Dokumentuaren akzioak
«Elizabeth I.a erregina ni naiz»
Ingalaterrako erreginaren bizitzan oinarrituta, Lindsay Kempen konpainiak 'Azken dantza' lana aurkeztuko du gaur eta bihar Baluarten
«Egia esanda, Elizabethen pertsonalitate neurriz kanpokoa nire nortasunaren parte egin zen. Bette Davis eta Errol Flynnen filma ikusi eta gero, eskolako zuzendariak amari deitu behar izan zion: 'Mesedez, andrea, ez utzi zure semea horrela jantzita eskolara etortzen'. Aterki zaharren gainean burusia jartzen bainuen! Pentsa, II. Mundu Gerra ondoko Liverpoolen, horrela jantzita zihoan mutikoa!».
Irudikatzen zuen guztiarekin maiteminduta
«Egia esanda, irudikatzen zuen guztiarekin maitemindu nintzen. Berak jarri zuen pasioarengatik, bizi izan zen garai loriatsuarengatik, musikari eta edertasunari zion maitasunarengatik... Nik uste dut bera izan dela Ingalaterrak izan duen agintaririk onena. Artearengatik eta bakearengatik egin zuen guztiarengatik, artista askorentzat inspirazio iturri handia izan zen».
«Lan hau, horregatik, ametsa izan da niretzat. Hirurogei urte iraun duen ametsa. Orain gauzatu dut».«Eta, akaso», jarraitzen du Kempek, «gizonezko baten azalean sartuta zegoenez berak hala esaten zuen askotan, Elizabeth erakargarri egin zait, beti. Generoetatik harantzago dagoelako, eta nik ere generoen arteko muga hori landu dudalako. Nolanahi den, Elizabeth da, eta Elizabeth ni naiz».«Horregatik, eszenatokira igotzen naizenean, Elizabeth eta Lindsay eskutik helduta igotzen dira. Lan hau biei buruz ari da. Bera izan nahi dut, baina bera kopiatu gabe. Egun bakoitzean, haren azalaren barruan sartu nahi dut, hor barruan. Hirurogei urte kosta izan zait hau guztia prestatzea».«Dena irudi batekin hasi zen. Erregina, bere azken uneetan, geldirik, bizitza osoko maitasunak eta negarrak berpiztuta, eta dantzan, datorrenetik babes bila. Hau da, bere bizitzako unerik inpresionistak gogoratu nahi izan ditut. Ni heldua naiz, eta nahiz eta oraindik ez naizen une horretara iritsi, uste dut parekotasunik badagoela!».«Azken finean, berak dantzatu egin nahi zuen bizitza bera luzatzearren, heriotza berarengandik urrun mantentzearren. Txirularia deitzen zuen, bateria jotzailea, eta han azken dantza egiten zuen».«Egia esanda, nire zain zegoen, eta lortu dut: egin nahi nuena egin ahal izan dut azkenean. Eszenografia xehea da, beltz samarra, eta kutxa beltz hori magoaren kapelu beltza da, eta hortik magia ateratzen da. Untxiak, zetazko zapiak, bakearen usoak».«Ez da antzerki intelektuala, pasioaren antzerkia baizik. Zer gertatzen zaio antzerkiari? Norabidea, magia, galdua du. Ez dago edertasunik, ez dago ideiarik. Jatorrizko helburua, hau da, liluratzea, hori ere galdu egin da!».«Beti ahaleginak egin ditut azken unea balitz bezala bizitzeko, eta beti animatu ditut besteak horretara. Hori da Elizabeth honekin esan nahi dudana: une bakoitza azkena balitz bezala dantzatu behar den dantza dela».
Dokumentuaren akzioak