Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Egunero galtzen da tresnaren bat, baina baita sortu ere»

Dokumentuaren akzioak

«Egunero galtzen da tresnaren bat, baina baita sortu ere»

Egilea
Nagore Ferreira
Komunikabidea
Deia
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/06/01

- Zazpi urte zenituela ezagutu zenuen musikaren mundua?



Zazpi urterekin Etxarrin bizi ginan eta adin horrekin Udaletxeko goiko solairuan zegoen musika akademiara joateko aukera ematen zuten. Amak orduan galdetu zidan ia ikasi nahi nuen, eta nik baietz erantzun nion. Horrela sartu nintzen musika munduan.



- Klarinetea eta txistuarekin hasi zinen.



Bai, akademiara joan eta ea klarinetea jotzen ikasiko nuen galdetu zidaten, eta nik baietz ihardetsi nuen; txistuarekin berdin, eta nik guztiari baietz esaten nionez... Etxera tresna bakoitza esku banatan nuela itzuli nintzenean amak ea batekin nahikoa ez nuen ere galdetu zidan.



- Herriko bandan ere jotzen hasi zinen handik gutxira.



Bai, horrela da. Don Alfredo zen zuzendaria, eta klarinetea jotzen zuen norbait behar zutela-eta eskaini zidan tresna hori. Horrez gain, bazuen txistua suspertzeko asmoa edo eta horregatik bere proposamena. Azkenean, bandan klarinetea jotzeaz gain, orduantxe sortu zen txistulari bandan ere jotzen hasi nintzen. Bai ni eta bai anaia ere aritzen ginen.



- Ez zinaten aspertuko, ezta?



Bai, ondo pasatzen genuen kanpora irtetzen ginenean jotzera, baina, bestela egunero akademiara joan eta zuzendariaren bronkak entzun beharra gogorra ere bazen. Bandarekin astean birritan entsaiatzen genuen; beti nahiko berandu, ilunduta zegoela bukatzen genuen, gu baserrian bizi ginen eta bidean ez zegoen argirik... Anaia eta biok ipurdia estu-estu egiten genuen bidea, bai. Santa Cecilia zela-eta jate-txe batera joan ginen bazkaltzera, eta niretzako lehen aldia zen... Hamaika-hamabi urteko umeak ginen eta bandan jotzeak bazuen nolabaiteko xarma-edo.



- Gaztetxoa zinela Etxarritik Donostiara joan zinaten.



Bai, aitak itsasoa utzi eta Donostiara joatea erabaki zuen etorkizun hobea izango genuela-eta, bai ikasketetarako, bai lanerako...



- Eta, musika?



Txistuarekin jarraitu genuen anaiak eta biok Isidro Ansorena irakasle genuela. Eta, horrela ezteietan eta auzoetako jaietan txistua jotzen hasi ginen. Izan ere, Isidrok lan asko eskaintzen zigun; berarengana hamaika lagun joaten zen txistulari bila eta guri esaten zigun. Gutxi gora-behera niri orain gertatzen zaidana: niri ere txalapartari, albokari edo dena-delako behar dituztela etortzen zaizkit eta gauza ba-tzuk norberak egiten baditu ere ikasleen artean beste asko banatzen ditut.



- Dantza talderen baten ere aritu zinen.



Bai, Isidrori txistulari eske etortzen zitzaizkion zenbait dantza taldetatik eta gu hara joaten ginen jotzera. Era horretan Argia taldearekin egin genuen topo. Hor geundela Urbeltz etorri zen, urte bete beranduago zuzendari izango zena. Oteiza ere inguratzen zen gure entseiuetara... Ideia berriak ari ziren sortzen garai hartan; herri folklorea jorratzeko modu berria sortu zen.



- Ordura arte zer gertatzen zen ba?



Dagoneko ez zen bakarrik “Nolako dantza politak diren gureak! Hau hanka jasotzea!”. Bestelako gauzak agertzen ziren: nolako kalitate eta aberastasuna zegoen, baita nolako astakeriak egiten ziren... Horren haritik-edo hasi ginen doinu zaharrak biltzen, halako dantzak inguru honetan nolakoak izan diren ikertzen ia txistua edo xirularekin... Hortan hasita gainontzeko guztia jarraian, konturatu gabe etorri zen: txalaparta ikasi beharra, dultzaina...



- Zenbat urterekin hori guztia?



Hamasei-hamazazpi urte izango genituen. Dultzaina ikasteko, esaterako, larunbatero Bilbora joaten ginen, Jabier Lakuntzarengana. Ogitarteko bi eramaten genituen, bata Bilborako trenean jaten genuen, eta bestea Donostiarakoan. Hori izan zen gure plana sasoi hartan.



- Beraz, orduan hasi zineten musika munduan modu serioagoan.



Bai, jadanik ez zen ondo pasatzea soilik: Mundu harrigarria aurkitu genuen, herri musikaren mundua hain aberatsa, hain zaharra baina baita hain berria ere. Orain nagoen lekuan banago Argiarekin hasi eta bide horri ekin niolako da.

Txalapartaren suspertzea Beltran anaiei zor zaie hein handi batean.

Artze anaiak, Joxean eta Jexux; eta gu, Juan Mari eta Bixente Beltran, laurok hasi ginen txalaparta jotzen. Artzetarrak Ez dok Amairurekin aritu ziren eta gu Argiarekin: denon artean Euskal Herriko ia herri guztietan jo genuen txalaparta. Eta, horrela zabaldu zen bai zati handi baten, lehenago, zaharrek, urtean bitan-edo jotzen baitzuten bakarrik.



- Zeuoi esker ez zen desagertu...



Herri musikan gauza asko desagertu diren bezela, txalapartarekin ere an-tzeko zerbait gertatu zitekeen. Arrabita galduta dago Euskal Herrian: nork esango zukeen XVIII. mendean arrabita joleak xixak beste zirela? Edo, Bizkaiko erromerietan hain arrunta zen zarrabetearekin ere berdin gertatu da. Badaude hainbat tresna ia arrastorik utzi gabe desagertu direnak...



- Txalapartak zorte handia izan zuen...



Kasualitatea lagun izan du txalapartak: Aita Donostiak idatzi zuen zerbait kirikoketari buruz, eta guk aukera izan dugu arrastoak biltzeko. Oteizak entzun zuen, eta horrela hasi zen... Oiartzunen, Ergoien auzoan dugun Euskal Musikaren Txokoan dokumentatzen eta ikertzen ibili eta ote-jotzea deskubritu dugu. Egun badira jotzen dakitenak, baina historiaren indarrez, hogeita bost urte beranduago posible da izena ere ez gogoratzea. Txalaparterekin ere gerta zitekeen, kasualitate hutsa izan da.



- Tresna asko desagertu dira, ohartu gabe.



Bai, baina horrela gertatu da bai Euskal Herrian, baita Kontxintxinan ere. Egunero galtzen da zerbait munduan, baina, aldi berean, beste zerbait sor-tzen da. Herriak, bizirik dagoen bitartean, zerbait galduko du baina zerbait irabazi edo sortuko du.



- Euskal Musikaren Txokoan hainbat tresna bildu dituzu.



Bai, mila inguru daude bertan; horrez gain, liburutegia eta fonoteka ere baditu. Oraindik ez dago zabalik, baina nire asmoa bisitak eta baita ekintzak antolatzea da.



- Disko berri bat ere labean duzu...



Bai, ekaina-uztailean ateratzea nahi genuen, baina ziurrenik udazken hasieran izango da dendetan.



- Zer topatuko dugu bertan?



Oraindik ez dut izenburua erabaki; buruan dudanetako bat ‘‘Gogoaren bidezidorretatik da’’, eta beronek labur-tzen du diskoan aurki daitekena. Autobideetatik joatea beharrezkoa da leku askotara joateko, baina era horretan gauza asko galtzen ditugu, gauza asko ikusteke geratzen dira. Hori da, hain zuzen, lan berrian bildu dudana: bidezidorretatik joanda ikusitako eta aurkitutako bitxiak.



- Nolako bitxiak?



Adibidez, ote-jotzea, edo Zegamako albokari zaharren errepertorioa... Horrelakoekin egin dut topo autobidetik barik bidezidorretatik ibilita.



- Kuriositate hutsa den galdera bat. Zenbat musika tresna dakizu jotzen?



Ez dakit ba, zer da ba tresna bat jotzea? Saltseatu askorekin, berrogeiren batekin, baina jo, jo, ez dakit zifra zehatzik ematen.

Dokumentuaren akzioak