Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Daukagun guztiak adierazten du falta zaigun guztia»

Dokumentuaren akzioak

«Daukagun guztiak adierazten du falta zaigun guztia»

Coral Lopez-Castellanos.

Egilea
Jon Maya
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/04/07

Dantzaren hilabetea joan den igandean abiatu zen. Dantza klasikoko mila ikasle inguruk arketa saioak egin zituzten Kontxako hondartzaren alboan. Coral Lopez-Castellanosi lehen aldiz egokitu zaio Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteko lehendakari gisa dantzaren hilabetea igarotzea. Donostiako Musika eta Dantza Eskolako irakaslea da eta urte mordoa daramatza dantza kontuetan murgilduta.

Zein da dantzaren hilabetearen helburua?

Helburu nagusia Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatzea da. Dantzaren hilabetean antolatzen diren ekitaldi guztiak Nazioarteko Egun horretara bideratuta daude. Garai batean, egun hori dantza eskolen erakusketa batekin ospatzen genuen, baina apurka-apurka ekitaldiak gehitzen joan gara. Kontxako barran dantza klasikoko eskola bat kalera ateratzen dugu, Aste Santuan antolatzen genituen ikastaroak egitarau honetan barneratu ditugu, gero Gala egiten hasi eta indar handia hartu duÉ Garai batean guk ere errebindikaziorako erabiltzen genuen, baina orain ospatzea da helburu nagusia.

Errebindikaziorako beharra ez al duzue antzematen orain?

Noski baietz, asko gainera. Nazioarteko Egun guztiak salaketa giroan egiten dira, baina salaketa horiek modu oso ezberdinetara egin daitezke. Esate baterako, urte askoan tematuta egon gara, eta halaxe jarraitzen dugu, araututako ikasketen gaiarekin. Hezkuntzaren erreforma gertatu zen eta Gipuzkoan Kontserbatoriorik gabe geratu ginen. Horrekin batera zaletasuna sor dezakeen programazio iraunkor baten beharraz jardun gara beti. Salaketa horiek hor daude beti, baina askotan jendea ekartzea, kalera ateratzea da errebindikaziorik onena. Atzerrian dauden euskal herritarrak ekartzea, horiek dantzan ikustea, dantzan egiten duen jende guztia mugitzeaÉ Hori guztia erakustea errebindikazio handi bat da, eta aldi berean poz handia eragiten duen zerbait.

Apirilaren 28an Dantzaren Saria emango duzue. Aurreratu dezakezu nor izango den sariduna?

Ez, azken unera arte sorpresa izatea nahi dugu. Estrategia komunikatibo hutsa da, baina nahiago dugu horrela egin. Esan diezazukedan bakarra da sariduna egun horretan Donostian antolatuko den ekitaldian egongo dela.

Elkarteak zuzendaritza berria du. Zeintzuk izango dira zuzendaritza berriaren erronkak?

Erronkak ez dira aldatzen zuzendaritzaren arabera. Elkarteko bazkideak dira beti proposamenak egin eta lan ildoak zehazten dituztenak. Zuzendaritzako karguak txandakakoak dira eta kudeaketa lanak egiten ditugu. Heziketa ikastaroak antolatzen jarraituko dugu, erakundeekin aholkularitza lana egiten jarraituko duguÉ eta beti bezala eskatzen jarraituko dugu. Dantza ikasle asko dago, jende askok egiten du dantza, baina ez dago irtenbide profesionalik. Gure eskaera nagusietako bat 14 eta 16 urte arteko gazteentzat irteera bat bilatzea da. Argi dago dantzaria nomada dela, denak joan garela atzerrira ikastera, baina adin hori 17-18 urtera arte atzeratu nahiko genuke. Erakundeek jarrera argi bat hartu behar dute gai honen inguruan.

Zer da Euskal Herrian dantzak gehien behar duena?

Niri zer falta den galdetzen didatenean zer daukagun erantzuten dut. Daukagun guzti horrek agerian uzten du behar dugun guztia. Hezkuntza sistema garatu eta arautu, irteera profesionala, programazio iraunkorrakÉ Urte gutxian Maiatza Dantzan eta Euskadiko Balleta bezalako ekimen indartsuak desagertu dira. Ez dakigu zergatik, gaizki zihoazelako, esaten dutenez. Baina okerra non zegoen ikertu eta norabidea aldatu beharrean, desagerrarazi egiten dituzte. Ez da ulergarria.

Hilabeteko egitaraua

Apirilak 8

Dantza Eskolen X. Topaketa: Estilo ezberdinetan jarduten diren 100 ikaslek dantza saioak eskainiko dituzte Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean.

Apirilaren 18tik 22ra

Ikastaroak: Dantza klasikoa eta jazza lantzeko ikastaro bereziak emango dituzte Ptasy Kuppe eta Miryam Benedited irakasleek, Donostiako Artelekun.

Apirilaren 28an

IV. Dantza Sariak: Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak, laugarren aldiz, dantzari bati bere ikur nagusia emango dio Donostiako udaletxean.

Apirilaren 29a

Dantzaren Gala: Donostiako Kursaalean egingo den ekitaldi nagusian Stuttgart Balleteko, Kubako Ballet Nazionaleko, Espainiako Compañia Nacional de Danzako hainbat dantzarik, Londresko Manory Quartet konpainiak, Maruxa Salas koreografoak eta Aukeran taldeak hartuko dute parte.

Dokumentuaren akzioak