Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Egin nahi nuena egin eta gero, etxean nago»

Dokumentuaren akzioak

«Egin nahi nuena egin eta gero, etxean nago»

Bi urte dira Pirmin Aldabaldetreku (Zarautz, 1930) herrira itzuli zela. Atzean dira 1936ko gerrak eragindako erbesteko haurtzaroa eta dantza munduan egin dituen urrats arrakastatsuak.

Egilea
Amagoia Iban
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/03/05

Zure biografia nobelatua izango omen da. Egia esan, zure bizitzak nobela batetik aterea dirudi.

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Bueno, nire historia, nabarmena den bezala, 1936ko gerrak markatu zuen, hemendik —beste askok egin zuen bezalaxe— Bilbora ihes egin genuenean. Ez dut asko gogoratzen garai hura, baina Zarauztik Bilbora eta Bilbotik Erresuma Batura joan ginen. Hori izan zen nire bidea. Erresuma Batuan, lehenik, kanpaleku batean egon ginen, eta etxe batera eraman gintuzten gero. Etxe hartan egon nintzen, 14 urte egin nituen arte. Etxe hartatik kolonia batera eraman ninduten gero. Kolonia hartara joan nintzen arte, ez nuen izan harremanik artearekin. Ez eredurik, ez libururik, ez ezer. Baina Pepe Struch antzerki zuzendari katalana begirale zegoen gure kolonian, eta hark Arte Ederrak ikastera bidali ninduen, gertu genuen eskola batera. Arte heziketa izugarria jaso nuen, oso pribilegiatua izan nintzen. Eta horretan urtebete-edo neramala, balet emanaldi bat ikusi nuen, lehendabiziko aldiz.

Margot Fontaine dantzan ikusi zenuen ema naldi hartan.

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Bai. Eta Sadler’s Wells konpainia —urteekin, Royal Ballet izena hartu zuen konpainia hark—. Marrazketarekiko eta pinturarekiko interesa erabat galdu nuen. Maitemindu egin nintzen dantzarekin, ez nuen baleta besterik gogoan, ez nuen besterik ikasi nahi. Sadler’s Wells konpainiako zuzendariari gutun bat idatzi nion. Ninette de Valois izena zuen zuzendariak eta, inoiz baletik egin gabe nengoen arren, hartu egin ninduten. Fisikoagatik izan zen. Dantzari ona izateko behar den guztia neukan.

Hamalau urte ere bazenituen, eta hori nahikotxo urte zen dantzan hasteko, ezta?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Bai, baina konpainian sartu nahi nuen, eta dena oso azkar ikasi behar izan nuen horretarako. Konpainian hartu nindutenean, atzeratuta neuzkan irakaspenak eguneratzen lagundu zidaten.

Euskal Herrikoa izateak ere izan omen zuen eragina Ninette de Valoisek zuri dantzari bihurtzeko aukera ematea erabaki zuenean.

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Bueno, hura irlandarra zen, eta bera bezalako errebelde bat ikusi zuen nigan. Beti ikusi ninduen errebelde, balet, antzerki eta musika munduan ni sartu nintzen moduan sartzea zoratzekoa izan zelako. Hasieran ez neukan behar zen diziplina. Gerora ikasi egin nuen diziplina izaten, noski, konpainian ez nintzelako sartuko bestela.

Atzean esperientzia latz asko utzi zenituen, hala ere.

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Bai, halakoxe haurtzaroa izan genuen. Zarauztik Bilbora gurasoekin joan ginen lau anai-arrebok: Ibonek lau urte zeuzkan, nik ia zazpi, Lorek —hemen bizi da orain hura ere— bederatzi, eta Elik hamabi. Gu Bilbotik Erresuma Batura ebakuatzeko aukera sortu zenean, gurasoak Ibonekin geratu ziren. Beste hirurok itsasontzi batera igo, eta han abiatu ginen. Erresuma Batura heldu ginenean, Southamptonen kokatu gintuzten, kanpaleku erraldoi batean. 4 mila ume ginen, atera kontuak toki hura zein handia izango ote zen! Ni bezain umeak gutxi zeuden han. Gutako 21 hartu, eta berehala Kent konderrira eraman gintuzten. 1937tik 1944ra egon nintzen han.

Eta gurasoak? Haiek ere beren ibilbidea egin zuten erbestean.

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Erresuma Batura joan ginenean, haiek Parisera joan ziren, Mexikora abiatzeko asmoarekin. Bisitan etorri zitzaizkigun, eta, Erresuma Batuan ondo geundela ikusi zutenez, bertan geratzeko agindu ziguten, Mexikotik deituko zigutela hara joan gintezen geu ere. Halaxe egin zuten, baina, Mexikora joateko maletak prest genituenean, II. Mundu Gerra hasi zen eta bidaiak egitea debekatu zuten. Erresuma Batuan geratu ginen, beraz, eta aita Mexikon hil zen. Ama Zarautzera itzuli zen 1944an. Senideak hemen zeuzkan, eta aitarik gabe eta beste hiru umerekin etorri zen: Itziar, Imanol eta Iñakirekin. Eli, nire arreba zaharrena, Erresuma Batuan bizi da orain ere. Nik 24 urte egin nituen han, 30 urterekin dantza egiteari utzi nion arte. Portugalera joan nintzen orduan.

1936ko gerrak belaunaldi asko galdu zituen kulturarako eta arteetarako ere. Zure kasua justu kontrakoa dela esan ote daiteke?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Gertatu zena gertatu izan ez balitz ez du uste dantzaria izango nintzenik, baina nire familiak altzari denda bat zeukan Zarautzen eta, nire izaera ezagututa, ziur nago zerbait artistikoa egingo nuela azkenean. Nire izaera errebelde honek bilatuko zuen irtenbideren bat. Altzari zaharrak-eta asko maite ditut, baina ez dut neure burua arotz lanetan ikusten. Ezingo dugu inoiz jakin. Baliteke familiak arterik lantzen ez uztea ere, eta garai hartan ez zen egiten gurasoek nahi ez zutenik. Egoera horretan ihes egingo ote nuen? Ez dakit. Azkenean, egin nahi nuena egin, eta hemen nago, etxean.

Zenbat urterekin independizatu zinen?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Hamazazpirekin, konpainian sartu eta Londresera bizitzera joan nintzenean. Arreba hara ezkondu berria zen, eta haren etxera joan nintzen lehenik. Ordura arte ez nuen jatordu txukunik ezagutu, baina inoiz ez nion ezer eskatu amari. Hamazortzi urte ditudanetik neure etxebizitza edo gela eduki dut beti.

Inoiz ez al zenuen hona itzultzeko asmorik eduki?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Bai, horixe nuen ametsa: hona etorri eta zerbait egin. Bolada batean ezin izan nintzen hona itzuli, ordea, bidaiatzeko baimen bat neukalako eta baimen horrekin Espainiara sartuz gero soldadutza egitera behartuko nindutelako. Nik ez nuen soldadutza egiteko gogorik, eta han geratu nintzen. Ez naiz desertore sentitzen, ordea, aditzen didazu? Gertatu zitzaizkidan guztiak gertatu ostean, nengoen bezala egonda dantza konpainia batean sartzea lortuta, nahiko soldadutza egina nuela uste nuen. 1957an eman zidaten Espainiako bisa. Niri soldadutza eginarazteko mehatxua harekin bukatu zen, eta etor nintekeen, baina hemen ez zegoen ezer. Hona etortzen hasi nintzenean, Erresuma Batuan zer lan egiten ote nuen galdetzen zidan jendeak. Dantzari nintzela esaten nienean, oso ondo iruditzen zitzaiela hori baina nire lana zein zen jakin nahi zutela erantzuten zidaten. Pentsa ezazu zein giro zegoen hemen dantzarako! Portugalen lan egiteko aukera sortu zitzaidan orduan, eta onartu egin nuen.

Zarautzera lehendabiziko aldiz itzuli zinenean, zer sentitu zenuen?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Izugarria izan zen, zenbat sentimendu! Eli arrebarekin etorri nintzen, eta Hendaian jaso gintuzten, furgoneta batekin. Soldadu eramango ote ninduten beldurra neukan oraindik, baina ez zen ezer gertatu. Asko hunkitu nintzen. «Pirmintxu!» deitzen zidaten kalean, eta ni jada Pirmin nintzen.

Zein ezaugarri nagusi zenituen dantzari lanean?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Klasikoa nintzen, baina oso moldagarria. Karrera oso interesgarria eduki nuen, askotariko rolak egin nituelako. Londresko Covent Gardenen gau berean dantzatu izan ditut, adibidez, Hiru muturreko kapela obrako errotariarena, Picassoren dekoratu eta guzti, eta, jarraian, balet pieza erabat klasikoa. Ez nuen espezializatzeko gogorik. Boheme-ko pieza bat kantatu eta segidan Col Porterren zerbait kantatzen dizuten opera kantari horien antzekoa nintzen.

Portora aldatu zinenean, ez zenuen herrialdea bakarrik aldatu. Lesio batek dantzari bidea etena zizun, eta baleteko irakasle ogibidea hartu zenuen. Nolakoa izan zen zuretzat aldaketa?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Bueno, belaunean lesioa neukan, baina ikasleei gauzak nola egin behar diren irakasteko gai nintzen. Irakastea proposatu zidatenean, ideia gustatu egin zitzaidan. Berehala ireki nuen neure akademia. Londrestik Portora joatea denboran 150 urte atzera egitea lakoa izan zen, baina Porton geratu nintzen. Gazte jendearekin lan egiteak gaztetasuna eman dit, nik uste, eta Portugalen 1960tik 2004ra arte egon nintzen. Egin beharrekoa egin nuen. Ez zait damutu.

Diziplina gutxikoa izan zinen dantzan hasi zinenean. Diziplina falta barkatzen al zenien zeure ikasleei?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Ez! Oso zorrotza nintzen, oso gogorra. Hala gogoratzen naute ikasle guztiek, behintzat.

Portugalen Salazarren diktadura ezagutu zenuen. Baita Krabelinen Iraultza ere. Nola duzu gogoan garai hura?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Etxean nengoen, Errresuma Batutik Portora etorria zen lagun koreografo batekin. Copelia ikuskizuna prestatzen ari ginen. Nire idazkariak deitu zidan, etxetik ez irteteko esaka. Ni hondartza ondoan bizi nintzen, Porto kanpoaldean, eta hasieran ez nuen ezer sumatu. Oihuak entzuten hasi ginen, ordea, eta tanke haiek guztiak agertu ziren. Eta krabelinak! Hainbeste krabelin... Hunkigarria izan zen erabat. Jende bat beldur zen, komunistak nagusituko zirela pentsatuta, baina nahiko bidaia egina nintzela erabaki nuen nik, Porton geldituko nintzela, edozer gauza gertatzen zela ere. Iraultza hark ez zuen emaitza handirik lortu, ez ezazu pentsa. Ni hara heldu nintzenean, jendea oinutsik eta gosez bizi zen, eta Portugalen gauza asko hobetu dira. Orain ez dago hainbeste gose, beharginek ondo jaten dute eta etxeak dituzte, baina, maila bat gorago begiratzen baduzu, lehen bezalaxe dago guztia.

Zer esan nahi du gerra hitzak zuretzat?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Gerrak esan nahi du, hiru gerra ezagutu ditudalako: 36koa, II. Mundu Gerra eta Portugalgo iraultza, azken hori diferentea izan zen arren. Nire ustez, gerra munduan dagoen gauzarik txarrena da, edozein tokitan gertatzen dela ere. Nire kasuan, trauma izugarria izan zen. Hain da ironikoa orain nire herrian hain pozik egotea, ezinezkoa egiten zait gerra hitzaren esanahia azaltzea. Nola azalduko duzu, bada, zazpi urterekin zurekin zerikusirik ez daukan gerra bat hasi delako zuk alde egin behar izatea? Gosea eta bonbak azal ditzakezu, bai, baina ume batek ezin du gerra azaldu. Umetan, esate baterako, armategi bat zegoen Erresuma Batuan bizi ginen tokitik oso gertu, eta alemanek bonbardatu egin nahi zuten. Bonba eta hegazkin klase guztiak gertu genituen. Hura Bilbon ezagututakoaren errepikapena izan zen, nolabait.

Dantza garaikidea atsegin al duzu?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Oso ona denean bai. Gauza onak ikusi ditut, Maurice Bejart eta halakoak, baina ezer esan ez didaten gauza asko ere ikusi dut.

Eta zer diozu hemengo balet giroari buruz?

Pirmin Aldabaldetreku Arruti: Hobera egin du azken urteotan, baina dantzariek kanpora joan behar dute oraindik ere karrera egin nahi badute. Tristea da.

Dokumentuaren akzioak