Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantzariak eta bizitza ditut inspirazio»

Dokumentuaren akzioak

«Dantzariak eta bizitza ditut inspirazio»

Myriam Naisy, koreografoa

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2004/09/10

­Europako konpainia ospetsuenetan lan egin duzu bai dantzari eta bai koreografo gisa ere. 1998an, berriz, zure konpainia sortu zenuen. Zergatik?





Hainbat dantza taldetatik koreografia lanak egiteko deitu izan didate eta dantzari batzuekin oso harreman sakona sortu izan dut. Konpainietan dantzarien eta koreografoen artean harreman artistiko handiak sortzen dira. Denborarekin, dantzari horietako batzuk etorri zaizkit nire lan egiteko era gustukoa zutela esateko, eta Hélice taldea osatu dut.





­Beraz, hurbileko harremana duzue zuen artean. Horrek ba al du eraginik konpainiaren funtzionamenduan?





Bai. Esate baterako, ez dut, beste konpainietan bezala, saiorik antolatzen ikusgarria sortzen dudalarik. Ez dut uste dantzariak aldatzen ahal ditudanik oso harreman estua dudalako berekin. Dantzariak ez ditut hautatzen duten dantzatzeko eraren arabera. Denborarekin, guztion artean familia antzeko zerbait osatu dugu, eta, horrek badu eragina lan egiteko orduan. Maitaldian azaldu dugun “3 petits secrets” ikusgarria adibidetzat hartzen badugu, dantzaria konpainiatik joango balitz, ziur naiz ez nukeela ikusgarria beste inorekin landuko. Gure errepertorioko zenbait obra dantzarien izaeran oinarrituz egin ditut. Dantzariak konpainiatik joango balira, desagertu egingo lirateke.





­Sorkuntza egiteko dantzariak zuretzat duen garrantzia aipatu duzu. Funtzionamendu horrek konpainiaren errepertorioari originaltasuna ematen dio. Hots, Europako koreografo gehienek sorkuntza batzuetan beren estiloa obra klasiko batera egokitzen dute. Zure kasuan, aldiz, denak dira asmatutako obrak...





Gauean, lo egiten dudalarik, edo nire alabaren jantziak lisatzen ditudalarik, bururatzen zaizkit koreografiak. Nire bizitzan eta dantzarien izaeran oinarritzen naiz koreografia bat sortzeko. “3 petits secrets” ikusgarria dantzariek didate sorrarazi. Ez da bat-batekoa guztia, nik idatzi baitut, baina, denborarekin, obra dantzariena bilakatzen dela ohartzen naiz. “Coquelico” dantza asmatu dut estilo berezia zuelako. Dantzaria beste era batekoa izan balitz, ez nukeen ikusgarri hori asmatuko. Obra, azken batean, ni eta dantzarien artean dagoen harremanak sortzen du. Hala ere, dantzariak ez dira nire inspirazio iturri bakarra, zeren, bikotekidearekin oso maitasun harreman azkarra dut, eta koreografia bat idazteko gogoa ematen dit. Kasu horretan obra ez da hain pertsonalizatua.





­“3 petits secrets” ikusgarria eskaintzeaz gain, “Kitsch” formako dantzaldia antolatu duzu Maitaldirako. Zer da dantzaldi hori eta zer-nolako garrantzia du zuretzat horrelako ekimen batean parte hartzeak?





Kitsch izendatu ditut Luis Mariano, Charles Trenet, Marilyn Monroe eta Billy Holliday kantariek abestu dituzten doinuak. Kantu horiek aukeratu ditut, eta, horien arabera, guztiek dantzatzen ahal dituzten koreografiak landu ditut. Dantzaldi horien lehen helburua elkar trukatzea eta une onak pasatzea da. Horrelako emanaldietan gehien interesatzen zaidana publikoarekin sortzen den harremana da. Ikusgarri bat eskaintzen dudalarik, gela ilun batean gara, eta nire unibertso koreografikoa eta dantzarien izaera erakustera ematen dut. Ikuslearen eta gure artean seriotasun handia dago. Dantzaldiak ikusgarriaren ondotik egin ohi ditut, eta ikuslearekin harreman ezberdina sortzen da. Gizartearenkomunikatzeko era berriek jendeen arteko harremanak asko aldatu dituzte, eta artistak ez du lehenago zuen tokia. Beraz, ikusleekin trukatzeko guneak sortu nahi izan ditut, eta dantzaldia tresna ezin hobea da horretarako.

Dokumentuaren akzioak