Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Abenduko espektakuluak

Dokumentuaren akzioak

Abenduko espektakuluak

Egilea
Leire Narbaiza Arizmedi
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2023/12/15
Lotura
Berria

Abendua hilabete berezia da kontu askorengatik. Batez ere euskaldunondako, eta euskal kulturarendako. Giharra erakusteko unea dela esan genezake, edo urteko balantzeak orekatu eta indartzeko momentua ere badela kultura industriarendako. Aldarrikapenari eta negozioari ―zentzurik onenean― eusteko uneak. Abenduaren hasieran ditugulako urtero egiten diren zita potenteenetakoak, potenteenak ez badira: Euskararen Eguna eta Durangoko Azoka (Korrika eta Euskaraldia bi urterik behin egiten direlako).

Ez naiz Euskararen Egunaren oso fana, ez dit eragiten ezer berezirik. Gaur egun esaten den moduan, ez nau errepresentatzen, agian itxurakeria eta euskarawashing ―euskara aurpegi garbiketa― larregi ikusten diodalako, eta ekitaldi instituzonalak espektakulu urardotuak baino ez direla begitantzen zaidalako. 

Aurten EAEko ekitaldi instituzional nagusia Donostiako Tabakaleran egin zuten, eta adimen artifizialaren ingurukoa izan zen. Ekitaldi-espektakulu horietako bat, Madrilgo enpresa batek antolatua. Antza denez, txalapartarik ez zen falta izan (zein tipiko topikoa), ezta Aurreskua ere. Tira, Aurresku sasi-modernoa izan ei zen, nola ez. Dantzatzen hasi zirenean, agintarien ilara ―lehenengoa, alegia― zutitu egin zen, mezatan legez. Eta elizan gertatzen den moduan, aurrekoak zutik jarriz gero, beste guztiak ere altxatu ―sarri joaten direnek jakingo dutelakoan noiz zer egin behar den―. Altxatu! Sakralizazioa! Sokadantza anputatu ostean, Aurreskuaren zentzu guztia galduta. Agurra gurtze dantza bihurtu dute, eta euskararekin erka genezake: gurtzeko dantza/hizkuntza goratu, baina benetako zentzua ―komunitatearen osotzeko/komunikatzeko tresna― ahaztuta. Horrela bizi ditut ekitaldi arranditsuak, muturra okertuta eta marmarrean. 

Bigarren zita Durangoko Azokarena da, jakina. Esan nezake bigarren honen oso fana naizela, espektakularra DA. Beharbada liburuzalea naizelako, eta zita sozialetik ere baduelako. Eta hori atseginagoa da. Azokak ere kezkak eragiten dizkit, eta nire barruko pottoki marmartiak purrustaka ere jarduten du stand batzuk ikusita. Zer egingo diogu, bada? Baina gailentzen zaizkidan sentimenduak beste batzuk dira: poza, harrotasuna eta harridura. 

Akaso Durangoko Azokako publikoa ez da ugaria izango, eta horrek kezka eragiten dit, baina produkzioa zabala eta ona dela esango nuke.

Poza, ikusten dudalako gure kultura bizirik dagoela, asko sortzen dela euskaraz. Akaso publikoa ez da ugaria izango, eta horrek kezka eragiten dit, baina produkzioa, beti hobetu litekeen arren, zabala eta ona dela esango nuke. Arlo asko hartzen ditu, eta gero eta esparru gehiagotara zabaltzen dabil, zorionez. Hutsuneak badaudela? Bai, baina hizkuntza gutxitu zaurgarri batekoa izateko ez da makala eskaintzen digutena sortzaileek. Horregatik harrotasuna, kultura bidez gai garelako aurre egiteko kontra datozkigun haize bortitzei. Kulturak salbatuko gaituelakoan nago.

Harridura ere eragiten dit Landako gunean ikusitako guztia ikusteak, jakinda sortzaileek zelako egoera bizi duten, zelako baldintzak dituzten, eta noiz sortzen duten. Gaitza da sortzetik bizitzea, zaila ohiko lan eta beharrizanak amaitutakoan kreatibitateari jaregin, eta obrari ekin, deskantsuari orduak kenduta, aisialdiari, familiari. 

Ekitaldi instituzional huts horiek euskal sortzaileen esku lagako balituzte? Euskaratik pentsatu eta sortuko balira, erdigunean jarriko bagenitu? Guretik guretako, kanpolarrosak eta etxe-kardo izan barik?

Dokumentuaren akzioak