Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Denok dantza berriak egiten hasten bagara, zer egin behar dugu tradizioarekin?»

Dokumentuaren akzioak

«Denok dantza berriak egiten hasten bagara, zer egin behar dugu tradizioarekin?»

Jesus Irizar, Oñatiko dantza maisua

Egilea
Oier Araolaza
Komunikabidea
Berria
Tokia
Oñati
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/06/03

Zer moduz joan dira aurtengo Gorputz eguneko dantzak?



Nire ustez, ondo, gustura nago. Berezia zen aurtengoa, aldaketak zeudelako tartean, baina orain urtebete genekien Mikelek ez zuela jarraituko kapitain moduan dantzatzen, eta beraz, ordezkoa ondo prestatzeko denbora izan dugu. Bere ordez nork egin zezakeen pentsatzen jardun genuen. Julen Kortabarria iruditu zitzaigun zela aproposena, harekin hitz egin eta ondo prestatzen saiatu gara. Horregatik, garaia iritsi denean lasai geunden, eta nik uste dut gauzak ondo joan direla.



Horrenbeste urtez Irizartarrek jardun ondoren, aurten Julen Kortabarriak bete ditu beraz kapitain lanak. Ongi moldatu al da?



Pixka bat urduri, baina ongi. Hiru egunetan dantza asko egiten da, eta une askotan kapitainak gidatu behar du taldea. Prozesioa bera oso luzea da, eta une askotan inprobisatu egin behar da. Hori guztirako patxada behar da eta eskarmentua, baina hartuko du. Bestetik, saiatu gara Oñatiko Korpusari buruzko historia eta ezaugarrien inguruko kontuak ikas ditzan, zein liburu eta lan irakurri behar dituen gomendatu diogu, eta edozein galderari erantzuteko prest egon behar duela ohartarazi. Baina aurten lehenengo urtea zenez, lasai egoteko esan diot, eta batzuetan galdera zailak egiten badizkiote, torero-pasea ere egiten ikasteko. Datozen urteetan izango du denbora xehetasun guztiak ikasi eta galdera guztiak erantzuteko.



Zuretzat ere aurtengoa oso berezia izango zen, zuen familiako hiru belaunaldik jardun baituzue Oñatiko dantzetan buruzagi ia 100 urtez, eta aurten txanda eman duzue.



Aitak, Alejandrok, 52 urtean egin zuen Oñatiko Korpusetan dantzan. XX. mendearen lehen urteetan aitaren anaia ibiltzen zen dantzan, eta haren ondoan hasi zen gure aita 12 urterekin. 64 urte zituela egin zuen dantza azken aldiz, ni ezkondu nintzen egunean. Azken urteetan bezperan egiten ziren bi dantzatan parte hartzen zuen bakarrik, baina beretzat hori dantza egitea zen, eta arrazoi zuen. Gero, nik 31 urtez dantzatu dut, eta azken 10 urteetan, nire seme Mikel izan da kapitaina. 90 urtetik gora, beraz, 100 urte inguru egin ditugu Oñatiko Gorputz eguneko dantzetan.



Dantzari lanak alde batera utzita, dantza maisu diharduzu, eta hori gutxi balitz, azken urteetan Gorputz jaietako prozesio eta ekitaldien antolaketa lanetan ere buru-belarri zabiltza.



Orain urte batzuk kofradian laguntzera sartu nintzen, eta bertan zeuden gehienak adinean aurrera zihoazenez, gero eta lan gehiago hartzen joan naiz. Lan talde bat osatu dugu, eta gure asmoa da Gorputz egunaren inguruko protokolo guztia fitxa batzuetan jasotzea: santu eta gauza bakoitza non dagoen gordeta, noiz eta nola atera behar diren, eta abar. Horrela, informazio horrekin gu egon gabe ere edozeinek antolatu ahal izango luke Gorputz eguneko prozesioa. Azken urteotan, santuen jantzi eta maskarak txukundu ditugu, eta aurten dantzarien jantziak berritu ditugu.



Kanpotik ikusita, Gorputz ondoko lehen igandeko saioa izaten da oihartzun handiena izaten duena baina hiru egun bete-beteak izaten dituzue. Dantzarientzat oso gogorra gertatzen dira ospakizunetako dantzak.



Oso gogorra da, eta ondo prestatuta egon behar da. Fisikoki da oso gogorra. Ostiral goizean hasten gara, taldetan banatu eta baserriz baserri puska biltzean ibiltzen gara. Arratsaldean eskoletara joaten gara. Dantzaren aldetik, egun gogorrena larunbatekoa da. Goizeko bederatzietan hasi eta kalez kale herri osoan dantzatzen da. Kale asko dira, eta Oñati gero eta handiagoa da. Igande goizean prozesioa. Dantza ez da horrenbeste egiten baina kaskainetak jo behar dira, eta oso luze egiten da, prozesioa oso poliki joaten da eta dantzariak denbora guztian kaskainetak jotzen. Eta igande arratsaldean, plazako emanaldia, dantza guztiak egiten dira bertan. Dantzariek lehertuta bukatzen dute. Aurten ere arazoak izan ditugu, dantzari bati hankazpian baba bat apurtu eta ezin zuelako jarraitu. Orain pare bat urte, dantzari gazte batek pentsatu zuen kontatu behar zituela egindako dantzak. 80tik gora banako eta arku-dantza kontatu zituen. Gogorra da.



Eta egiten duzuen lan hori estimatua dagoela sentitzen al duzue?



Bai, nik uste dut baietz. Uste dut jendea konturatzen dela zer-nolako lana den, eta batez ere, uste dut oso garrantzitsua dela seriotasunez jarduten dugula, eta jendeak hori ikusi eta estimatzen duela. Dantzarientzat ere oso garrantzitsua da Gorputz jaietan dantza egitea, eta taldetik kanpo geratzen direnek disgustua hartzen dute. Niretzat badaude une batzuk oso politak gertatzen direnak, hunkigarriak. Adibidez, bezperan, larunbatean, goizeko bederatzietan ateratzen gara. Ordu horretan kaleak ia hutsik egoten dira, eta oso polita izaten da. Baina jendea hasi da konturatzen oso polita dela, eta aurten larunbat goizean, irteeran ere gero eta ikusle gehiago pilatzen hasi dela konturatu naiz.



Dantza tradizionala nola ikusten duzu gaur egun?



Hemen taldeek gauza berriak egin nahi dituzte, dantza berriak sortu eta horiek dantzatu. Urbeltz, Jon Maia, Muruamendiaraz eta abar ari dira dantza berriak eta ikuskizunak egiten. Eta niri ondo iruditzen zait hori. Baina nire galdera honakoa da: denok gauza berriak egiten hasten bagara, zer egin behar dugu tradizioarekin? Orain sortutako ikuskizun berri batekin zer gertatuko da hamar urte barru? Edozeinek tradiziotzat hartu ahal izango du? Eta batez ere, zer egin behar dugu tradizioarekin?



Tokian tokiko dantza tradizionalek ba al dute babesik?



Orain gutxi arte udalek ere alde batera utzita gintuzten. Azken urteotan, eskualdean dantza taldeak elkartu gara, eta udalei agertu diegu gure lanaren garrantzia, eta poliki-poliki hasi dira erantzuten. Baina hortik aurrera, beste erakundeen aldetik ez da laguntzarik jasotzen. Erakundeek beren beharretarako erabiltzen dituzte dantza taldeak, protokolo eta ikuskizun batzuk egiteko. Baina dantza tradizionalak mantentzen ditugunok ez gaituzte kontuan hartzen. Hemen ez dago ez errekonozimendurik, ez laguntzarik, urterik urte etenik gabe dantza tradizionala eta kulturaren alde lanean dauden taldeentzat.

Dokumentuaren akzioak