Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzaz bizi nahi dut, eta balio dudala erakutsi behar dut»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzaz bizi nahi dut, eta balio dudala erakutsi behar dut»

Eneko Balerdi, dantzaria

Egilea
Ainhoa Fernandez
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Aia
Mota
Elkarrizketa
Data
2005/07/23

Eneko Balerdi gaztea, Aiatik Londresera joan da bizitzera. Bertan, dantza garaikidea ikasten ari da. Lasarteko Michelin enpresan lan egitetik aldea dago dantzari izatera, eta berarekin solasean aritu da dantzaz eta etorkizunaz Urola Kostako Hitza.



Nolatan joan zara Londresera dantza ikastera?



Duela bi urte dantza ikasten hasi nintzen. Urtebetez funkya ikasi nuen. Zerbait falta zitzaidala sentitu nuen, ordea, eta esan zidaten dantza garaikidea probatzeko. Garaikidea ikasten ari nintzela, Londresko eskolan sartzeko aukerak izango nituela esan zidaten. Probetara aurkeztu nintzen eta hartu egin ninduten.



Michelinetik dantzari izatera alde ederra dago...



Izugarria. Elektronika ikasi nuen, eta lanean aritu ondoren, dena utzi eta Londresera joatea erabaki nuen.



Zer moduz joan da urtea?



Hasiera gogorra izan zen. Ia ezer jakin gabe joan nintzen. Gainera, goizean goizetik hasten gara eskolan eta ordu asko ematen ditugu bertan; hasieran pasatu nituen agujetak latzak izan ziren! Lesio txikiak ere izan ditut eta lan egiteko era aldatu behar izan dut. Asko nekatu naiz, baina oso gustura nago.



Aiatik Londresera ez al da aldaketa handiegia?



Agian bai, baina hori da ondoen eraman dudana. Herri batetik hiri batera joan naiz, gurasoen etxetik bakarrik bizitzera, autoz ibiltzetik garraio publikoa erabiltzera, baina oso gustura nago. Pisu batean eskolako zortzi lagunekin egon naiz, eta ondo moldatu gara, giro ona eduki dugu.



Dantza alde batera utziko al duzu uda garaian?



Ikastaro bat egiten ari naiz, baina pixka bat alde batera utziko dut. Hala ere, kirola egin behar dut egindako lana ez galtzeko.



Hiru urteko ikastarotik, aurten bigarrena egingo dut. Gogorra izango da aurtengoa: teoria gutxiago eta praktika gehiago. Koreografiak sortzen hasiko gara aurten, eta horrek esan nahi du entsegu ordu asko pasatu beharko ditugula eskolan. Sakrifikatua da ikasturte hau, baina interesgarriena ere bada.



Zure inguruko jendeak nola hartu zuen zure erabakia?



Ez dakit. Askotan gertatu zait jendeak arraro ikustea dantza kontu hau. Gainera, dantza egitea mutila izanik arraroa da oraindik nahiz eta ari den aldatzen. Denek esaten didate ea zein irteera duen ikasketa honek; beste lan bat bezalakoa da dantzari izatea, baina hemen ez gaude ohituta dantzari profesionalak ikustera; Londresen aisialdirako kontu hauei garrantzi gehiago ematen diote. Horregatik daude ikasketa hauek Londresen unibertsitatean sartuta.



Zein da zure helburua?



Konpainia batean dantza egin nahi dut, dantzaz bizi. Egunero dantzaz bizitzeko gai izan nahi dut denborarekin. Urteak aurrera doazen heinean, irakasle ere izan nahiko nuke.



Ez dizu penarik ematen dantzan lehenago ez hasteak?



Bai, baina ezin naiz atzera begira egon. Ez du balio esatea berandu hasi naizela dantza ikasten. Balio dudala erakutsi behar dut. Beldurrez joan nintzen Londresera, baina ni bezala dagoen jende asko topatu dut, eta horrek lasaitu egin nau. Oso gustura nago.

Dokumentuaren akzioak