Dokumentuaren akzioak
«Entseatzen igarotako orduek etekina eman dute»
Eneko Gil eta Nerea Vesga errenteriarrek irabazi dute Segurako Dantza Askatuko 32. Txapelketa
Bikote irabazlea txapelketara zortzigarren urtez aurkeztu da aurten, eta azken bi urteetan bigarren postuan geratu da. Egindako lanarekin gustura geratu zen Errenteriako bikotea, «Entseatzen igarotako orduek etekina eman dute», adierazi du pozik Vesgak. Txapelketan lan ona egiteko, lan gogorra egin du bikoteak, «dezente entseatu dugu apiriletik aurrera, batez ere azkeneko hiru asteetan. Zerbait lortzeko gogoa genuen», azaldu du Gilek.
Dantzan gozatu eta gozarazi
Nestor Basterretxeak berak egindako eskultura berria eman zien Errenteriakoei. Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarreko trofeoa eta 7.00 euro jaso zituzten. Bestetik, Guillermo Areizaga saria eman zieten Karlos de las Heras eta Oroitz Bilbaori. Lehenengo aldiz parte hartu eta ongien sailkatutakoak izateagatik ematen zieten sari hori Sestaokoei. Jantzi onenen saria ere bikote horrek jaso zuen.
Txapelketako maila altua izan zela argi dute irabazleek. Beste ekarpen bat egiten saiatu ziren errenteriarrak, «dantzak ongi bukatzeaz gain, jendeari bizi genuena transmititzen saiatu ginen», argitu du Vesgak. Urduri zeudela onartu dute txapeldunek, «dantzan hasi aurretik oholtza gainean zain ematen duzun tarte hori da zailena», esan du Gilek. Gainera huts txikienarekin erritmoa eta konpenetrazioa gal daitezkeela azaldu du Vesgak. Hala ere, ongi dantzatu zirela eta gozatu zutela diote biek. Gil eta Vesga txikitatik dabiltza elkarrekin dantza taldean, eta bikote modura zortzi urte inguru daramatzate dantzan. Egun, Kukai dantza taldean ere badabiltza. Haien hitzetan, txapelketek eta taldeko ikuskizunek ez dute zerikusirik, eta dena konbinatzea ez dela erraza diote. «Bietatik zerbait jasotzen dugu, baina niretzat erakargarriagoa da Kukain egiten duguna, proiektu interesgarria da», azaldu du Gilek. «Txapelketak udan bakarrik dira, eta beste tentsio bat dute», azaldu du Vesgak.Udan jairik jai ibiliko dira dantza txapelketak dauden herrietan.
Dokumentuaren akzioak