Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Emanaldi freskoa da eta ikusleak sentitzen du istorioan azaltzen dena»

Dokumentuaren akzioak

«Emanaldi freskoa da eta ikusleak sentitzen du istorioan azaltzen dena»

Komunikabidea
Ibarraldeko hitza
Mota
Albistea
Data
2012/05/24
Lotura
Ibarraldeko hitza

Alurrek 2008an Sua taularatu zuen, 2010ean Oinazez, zu tartean zinela, eta aurten Izanak dirau, 1512. Bi urtez behin emanaldi berria sortzeak lan asko eskatuko du, ezta?
Ezinegon handiko taldea da Alurr. Berehala iruditzen zaie geldi daudela, eta beti daude gauza berriak atera nahian. Emanaldi berri bat urtebete mugitzen hasten garenerako, dagoeneko buruan dute gauza berri bat egitea. Izugarria da horrelako talde batentzat horrelako mugimendua izatea. Jende askok parte hartzen du emanaldia osatzeko, eta lan handia egiten du.
Nondik sortu zen oraingo emanaldiaren ideia?
Gaztetxoentzako zer gai jorratu genezakeen pentsatzen hasi ginen eta bileretako batean Joxe Mari Agirretxe eta Nafarroa Bizirik elkartekoak azaldu ziren; aurten Amaiurko konkistaren 500. urteurrena betetzen zela-eta hainbat egitasmo egingo zituela azaldu zuten, eta gai horri heltzea interesgarria iruditu zitzaigun. Alex Tellok-eta bazuten Arrain herriaren memoria galdua antzezlana eta hori ere hartu genuen oinarri. Ondo iruditu zitzaigun, gure etorkizuna izango diren gazteek gure historia ondo ezagutzea; nondik gatozen jakin, nora goazen erabakitzeko.
Dantza taldekoek egin izan dituzte emanaldiak, eta oraingoan eskolako dantzariek parte hartu dute.
Alurren, alde batetik, eskola dago,  eta bertan txikitatik datozenak eta hamasei urte inguru artekoak daude. Bestetik, dantza taldea dago, helduen taldea deitzen dieguna, eta hauek egin izaten dituzte orain arteko emanaldiak. Oraingoan, eskolan dauden azken etapako gazteei eman diegu emanaldia egiteko aukera, ikusi dezaten zer den horrelako obra bat prestatu eta jendartean eskaintzea.
Eta nolakoa izan da dantzari gazte horien erantzuna?
Emanaldi hau egitearen arrazoietako bat beraiek izan ziren. Beraiek eskatu zuten zergatik ezin zuten Sua edo Oinazez bezalako emanaldi bat egin. Ekin genion prestaketa lanei, eta hasiera gogorra izan da. Dantzariak ohartu ziren ez zela exijentzia bera, eta entsegu gehiago egin behar izan ditugula, ordu gehiagoz landu behar izan dituzte dantzak. Beraientzako %80a dantza berriak eta koreografia berriak ziren. Entseguekin, jantziekin eta eszenatokian jartzearekin hasi ginenean, konturatu ziren ez zela aurretik ohituta zeuden emanaldiak bezalakoa. Leidorren entsegu batzuk egin genituen, areto batera ohitzeko, eta zaila izan da pauso hori ematea, baina nire ustez horrela heldutasun handia hartu dute, eta ez da talde berdina ikasturtea hasi zena eta oraingoa. Pauso bat eman dute heldutasunera.
Zuk egin duzu koreografia. Zer suposatu du zuretzat sormenaren aldetik?
Gaia kontuan izanik, iruditu zitzaigun dantzak oinarri tradizionala izan behar zuela. Nafarroako gaia izanik, nahi izan nuen Nafarroa bertako dantzak lantzea: Otsagabiako dantzak, Lantzeko Inauterietako dantzak, Imotzeko dantzak, Luzaidekoak… Nahiz eta ez izan leku horietan modu tradizionalean egiten diren moduan, eta hor dator nire lana; dantza horiek moldatzea musikara, eszenatokira eta kontatzen den istoriora. Gero ere Gipuzkoako dantzen pausoekin egindako dantzak daude; fandangoak, Bizkaiko dantzen pausoak, baina protagonismoa Nafarroako dantzei eman diegu. Bestalde, historian zehar Nafarroarekin gurutzatu diren beste gizarte batzuen folkloreari ere bide eman diogu, adibidez, Gaztelakoari, konkistaren ardura izan zutenei.
Zer harrera izan du emanaldiak orain arte egindako hiru saioetan?
Oso ona, gustura gelditu naiz izandako sentsazioekin eta ikusleek esandakoarekin. Istorioa ulertzen da, ikusten da zer zen gertatu zena, zer adierazi nahi den, jendeari motza egiten zaio eta hori seinale ona da. Nire ustez emanaldi freskoa da eta ikusleak sentitzen du nafarren alaitasun eta indar hori, gizarteen arteko nahasketa, gaztelarren konkistak sortzen duen amorrua eta samina… Hori guztia transmititzea lortzen badugu, gure lana soberan egina dugu.
Emanaldian, dantza egiteaz gain, antzezpena ere badago. Hori ere landu egin beharko zuten Alurreko kide gazteek.
Emanaldiak ere badu elementu garrantzitsu bat, gaia bideratzen laguntzen duena, eta ikuskizun guztiari forma ematen diona. Neska gazte bat, gaur egungoa, eszenatokira igotzen dena eta liburu zahar bat aurkitzen duena. Liburu hori irakurtzen hasten denean, berari etortzen zaion irudimen hori guztia da emanaldia. Eszenak agertzen dizkigu, ikusleari kokatzen laguntzeko. Horrekin batera, proiekzioak erabili ditugu. Pantaila batean ia denbora guztian ari gara irudiak proiektatzen: paisaiak, erromatarren garaiko Nafarroako arkitektura… Eta horrek ere laguntzen du istorioa jarraitzen.
Zer musika erabili duzue?
Dantza tradizionalak dira oinarri, baina, era berean, dantza horiek dantzatzeko erabili ohi den musikari beste ukitu bat eman nahi genion. Horretarako bilaketa lana egin dugu, eta ia dena aurkitu genuen hainbat talderen eskutik: Burrunka, Alboka, Tomas San Miguel… Abesti bat gelditu zitzaigun airean, Bizkaiko ezpata joko nagusia, eta horretarako taldeko Jagoba Astiazarani eta Inar Sastreri eskatu genion moldaketak egiteko, guk nahi genuen sonoritatea lortzeko.

Dokumentuaren akzioak