Dokumentuaren akzioak
«Dantzaren ezagutzan dagoen hutsunea bete nahi dugu eta hori lortzeko militanteak izan behar gara»
Filgi Claverie, Ballet Biarritzeko gerentea
Abiadura handiko bi trenek elkar joko balute bezela. Pozarren egongo da; sariak ia hamarkada batean egindako lan eskerga sari-tzen duelako eta hori Ballet Biarritzek emeki-emeki egin duen ibilbideari eusteko nahikoa hauspo delako. Baina bakarti ere sentituko da. Txaloz josiko duen jendetzaren artean ez da konpainiako dantzaririk egongo. Urrun, Atlantikoaz bestaldean, New Yorken, izango dira gorputzarekin berba egiten, dantzatzen.
Hainbeste lan egin ostean, saria jaso ezinik geldituko dira dantzariak, esker gutxikoa al da balleta?
(Barre egiten du). Dantzarientzako bai. Gauza paradoxikoa da: gure helburua da lan egitea besteek egiten ez duten bitartean. Eszenatokian izatea da gure lana.
Esaten da balletaren, dantzaren, egoera ez dela oso ona, ez Euskal Herrian ezta beste lekuetan ere ez. Konponbiderik ba al du horrek?
Dantzaren egoera zaila da bai, beharbada, irudi edo fama txarra duelako. Zaila da azaltzen; denborapasa bat balitz bezala hartu egiten da dantza eta ez artea balitz moduan. Antzerkilariek edo zinemaren mundukoek eraiki dute mundu ekonomiko bat euren artearentzat. Horiek badakite oso ondo hitza hartzen, berba erabil-tzen.
Dantzariek ez?
Gutxi edo, behintzat, gutxiago. Askoz errazagoa da eurentzat gorputzarekin berba egitea. Eszenatokian ondo konpontzen dira, baina elkarrizketak egiten, adibidez, ez dira moldatzen. Dantzaren munduan zama hori daramagu, hots, ez dakigu gure interesak defenda-tzen, lobby bat eraikitzen.
Gaur egun ere horrela gerta-tzen da?
Aldatzen ari da. Europa mailan badira herri batzuk non dantza oso aurreratua dagoen. Fran-tses estatuan, adibidez, egoera ez da hain kezkagarria; badago dantza garaikidea sostengatzeko politika bat. Alemanian askoz garatuagoa da oraindik eta Holandan ere bai. Espainian, Italian eta Portugalen bizi du dantzak egoerarik larriena. 2005ean bi ballet konpainia desagertu dira; bata Lisboan bertan eta bestea, berriz, Zaragozan.
Zerk bultzatuta desagertu dira?
Betikoa, diru kontua. Garestia da konpainia bat mantentzea.
Zein da arazoaren iturria? Administrazioaren laguntza eza edo herritarren interes eskasa?
Beharbada, apur bat denetarik. Demokrazia duela 20 urte heldu zen Espainiara eta denbora tarte horretan gizarte oso bat eraiki behar izan da. Eredu sozio-ekonomikoa garatu zen, kulturaren sustapena bigarren lerro batean gelditu zen bitartean. Dena den, azken aldian beste molde batez gara-tzen da. Hegoaldean lehen ez zen ia antzokirik eta zeudenak zaharrak ziren. Orain badugu antzoki sare garrantzitsu bat. Hori izan da lehen urratsa.
Bigarrena emateko prest gaude?
Programazioa eraiki behar da, baina horretarako artistak behar ditugu. Oinarrietatik eskasak dira dantzak dituen baliabideak. Hezkuntza mailan aukerak oso urriak dira eta, beraz, zer egiten dute dan-tzari gazteek?
Hemendik alde egin?
Bai, Madrilera edo Bartzelonara normalean. Han ikasketak egin eta, gero, euren ogibidea lortzen dute. Azkenean oso gutxi dira Euskal Herrian dantzatik bizi direnak. Ezin da, ez dantza klasikoan ez eta dantza garaikidean ere. Plan berezi bat pentsatu behar da. Orain antzokiak baditugu, beraz, hezkuntza arloan eta sormenean egin behar da ahalegina.
Ballet Biarritzen proiektua finkatuta dagoela esan gura du igandean jasoko duzuen sariak?
2000. urtean lehenengo urratsa eman genuen Gipuzkoako Foru Aldundiari esker Donostiara zabalduz, eta emeki-emeki egin dugu aurrera. Miarritze eta Donostia artean goi mailako konpainia bat eraiki nahi dugu. Lehenengo urra-tsak zailak izan direla, ordea, ezin dut ukatu; izan ere, Hegoaldean ez dago balleterako ohiturarik eta aurretik ere ondo atera ez zen esperientzia bat ere izan zen, Euskadiko Balleta, hain zuzen.
Hegoaldeko administrazio publikoen laguntza beharrezkoa da aipa-tzen duzun lehenengo urrats horiek gainditu eta aurrera egiteko?
Gugandik zer nahi duten galdegingo diegu. Guk badakigu gauza asko egiten, baina ez dena. Ez gara ez akademia bat ezta kon-tserbatorio bat ere. Gu profesionalak gara. Hegoaldean beste arlo horiek garatzea interesgarria al den? Guk baietz uste dugu eta aurten helduko diogu bigarren fase hori gara-tzeko negoziazioari. Espero dut 2007rako mugaz gaindiko konpainia bat abiarazteko gai izatea.
Euskal dantzariak sortu eta hemen gelditzeko aukera izan dezaten?
Euskal Herriko dantzariei aukera bat emateko bai, baina gure nahia ez da euskal ballet bat sortzea. Mestizajea, nahasketa, izan behar da konpainia batean. Bertako eta kanpoko artistak bildu nahi ditugu hemengo konpainia batean. Horretan datza aberastasuna.
Dantzan aritzeko militantea izan behar da?
Gure helburua ez da bakarrik antzoki handietan aritzea, edozein tokira joatea baizik. Bakarrik hirietako biztanleek al dute balleta ikusteko eskubidea? Guk ez dugu hori uste. Diru publikoa jaso-tzen dugu eta hori zergetatik irtetzen da. Antzoki handietan egon nahi dugu, baina edozein biztanlek merezi du ballet konpainia bat ikustea. Dantzaren ezagutzan dagoen hutsunea bete nahi dugu eta horretarako militanteak izan behar gara.
Dokumentuaren akzioak