Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Datorren urtean bertan jarri nahi dugu Gazteen Baleta martxan, Donostian»

Dokumentuaren akzioak

«Datorren urtean bertan jarri nahi dugu Gazteen Baleta martxan, Donostian»

Filgi Claverie, Maitaldiaren programazio zuzendari berria

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2004/10/04

Aitak ordulariak konpontzen zituen. Denda bat ere jarri omen zuen urtebetez, baina utzi egin zuen; ez omen zekien gauzei prezioa jartzen. Horregatik beharbada maite du Filgi Claveriek puntualtasuna, bera ordularirik gabe ibiltzen bada ere. Etxean zaletasun bat zuten beste guztien gainetik: errugbia. Aitonak taberna bat izan zuen luzaz Biarrizko errubgi zelaiaren ertz batean, eta aita errugbizale amorratua zen. «Gure etxean igandero plan berbera genuen: goizean meza, bazkaritan oilaskoa eta arratsaldean errugbira joatea», esan du Filgi Claveriek. Anaiak, Pellok, errugbian jokatu zuen eta Biarrizko talde amateurren lehendakaria da gaur. Eskolan antzerkia egiten hasi eta dantzaren munduan sartuta dabil azken 13 urteotan. Maitaldiko zuzendari izendatu berri dute.





­Noiz izan zenuen dantzarekin lehen harremana?



13 bat urterekin. Euskal dantzak lantzen zituzten bi talde ziren Biarritzen:Oldarra eta Xelistarrak. Nire auzokoa zen bigarren hori, eta pare bat urte egin nituen.





­Zer euskal giro zegoen Biarritzen garai horretan?





Ni 1959an jaioa naiz, eta gaztea nintzenean bazegoen euskal girorik. Bi dantza talde baziren, esan dudan bezala, eta familia oso euskaltzale eta ezagunak ere baziren. 14 bat urterekin parrokiako abesbatza mistoan sartu nintzen. Kantariak zuen izena eta errepertorio gehiena egiten genuen euskaraz. Disko bat ere grabatu genuen eta hor, esaterako, “Euskalduna naiz eta” kanta sartu genuen, oso elizakoa ez den kanta bat, bistan denez.



­Euskararik bazenekien adin horretan?



Fitsik ere ez. Aitak eta amak ez zekiten. Amaren aldeko aitona-amonak ziren euskaldunak, aitona nafarra eta amona zuberotarra. Ez zuten elkarrekin hitz egiten, euskara arras baztertua zegoelako. Baina larunbat guztietan baziren hiru minutu euskaraz Baionako irrati publikoan, Lartzabal apaizak hitz egiten zuen, eta hiru minutu horietan ezin genuen zaratarik atera. Lizeoan adiskide batek zabaldu zizkidan begiak, eta han euskaltzaletu nintzen. Politikatik sartu nintzen euskal kulturara ikasle nintzela. Herri Taldeak mugimendu politikoan egin nituen gero urte batzuk eta utzi egin nuen, ez naiz oso eroso sentitzen talde politikoetan. Gure taldearen izena MAK zen, Miarritzeko Abertzale Taldea. Anaia Pello talde horretan zen. Elkarrekin ibilbide luzea egin dugu.





­Noiz sartu zineten abertzaleak Biarrizko Udalean?



1991n sartu ginen. Borotrak Bernard Marie Alliot-Marierekin, gaurko Alliot-Marieren aitarekin, gehiengoa zuen. Alliot-Mariek Kasinoa bota eta hotel handi bat egin nahi zuela-eta koalizioa hautsi egin zen eta bozketak etorri ziren. Borotrak gehiengo berri bat lortu zuen sozialistekin eta abertzaleekin. Horrela sartu ziren bost zinegotzi abertzale Biarrizko Udalean. Jakes Abeberry alkateorde izendatu zuten, eta kultura saileko ardura hartu zuen. Abertzaleak eskuinarekin koalizaioan sartzeak lurrikara bat sortu zuen Ipar Euskal Herriko mundu politikoan. Abertzaleek hiri handi batean aginpidea erabiltzeko gauza zirela frogatu nahi zuten.



­Noiz sortu zenuten Maitaldia?



Urte horretan bertan. Maiatzean kulturako zuzendari izendatu ninduten, eta irailean egin genuen Maitaldiaren lehen edizioa. Ordurako ezaguna nintzen euskal munduan, Euskal Kultur Erakundeko lehendakariordea nintzen. Abeberryri zor zaio dantza jaialdi handi horren ideia. Berak oso garbi esan zuen ez zuela euskaldunkeriarik egingo. Jende askok pentsatzen zuen abertzaleok euskal kultura tradizionala baizik ez genuela landuko eta oso bestela gertatu ziren gauzak.



­Biarrizko Baleta abian al zen orduan?



Ez. Hurrengo urtean sortu genuen. Baletarentzat ez zegoen lekurik Akitania osoan. Abeberryk asko zekien dantzaz eta baletaz. Dantza klasikoa ezagutzen du eta zalea izan da beti.



­Parisek zer laguntza eman dizue bidea egin ahal izateko?



Ez dugu diru laguntza askorik izan. Ez behintzat Maitaldia eta, oro har, hedapena egiteko. Udalak eman izan digu, betiere, dirurik gehiena. Orain Biarrizko Baletarentzat Estatutik etortzen da aurrekontuaren zati handi bat, baina hasieran geure bizkar eraman genuen zamarik handiena. Baina Maitaldia eta hedapena gure gain ditugu.



­Noiz hartu zuen Maitaldiaren zuzendaritza Thierry Malandainek?



Nik 1991tik 2000 bitarte eraman nuen Maitaldiaren zuzendaritza eta programazioa, eta Thierryk 2000. urtean hartu zuen zuzendaritza hori. Bazuen bere logika. Berak Baleta zuzentzen zuen eta nik baino askoz hobeto ezagutzen zuen dantzaren arloa. Mundu horretan sortua zen, dantzari buruzko kultura izugarria du eta harreman oso onak ditu. Beraz, logikoa zen Maitaldia ere berak zuzentzea. Indarrak bateratu nahi zituen, eta jaialdiari maila on bat eman dio. Baina, Thierry sortzaile bat da, eta Maitaldiaren kudeaketak denbora asko kentzen zion. Japoniara joango da Thierry orain han sorkuntza bat prestatu behar duelako, eta gero, itzultzen denean, Errusiara joango da han bizpahiru ikuskizun ditugulako... bere lan artistikoak nahikoa buruhauste eman dio.



­Maitaldiko programazioaren zuzendaritzaz gainera Biarrizko Baletaren bigarren egoitza kudeatu behar duzu. Ba al duzu denborarik?



Seaskako lana utzita, uste dut iritsiko naizela. Bi mundutan banaturik nuen burua, eskizofrenia moduko bat bizi nuen, dantzaren mundua batetik eta ikastolena bestetik. Maitaldiko programazioaren zuzendaria naiz. Joan den astean Arcachongo jaialdian izan nintzen, asteartean Huescakora joango naiz, gero Italiako Parmara. Nire lana ikuskizunak ikusi eta harremanak egitea da. Donostian dugun bulegoa, bestalde, Baletaren bigarren egoitza da eta Estatu espainoleko eta Portugalgo hedapena eramaten dugu hortik. Bulego horretatik, azkenik, sentsibilizazio programak bideratzen ditugu Hego Euskal Herrian: mintegiak, ikastaldi eta mintzaldiak antolatzen ditugu. Adriana Ponsek du lan horren ardura; eta nik, berriz, harreman publikoak, salmenta, Baletaren itzuliak eta mugaz gaindiko egitasmoak eramaten ditut.





­Zertan da mugaz gaindiko egitasmoa?



14 dantzari eta goi mailako bi ikasle dira Biarrizko Baletean, eta Hego Euskal Herrian, Donostian, zehazki, Gazte Balet bat sortu nahi dugu. Datorren urtean bertan jarri nahi genuke egitasmoa martxan. Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari eta Donostiako Udalari eskatu dizkiegu laguntzak. Biarrizko talde profesionalarentzat harrobi eta lagungarri izango litzateke balet hori, bi taldeak batu eta ekoizpen handiagoak muntatu ahal izateko. Katalunian bada gisako talde bat; Nacho Duatok ere badu bigarren konpainia bat. Biarrizko Baletaren bigarren konpainia izango litzateke. Hartara, guztira 24 dantzari izango genituzke. Datorren irailean hasi eta urtebetean taldea osatzea da gure ametsa.

Dokumentuaren akzioak