Dokumentuaren akzioak
«Erditzea ere dantza bat da; horrek ere aberasten zaitu»
Pantxika Telleria, koreografoa
Izpiritua aski libre du egun hauetan Pantxika Telleriak. Bakantzetan, nahiz eta doi bat lanean jarraitu Maitaldirako azken prestaketak planifikatzen. Oinez etorri da hitzordura, eguraldi atsegina baliatuz, ostatutik hurbil bizi baita. Tea lagun, denborarekin erantzun die elkarrizketako galderei, joko bat bezala. Ongi egiteko nahiarekin, baina goxotasuna galdu gabe.
Zergatik dantza?
Gorputzak liluratzen nau. Orokorki. Zergatik gorputz batekin sortzen gara? Gorputz batek zer gordetzen ahal du? Zer adierazten? Mugimenduari begira egoten bazara, anitz ikas dezakezu pertsonaz. Niretzat lilura pertsona baten gorputza begiratzea da, zer bizitza duen irudikatzea. Nola iratzartzen den, nola gosaltzen duen, nola garbitzen den... Anitz begiratzen dut, eta edonor.
Nondik heldu zaizu lilura hori?
Hamabi urteak arte nire gorputza oso gaizki erabiltzen nuen. Ez nekien erabiltzen. Kirolean katastrofe bat nintzen, korrika egiteko, gimnasian eta... Alta, nire gorputzak ez ninduen mugatzen, baina gaizki bizi nuen. Gogotik egiten nuen gauza bakarra euskal dantza zen, lagunen artean jolasten pasatzen baikenuen klasearen erdia. Hamabi urtetan, aldiz, jazza egiten zuen lagun batek harekin klaseetara joatea proposatu zidan. Joan eta gustatu zitzaidan. Hor nintzen lotu. Gorputza bat banuela ohartu nintzen. Eta, gainera, ez nintzen hain gaizki ari. Nire barne sentipenak ere atseginak bihurtzen hasi zitzaizkidan. Nire gorputza tresna bezala ulertzen hasi nintzen. Eskolatik landa orenak pasatzen nituen dantzak asmatzen eta gorputza malgutzen. Hortik, dantzari bihurtu nahi nuela erabaki nuen. Baina horretarako klasikoari lotu behar nintzela eta hasi nintzen. Irakasleak segituan urrunago joatera bultzatu ninduen.
Hots, zale izan baino lehen dantzari izan zara?
Dantzan hastearekin zitzaidan mundu hori ireki. Kontserbatorioan hasi nintzen dantza kultura nireganatzen, emanaldi guztiak urririk genituen. Ordutik segitzen dut besteek egiten dutena ikusten.
Zer so motarekin begiratzen dituzu dantza emanaldiak? Dantzari ohiarenarekin? Koreografo? Dena analizatzen aritzen zara ala emozioari lekua uzten diozu?
Oso zorrotza naiz. Publiko txarra naiz. Oso zaila zait ikusgarri bat den bezala hartzea, sinpleki. Mundu horretan sartzen zarelarik emanaldi bat hasi bezain laster badakizu zer ikusiko duzun. Gero, bizitzak egiten du anitz hartua naizela, haurrekin eta, eta, beraz, asko hautatzen dut.
Zerk eginen du emanaldi baten ikustera joanen zarela?
Kritikek zer dioten. Asko irakurtzen dut. Lagunek eta nire dantzariek diotena ere entzuten dut. Anitzetan koreografoaren izaeraren arabera hautatzen dut. Haren humanitatearen arabera. Mundu horri hurbiltzearekin azpiko istorioak ezagutzen dituzu, eta gauza batzuk ez ditut onartu nahi. Pertsonarenganako errespetua garrantzitsua zait. Aldiz, Blanca Arrieta, Asier Zabaleta eta horiek ez ditut aski ezagutzen, eta horretan frustratua naiz. Mugimendu polit bat badela iruditzen zait.
Errespetuaz ari zara, zer erran nahi duzu horrekin?
Dantzaren etika bat ere defendatzen dut. Dantzan ez dago sindikaturik, adibidez. Normalki, jende gazteak enplegatzen dituzula, erabili eta gero botatzen dituzte. Egitura handietan ere gogorra da. Parisko Operako bizitza ez da bizitza bat nire ustez.
Dantzan gaztetasunak bere garrantzia baduela azpimarratzen duzula, zuk Pastiche proiektuaren bitartez zaharrak dantzarazi dituzu, denborak dantzarien gorputzarengan duen eraginak kezkatzen zaitu?
Adinekoekin aritu izana ez da inuzente, ez. Nik ere nire gorputza zahartzen sentitzen dut. Bi haur izan ditudala, gainera...
Justuki, dantza eta amatasuna lotzea zaila dela pentsa daiteke, zuk hori nola bizi izan duzu?
Oso ongi. Horretan ere gure gizartea gogorregia da. Gaztetasunarekiko lilura hori... Alta, ez da hori bizitza. Bi aldiz erditu naiz... Hori ere dantza bat izan da niretzat. Erditzea dantza bat da. Horrek ere aberasten zaitu. Aztarna handia utzi didate biek, bai neke aldetik, baina baita indar aldetik ere. Bizitzak ekartzen dituen zorionak dira horiek, eta dantzariak horretaz ohartzea inportantea da. Finezia horretaz. Gauza sinpleenak dira oinarrizkoenak. Egia da nik ongi ezagutzen dudala nire gorputza, denbora hartu ahal izan baitut horretarako. Baina uste dut edozeinek ikas dezakeela bere gorputzarekin bizitzen. Guztiak gara dantzariak, azkenean. Dantza ez da batzuen artea bakarrik. Nire sorkuntzetan bi erditzeek eragina izan dute. Bai aitzineko prestaketan, bai erditze denboran eta baita gero ere. Ninia sortu eta zure oreka berreskuratu behar baituzu, zure gorputza, eta abar. Berriz eraiki behar duzu dena. Eta hori ere sekulako aberastasuna da. Gero eta erditze gehiago, eta gero eta hobeki ezagutzen duzu zure gorputza, eta ez aldrebes. Erditzea ez da gaztetasunaren galtzea. Gauza da beste zerbaitetara pasatzen zarela. Gaur egun medikuek lau erditzetik landa etzanda egon behar duzula esaten dizute, baina ez da hori. Emazteengan konfiantza gehiago egon behar luke.
Sorkuntza erditze bati konpara daiteke?
Ez. Lan bat taularatzeko orduan jakintza bat baduzu. Nahiz eta huts egin zerbaitek, baina... Batzuetan nahitara ere zoaz oker, mugen bila. Baina, dena dela, zuk badakizu zergatik horren bila zoazen. Bizitza bat ematen duzularik, aldiz, haurrarekin batera gauza pila bat etortzen zaizkizu. Haurrak bere nortasun propioa dauka.
Zergatik koreografo?
Bo, egia errateko, zaila dut oraindik izen horren erabiltzea. Hitz hori hots handiegikoa dela iruditzen zait. Izendapen bat atzeman behar da, baina...
Nola deitu behar zaitugu, beraz?
Koreografoa izango naiz nonbait... Bai, dantza lantzen dut eta... Dantza hitza ere niretzat oso hitz potoloa da. Ez dakit zer naizen, egia errateko. Adibidez, prestatzen ari garen Lodi kroko sorkuntzan antzerkilari bat sarraraziko dut. Hitza daukat, ipuin batetik atera dut. Beraz, lehen aldiz hitza taularatuko dut. Baina ezin da erran zuzendaria naizenik ere. Eta, gainera, sorkuntzak taldean lantzen ditugu beti, dantzariek ere beren ekarpenak egiten dituzte. Azken finean, nire lana ideiak edukitzea da eta, gero, ideia horiek forman ezartzea.
Zerk bultzatu zaitu sorkuntzagile bihurtzera?
Gorputzekin harreman bereziak eramatea gustatu zait betidanik. Berriz bueltatzea mugimenduaren edo mugimendu ezaren muinera. Mugimendu eza ere dantza baita, oso ederra izan daiteke. Mugimendu espontaneoak ere ederrak dira. Eta horiek dantzariek galduak dituzte gehienetan. Formateatuak dira. Gorputza anitz kontrolatzen dute. Nik lortu nahi dudana egiazko mugimendua lortzea da. Horretarako, entseguetan, dantzatzearekin batera, kantatzeko eskatzen diet nire dantzariei. Mugimendua justua bada, ez dute kantatzeko arazorik. Intentzioa hor da. Ez bada justua, soilik irudi bat bada, nahiz eta oso ederra izan, dantza faltsua da. Bortxatua dela ageri da. Mugitu bakarrik beharrezkoa delarik eta behar den bezala eta ez ikusgarri moduan, hori da xedea.
Bakantzetan zara memento honetan, baina koreografo bat edo sortzaile bat bakantzetan izaten ahal da noizbait?
Bai eta ez. Buruan, ez. Edozein gauzak lanari lotzen ahal bainau. Bizitzaren memento batek edo liburu batean irakurriak, ideiak automatikoki sortzen zaizkit. Baina, aldi berean, sorkuntzaren gauzatzeko leku berezi batera joan behar dut. Ostatuan trago bat edaten ari banaiz, ez naiz zerbait eraikitzen hasiko bat-batean. Gainera, nire dantzariak epe zehatz batentzat bakarrik ditut nirekin. Egonaldi artistikoen garaian, hor bai, lan erritmoa dela sumatzen dut. Hamabost egunez bete-betean ari gara. Irailean izanen dugu bat. Bost dantzarik eta lau musikarik osatu taldea kudeatu beharko dut. Eta zure gain delarik denak ongi sentitzea, dena ongi joanaraztea, ba hori lortzeko anitz eman behar duzu. Jendeen artean harreman humanoak segurtatzea inportantea zait, preseski sorkuntza baten garaian. Gainera, mementoan ditudan dantzariak EliralE sortu denetik ditut nire inguruan. Ez ditut galdu nahi, lana pixkanaka beraien gorputzean jartzen ari baita. Artistek errespetatuak badira zure lana hobeki defendatzen dutela pentsatzen dut. Orduan, zure interesa da gauzak fermuki baina aldi berean lasaiki aitzinaraztea.
Giza harremanen kudeaketak koreografoaren lan denboraren zati handi bat hartzen du azkenean?
Koreografo izateko manera anitz direla uste dut. Nik dantzariekin dudan fidelitatea dut maite. Horrek denbora behar du, goxotasuna segurtatzeko. Egia da, halaber, talde txiki bat garela. Talde handi batean koreografoak laguntzaileak baditu. Baina ez naiz hain segur lana errazten duen horrek.
Dantzari hasi zinen, orain koreografo zara eta tarte horretan irakasle ere izan zara, hiru bide horien artean loturak daude? Batak bestea laguntzen du?
Irakaskuntzan nahi gabe sartu nintzen. Sekulako belauneko arazoak izan nituen Paris ko dantza ikasketen bukatzen ari nintzela. Bost urtez ezin izan nuen dantzarik egin. Bost urteak pasatu eta dantza irakasle diploma pasatu nuen.
Zergatik ez zintuen animatzen irakaskuntzak? Irakastea edo dantzariei koreografia bat pasaraztea, ez al dira biak transmisioak?
Dantza irakasten duzularik, teknika bat duzu irakasten. Denak molde berean sartzen dituzu. Baina niri horrek ez dit inporta. Niri berdin zait hankak oso ongi irekiak izatea ala pixka bat hetsiak izatea. Badira irakasle lana oso ongi egiten dutenak, eta beharrezkoak dira. Nik ere dantzari ongi formatuak beharrezkoak ditut, baina hori ez da nire bidea. Irakasle nintzelarik oso ongi pasatzen nuen, baina nire burua mugatua sentitzen nuen, lokartzen ari. Nire kasuan irakaskuntzak eta sorkuntzak ez dute elkar osatzen. Nire dantzariei ez diet kasik ezer erakusten. Ez naiz kasik mugitzen. Ideiarekin lan egiten dut. Mugimendu batek, hitz batek bezala, mila bide izaten ahal ditu. Mementoan nola erraiten duzun, zer intentzio ematen diozun, horrekin dut lan egiten.
Koreografo baten lana noiz hasten da?
Dantzariak hautatzen dituzularik, pertsonak. Bakoitzak kolore bat dauka. Bakoitzak ekartzen du zerbait. Pintore bat bezala ari zara azkenean. Beltza erabili edo gorria, ez duzu emaitza bera lortuko. Nire lanaren %95 hautaketan datza. Nor ezarriko dudan memento berean oholtza gainean. Maitaldiarentzat prestatzen ari garen lanean, adibidez, hautatu musikariak death metal mundukoak dira. Ba, horiek hautatzean jadanik zerbait ekartzen dut. Dantzariak parean ezarriko ditut, freska baten moduan, Enki Bilanen munduko irudi futurista bat bezala. Energia ezberdinak, parez pare. Lekua ere berezia da, aireportu batean ariko dira. Hori ere hautu bat da. Baina gero, musikak eta dantzarien gorputzak elkartu eta mementoan zehazki zer sortuko den, hori, ikusiko. Jendearen erreakzioaz ere pixka bat kezkati naiz.
Ezohiko musikariak, lekuak, dantzariak, mugak hausteko nahian?
Gorputzen misterioak eta energiak nahasi nahi ditut. Ikuslearengan zer sortzen duen ikusteko. Maitaldiaren antolaketan parte hartu dut luzaz, Biarritz Culturen lanean ari nintzela. Antolaketa horrek kasik urte osoa hartzen zigun. Baina jaialdia guretzat gertakari bat izan arren, azkenean, dantzak ez duela gauza handirik uzten jendearen baitan ohartu nintzen. Horretaz ohartu eta, orain, gure ekarpena pixka bat erlatibizatu nahian nabil. Lan bat daramazu, baina xumea da. Sortzaile gisa zer uzten duzu? Egiten duzuna nori interesatzen zaio? Artista batentzat on da ohartzea jendea beste kezka batzuekin bizi dela. Zure lana zuk duzu jendeengana eraman behar, eta ez alderantziz. Gainera, publiko interesgarrienak horiek dira, dantza ikusteko ohiturarik ez dutenak eta haurrak. Gainerakoek aitzinetik asma dezakezu zer pentsatzen duten.
Sorkuntza batek eragiten duen erreakzioa menperatu daiteke nonbait, beraz?
Bai, garbiki. Maitaldian emanen dugun sorkuntzarako death metala
hautatzeagatik pixka bat beldur naiz, baina, aldi berean, nahitara
bilatu dudan beldurra da. Probokazioa da. Oro har, beti badakit zer
publiko hunki nahi dudan. Badakit nork maitatuko duen nire lana, nork
ez. Eta besteenak ere bai. Gauza anitz aitzinetik kontrola daitezke.
Baina niri hori ez zait interesatzen.
SosLaIa
Antzokitik atera nahian
Sortzez, Donibane Lohizunekoa; txikitan euskal dantzetan ari zen lagunekin jolasteko. Gero, jazz dantza modernoa eta dantza klasikoa ezagutu zituen, eta bere egin. 2001etik hark sortu EliralE dantza garaikideko konpainiaren koreografo lanetan dabil. Andante, Eden, 0001, Bizi baterako zirriborroa, Kadira sortu eta, bi urte hauetan dituen proiektuekin, bai Lodi kroko, bai Pastiche, bai 23:22 azken sorkuntzarekin, dantza usaiako testuingurutik atera nahi du. Dantzariak publikoaren erdian murgiltzea, gure egunerokotasunarekiko gorputz erresonantzien berri izateko, horixe da koreografoaren gaurko ikerketen norabidea.
Dokumentuaren akzioak