Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Ereduak egon badaude, baina ez dute zertan izen ospetsuak izan»

Dokumentuaren akzioak

«Ereduak egon badaude, baina ez dute zertan izen ospetsuak izan»

Urtzi Aranburu, NDTko dantzaria

Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbo
Mota
Erreportajea
Data
2004/10/14

Lau lan moderno aurkeztuko ditu Holandako Nederlans Dans Theatre dantza taldeak Bilboko Arriaga antzokian egingo dituen gaurko eta biharko emanaldietan. Hamalau urtean bigarren aldia da dantza konpainia ospetsua Euskal Herrira datorrena, eta konpainiarekin batera taldekide Urtzi Aranburu (Donostia, 1972).

Lau urte zituela hasi zen dantzan Urtzi. Hasieran euskal dantzak dantzatzen bazituen ere, 9 urte zituenean baleta ikasten hasi zen eta 15 urte egin arte Thalia akademian aritu zen, Mari Carmen Medel irakasle zuela. Ondoren beka bat eman zioten, eta hurrengo lau urteak Madrilen eman zituen Aranburuk. «Thalia akademian ikasten ari nintzenean, irakasleak gomendatu zidan Nacho Duato egiten ari zen entzunaldira aurkezteko neure burua. Oso gaztea nintzen Duatoren konpainian sartzeko, baina entzunaldia egiteak gainerako mutil eta neskek zuten maila ezagutzeko aukera emango zidan, eta alderatzeagatik egin nuen. Nederlandsen saiatzeko aholkua eman zidan Duatok, berak ere hori egin zuela-eta. Aholkuari jarraitu nion, eta hartu egin ninduten. Dagoeneko hamalau urte daramatzat dantza konpainia horretan», azaldu du Aranburuk. Urte horietan honakoa izango da Nederlands taldearekin Urtzi herrira datorren bigarren aldia. «Lehenengoa konpainian urtebete neramala egin nuen», zehaztu du gazteak.

Hamalau urteko saltoa

Holandara heldu zenean euskaraz eta gaztelaniaz hitz egiten besterik ez zekien gazteak. «Hasieran ez nuen ezer ulertzen, eta komunikatzeko gaizki ibiltzen nintzen, baina urteek aurrera egin ahala alemana eta nederlandera ikasi ditut ­esan du­. Mundu osoan oso konpainia garrantzitsua da hau, eta niretzat salto handia izan zen, baina oso gustura eman nuen. Zorte handia izan dut».

Lagunek baleta egiten hasi zenean esandakoek ez zioten kezkarik sortu sekula Urtziri. «Amak eta arrebak dantza egiten zuten. Nik etxean betidanik ikusi dut dantza egiten, eta, ondorioz, ez dut sekula zalantzan jarri dantza egin edo ez egin; gauza normala iruditu zait. Balet klasikoa egiten hasi nintzenean egia da lagunek neskentzako kontua zela esaten zidatela, baina gauza horiek ez didate sekula kezkarik sortu», onartu du. Egun, Holandako konpainia horretan 32 dantzari ari dira, eta horietatik erdiak mutilak dira eta beste erdiak neskak. «Kanpora ateratzen zarenean konturatzen zara mutil asko ari dela dantzan, eta ondorioz ez duzu neskek izan ditzatekenak baino aukera gehiago», adierazi du.

Dantzaz bizi ahal izateko Euskal Herritik atera behar izateari buruz, berriz, Urtzik bertan dagoen maila ona aldarrikatu du: «Nahiz eta egun Euskal Herrian dantzan zer gertatzen den ongi ezagutu ez, izan ere 14 urte eman ditut kanpoan, egia da beti nahigabetzen duela kanpora joan behar izateak. Halere, akademia eta eskola oso onak badira Euskal Herrian, esate baterako, nik Thalia akademian ikasi nuen, eta handik Lucia Lacarra eta Jone San Martin dantzari onak eta ezagunak atera dira, adibidez. Hortaz, akademiek oso maila ona eta altua dute, baina dantza egin ahal izateko, aldiz, atzerriko taldeetara jo beharra dago». Dantzari eredugarriengatik galdetuta, honakoa erantzun du: «Bada beti hainbat izen ospetsu aipagarri, baina egun izena hain famatua ez duten dantzari benetan onak ere badira. Famatua izateagtik ez zara gehiago fijatuko».

Aranburuk egun 32 urte ditu, eta, etorkizunaz ezer zehazterik ez badu ere, egunen batean etxera itzultzea gustatuko litzaiokeela nabarmendu du: «Dantza modernoan, klasikoan ez bezala, geroago arte ari zaitezke dantzan, 36 urte egin arte, adibidez. Klasikoan, aldiz, gazteago izanik bukatzen da karrera. Dena den, erabaki hori gorputzaren araberakoa da, minak, eta abar». Urtzi Aranburuk Nederlands taldearekin lau lan moderno dantzatuko ditu gaur eta bihar Arriaga antzokian. Aukera paregabea dugu donostiarra ikusteko.

Dokumentuaren akzioak