Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Edukietan asko arriskatzen dugu, baina honelako aretoak okertzeko espazioak dira»

Dokumentuaren akzioak

«Edukietan asko arriskatzen dugu, baina honelako aretoak okertzeko espazioak dira»

Luque Tagua, La Fundicion aretoko programazio arduraduna

Egilea
Estibalitz Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/02/06

**•Zer da zehazki La Fundicion?**



Gutxi gorabehera formatu txikiko obren transmisio kate bat gara. 1995etik arte eszenikoen trebakuntza, erakustaldia eta informazio zabaltzea dugu eginkizun. Hasierako asmoa dantza garaikidearen erakusleiho bihurtzea zen, esparru horretan lan egiten baikenuen. Baina urteekin antzerki munduan ere sartu gara. Pixkanaka-pixkanaka espazioa indar handiagoa hartuz joan da, eta talde ugari biltzen ditugu.



Pertsona geldiezinak gara, eta geure helburua ez da gaurkotasun handia duten obrak ekartzea, baizik eta neurri batean hizkuntza garaikidea islatzen dutenak izan daitezela. Gure lan egiteko moduagatik Euskal Herrian erreferente bat gara. La Fundicion kenduta, ez dago beste areto alternatiborik inguruan. Urte hauetan erakundeen eta konpainien onarpena lortu dugu hemen, eta baita nazioartean ere.



**•Zelako egoeran daude areto alternatiboak?**



Aretoak baino gehiago zentro pribatuak dira, baina funtzio publiko garrantzitsua betetzen ari dira. Baina, noski, ekonomikoki ez dira batere errentagarriak. Gu ez gara adar galdu bat, enbor baten barruan gaude. Egitura bat daukagu, eta programazio bat eskaintzen dugu. Edukietan asko arriskatzen dugu, baina nik uste dut honelako aretoak okertzeko espazioak ere badirela.



Arte eszenikoen barruan kontzeptu berri bat sortzen ari da, eta horrek, nahitaez, antzerkia bestelako dimentsio batera darama. Baina behar bezala gara dadin, erakundeen laguntza eta babesa behar du.



**•Publikoa erakartzea horren zaila den garai honetan, zer moduz zabiltzate?**



Eskaintzen dugun programazioagatik, La Fundicionera datorren publikoa oso kritikoa da. Nolabait, antzerkizalea den edo behintzat kuriositatea duen jendea erakartzen dugu. Nik publikoa eta ikuslea bereizi egiten ditut. Ikuslea telebistako izarra ikustera doa, baina ez da antzerkiaren publikoa. Ekintza horretan ez dago interes kulturalik, eta letra larriz idatziriko kulturaz ari naiz. Nire ustez, antzerki bakoitzak bere publikoaren ezaugarriak zehaztu beharko lituzke. Joera guztiak zaku berean sartzea ez da batere egokia, eta publikoa nahastu egiten du. La Fundicionera datorren jendeak badaki hemengo obrak nekez ikusiko dituela beste aretoetan.



**•Formatu txikiko obrei dagokienez, zer moduzkoa da Euskal Herriko arte eszenikoen eskaintza?**



Kalitatean sartu gabe, ez dago proposamen nahikorik. Honelako aretoak beren hiriko taldeekin elikatzen dira. Madrilen eta Bartzelonan, adibidez, hain ondo egituraturik daude ezen etxean dutenarekin bakarrik nahikoa baitute. Baina Euskal Herrian eskaintza urria da, eta interesatu ahal zaizkigun taldeak dagoeneko gurekin dauzkagu. Bestetik, formatu komertzialagoa duten proposamenak egon badaude, baina ez zaizkigu interesatzen. Gainera, konpainiei berei ez zaie La Fundicion interesatzen. La Fundicionek izena emango dizu, baina dirurik ez. Horregatik, talde gehienak kanpotik ekartzen ditugu. Eta horrek kostu handia dakar.



Bestalde, ez dago antzerki edo dantza eskola ofizialik, ezta laguntza politika egoki bat ere.



**•Dirua betiko arazoa izaten da...**



Ez gara diruaz kexatzen, halako gauzetan dirua beti eskas baita. Baina batzuetan hasiberriak bagina bezala tratatzen gaituzte. Bulego batean sartuta dagoen pertsona batek ez du zertan dena kontrolatu, baina aholkulariak izan ditzala. Gure jarrera ez da aldatu; haien politika kulturala da ezagutzen ez duguna. Artisten trebakuntzarako eskolak sortu beharko lituzkete, erakundeetan sail espezializatuak zabaldu... Epe luzerako erabakiak hartzeko unea da.



**•Harremanik ba al duzue gisa bereko areto alternatiboekin?**



Harremanaz gain, 25 inguru gaude Espainiako koordinakunde batean. Koordinakundearen helburua areto hauen garrantzia eta betebeharra aztertzea da. Programa bateratuak egituratzen ditugu, eta ideiak zein proposamenak trukatzen ditugu.



JOERA BERRIAK



«Arte eszenikoen barruan kontzeptu berri bat sortzen ari da. Eta horrek, nahitaez, antzerkia bestelako dimentsio batera darama»



PUBLIKOA



«Antzerki bakoitzak bere publikoaren ezaugarriak zehaztu beharko lituzke. Joera guztiak zaku berean sartzea ez da batere egokia, eta publikoa nahasten du»

Dokumentuaren akzioak