Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Emozioekin jolastea gustatzen zait, barrenean dena jalgiaraztea»

Dokumentuaren akzioak

«Emozioekin jolastea gustatzen zait, barrenean dena jalgiaraztea»

Itzik Galili, Koreografoa

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2007/09/12

Hitzordura berandu, baina elkarrizketaren jokorako prest. Maitaldiarekin duen harremana aipatu du Itzik Galilik , bai eta bere sorkuntzen oinarria. Emozioz asetzen dira Miarritzen emanen dituen hiru ikusgarriak. Maitaldiko hitzordu nagusietarik bat.

Maitaldian 2001ean izan zinenean, «ikaragarrizko oroitzapena» utzi zenuen antolatzaileen gogoetan. Zer oroitzapen duzu zuk jaialdiaz?

Ikaragarrizko oroitzapena dut nik ere, sekula ahantziko ez dudan unea. Hemen izan nintzenean, uste dut tenore berdinean zela gainera, isiltasun minutu bat egin zen ikusgarria hasi baino lehen. Irailaren 11 zen.

Eta koreografo gisa?

Ezinegona lotua dut, nire ikusgarriek hemen zer balio duten ikusi nahi ditut. Gero, munduan zehar ibiltzea bere konpainiarekin, bikaina da! Enbaxadore moduan ibiltzen gara, gure herriaren izenean gabiltza. Gero, ez dugu egunero saio bat ematen Miarritze bezalako lekuan!

Heads or Tales, zure ikusgarriaren formula berria aurkezten duzuelako Miarritzen zara? Edo zure konpainia beti jarraitzen duzu?

Ikusgarri gehienetan nire dantzariekin naiz, haiengandik hurbil. Baina hor, egia da berezitasunagatik ere hemen naizela. Heads of Tales hogei dantzarientzat pentsatua zen, gauza esperimentala izan zen, ikasleak eta profesionalak nahasirik eman baigenuen. Orain, dena tinkatu dugu, eta formula suharra eskainiko dugu lehen aldikoz Miarritzen, Heads or Tales-Hot. Hamaika dantzari baizik ez dira geratzen orain.

Zergatik Fragile eta Chameleon ikusgarriekin batean ematen duzue?

Hiruak elkarrekin batean biziki ongi doaz. Publikoarentzat, emozioaren maila ezberdinak dira. Eta niri emozioarekin jolastea gustatzen zait, barrenean dena jalgiaraztea. Horrek ez du erran nahi ikusgarria pisutsua izanen dela. Pentsatzera gonbidatzen du, lirikoa da, gordina, erraza ikusteko. Batez ere azken partea, zoriontsu delako, dena argi, sentsuala.

Fisikoa ere bai, ezta?

Bai, Heads or Tales-Hot, biziki fisikoa da, ikusgarria. Gero, besteak ez dira batere hala.

Ikusgarri suharrak, erritmo azkarrarekin, emozio gehiago sortzen du?

Publikoaren emozioa lortzeko, erritmo ona aurkitu behar da. Hiru ikusgarri hauek erritmo ezberdina dute, baina emozioz asetzen dira. Chameleon-en lau emazteek ahal bezain urrun joan behar dute, emaztearen indar guztiak noraino joaten ahal diren ikusteko. Fragile melankolikoa da. Biziki gustatzen zait. Gizon baten ahulezia eta emazte baten indarra aurrez aurre dira. Jendearen mugak bilatzen ditut hemen.

Publikoak bere erantzunak eman behar ditu?

Publikoa emanaldira etortzen denean, galderen zain dago, eta erantzunak nahi ditu. Zineman, film baten erdian ateratzen ahal da jendea. Dantza emanaldietan ez da horrelakorik ikusten. Niri behin gertatu zait, eta horretaz biziki harro naiz. Probokazio hutsa izan zen. Ez balitz hori pasatu, Bruce Willis moduan sentituko nuke neure burua, estremorik gabeko pertsonalitatea, Planet Hollywoodeko izarra. Metafora da...

Probokazioa bilatzen duzu beti?

Ez dut probokatzen probokatzeko. Sekula. Non eta ez den hunkitzen nauen gauza bat, Irailaren 11 bezala. Bestela, jendea dantzarekin hunkitu nahi dut, gogoetak probokarazi. Beti hori izan da nire nahia. Heads or Tales-Hot emanaldian, zoriontasunari gogoetak egiteko aukera du publikoak. Zorionaren probokazioa da.

Dokumentuaren akzioak