotasun bat da.
Harrobia badago baina dantza zirkuiturik edo programarik ez duzuela entzuten dugu.
Bai, hori betikoa dugu. Euskal Herriko dantza egoera beste hainbat lekutakoa bezalakoa da, Euskal Herriaren egoera politiko eta sozialagatik gure mundua murritza da. Erakundeen aldetik oso programazio eskasa dago; Bilboko La Fundicionen ari dira lan eta lan, antzerki mailan eta baita dantzaren arloan ere. Baina bestela ez dago programaziorik. Dantza programatzeak arriskuak dauzka jendea ez baita dantza ikustera joaten. Ez bada eskaintzen, ez da joango, eta ez bada joatean, ez da eskainiko... arrautza eta oiloarena bezala da.
Erakundeek proiektuak behar dituzte, dirua daukate baina ez daukate irizpide kultural garbirik, ez daukate ideiarik. Gainera, gauden egoeran, badirudi kultura azkeneko gauza dela, eta horren barruan, dantza azken-azkenekoa da. Dirua nonbait badago, baina ez dago irizpiderik.
Euskal Herrian espezializatu al daiteke dantza garaikidean ala kanpora irten behar da?
Hemen bertan oso gaztea da dantzaren bizitza; dantzari oso onak egon izan dira baina kanpora joan dira. Hemen gelditzen ari garenon artean, interesa hedatzen ari da, baina espezializaziorik gabeko mundua da. Horretan guztion interesa eta ardura behar da, bai erakundeena, publikoarena... Hezkuntza aldetik, hemen ikasteko modua badago, dantzaren inguruko hezkuntza sakona jaso daiteke hemendik atera gabe. Gero, gauza guztietan bezala, kanporatzea ona da. Profesional bezala, hemen sormen lana eginez Euskal Herrian bizitzea oso-oso zaila da. Ari garenok maila berean gaude, eta ekoizpenak egin ditugu baina ez gara horretatik bizi. Egin izan dugu ikerkuntza moduan. Damian Muñoz adibidez espezializatu da ikerkuntzan eta orain Kataluniara joan da. Jon Munduate eta Blanca Calvo Euskal Herrian bizi dira eta produkziotik bizi dira, baina beren harremana handia da Europarekin. Hemen oso zaila dago.
Dantza garaikideak gurean ba al du publikorik?
Hori da dantza murriztuarazten duen beste faktore bat. Euskal Herrian, Europan bezala, paradoxa bat gertatzen da: alde batetik gorputzarekiko eta mugimenduarekiko interes global bat dago, kezka garaikide bat da eta dantzaren hainbat gauza erabiltzen ari dira bai zineman eta baita antzerkian ere. Baina beste alde batetik, dantza arte eszeniko gisa krisian dago, bere lenguaia krisian dago. Orain asmatu beharrean gaude. Arte eszenikoetan antzerkiaren errituak aldatu egin behar dira.
Ikerkuntzaren mundua, bilaketarena ere oso gustuko duzu ezta? Zer aurkitu nahi duzu?
Memento honetan ikerkuntza mailan nire sormen kezka da dantza, arte garaikide bezala nola defenda dezakegun; nire sormen kezka nagusiena hori da. Bestalde, antzerkiaren kodea ere oso finkatua dago dantzan: publikoa, denbora, iruditeria... eta hori nola apurtu da nire kezka.
Eta nola defenda dezakezu dantza artea dela?
Oraindik galderak besterik ez ditut, ez naiz erantzunetara iritsi. Erantzunak bilatzeak eramaten nau beste prozesu batean sartzera, eta hor beste galdera batzuk etorriko dira: dantza arte eta komunikazio zubietan nola kokatu... Nik hainbat pieza egin ditut, baina hainbat pieza dira lau edo bost. Pieza horiek pausoak besterik ez dira, ikerkuntza munduan emandako pausoak. Ikerkuntzari irtenbidea eman behar diozu produkzio batean, eta horretarako esfortzu handia egin behar duzu, eta hori ikerkuntzan pauso bat baino ez da.
Zure eskemetan inprobisazioak leku handia du.
Niri inprobisazioa asko gustatzen zait, inprobisazioa arte eszeniko bezala, publikoaren aurrean jarri eta inprobisatzea gustuko dut. Nahiz eta hizkuntza bat den eta teknika bat behar den hizkuntza hori oso zaila da, oso arriskutsua. Funtzionatzen duenean oso gauza berezia da, publikoari transmititzen zaio gauza hori memento zehatz horretan ari dela gertatzen, publikoa oso partaide aktiboa da, baina hori funtzionatzen duen kasuetan bakarrik. Inprobisazioak eman dizkidan tresnak izan dira erabilgarrienak taula gainean, asko ikasi dut interprete gisa . Niri inprobisazioaren joko hori asko gustatzen zait, eta aurrera begira, jokoa jokatzeko modua bera ikertu nahi dut, jokoaren erregelak nola taulara eraman aztertu nahi dut.
Dantzaren Nazioarteko Egunean ba al dago zer ospaturik?
Dantzaren egoera ikusirik ez dago zer ospaturik; orokorrean uste dut ez dugula ezer ospatzeko. Baina horrelako egunak aprobetxa daitezke dantza kaleratzeko, jendeari erakusteko, azken batean jendea sentsibilizatzeko egun aproposa da.
Mongoliara bidaia kulturala
Emakume artean
Emakumeei eta umeei zuzenduriko Zeru urdina piezarekin Idoia Zabaleta (Moare dantza taldea), Garbiñe Tolosa (Mediterraneo Mitica antzerki taldea), Mako Gomez (Isurpen) eta Juan Gonzalez Mongoliara joango dira Kyrgyzstango gobernuz kanpoko erakunde batek eta Mongoliako eta Uzbekistango emakume elkarteek ekainean, uztailean eta abuztuan lotu baitizkiete emanaldiak. Beren proiektuarekin gehienbat emakumeak sentsibilizatu direla ikusirik, «emakumeen begirada horretan sartzen» saiatu dira bidaiariak.
Mongolian dantza folklorikoa dago oso garatua; musika ere asko lantzen dute, eta «horregatik guk trikia eramango dugu, giroa sortzeko». Helburu bat du bidaia honek: «guk antzerki-dantza eraman eta esperientzia ekarri nahi dugu». Mongoliako dantzaren ingurukoak ekartzeaz gain, hango literatura ere bildu nahi dute, Amaia Ibarraran EHUko irakasleak hango elezaharrak jasoko ditu...
Dokumentuaren akzioak