Dokumentuaren akzioak
«Dantzaren bidez batasuna, bakea eta etorkizuna egiten dugu»
Alicia Alonso
84 urterekin sasoi betean jarraitzen duzu. Dantzak oraindik ilusioa pizten dizu?
Dantza nire bizia da; nik hobekien egiten dudana da, hobekien ezagutzen dudana eta besteei gehien eman diezaiekedana. Nire ezagutza, nire esperientzia guztia... eskaini dezaket. Horregatik gozatzen dut horrenbeste, gainontzekoekin elkar banatzeko zerbait dudalako.
Zer ematen dizu dantzak gaur egun?
Gauza oso garrantzitsu bat: beste gizakiekin komunikatzeko aukera. Dantzaren bidez batasun mezu bat egiten dugula sentitzen dugu, baita bakearena eta etorkizunarena ere. Eta hiru gauza horiek oso-oso garrantzitsuak dira gizakiaren une honetan eta une guztietan.
Eta zer ematen diozu zuk dantzari?
Nire bizitza guztiko esperientzia, nik ikasi dudana eta oraindik ikasten ari naizena. Pertsona bat etengabe ari da ikasten, eta aldi berean aztertu eta itzuli egiten dut hori guztia. Artista bat zuhaitz bat bezalakoa da; bere sustraiak eta bere aberria ditu baina bere fruitua guztientzako da.
Zu dantzan hasi zinenean baleta hutsaren hurrengoa zen Kuban. Zer osasun dauka gaur egun?
Dantza klasikoa jarduera artistikoen artean garrantzi handikoa da Kuban. Dantza eskola ugari ditu, Habanan munduko akademia onenetakoa dago, egitura bikaina dago, Kubako Baleta munduko garrantzitsuenetakoa da, badira beste konpainia txiki ugari ere... Hala ere, esanguratsuena dagoen ikasle kopuru handia da. Habanan bakarrik 4.050 ikasle daude, eskualdeetako eskolak zenbatu gabe. Kubako kultur mugimendua oso handia da, eta baleta herriak asko sentitzen duen jarduera da. Horren adibidea da bi urtean behin antolatzen dugun jaialdia. Munduko konpainia onenak joaten dira eta hiru antzokitan aldi berean egiten da. Guztiak bete-bete eginda izaten dira.
Kubako Baleta bera gobernu iraultzailearen laguntzaz sortu zen 1959. urtean. Kulturaren aldeko apustu horrek zer emaitza eman du herrian?
Kultura Kubako herriaren ezinbesteko zati bat da. Lehenengo irakurtzen eta idazten ikasi genuen, eta ondoren kulturako arlo ezberdinetan sakontzen joan ginen. Gobernuak beti lagundu ditu kultur ekimenak eta herritar guztientzat oinarrizkoa da orain. Artista ugari dago arlo guztietan, jendeak ekimen eta ikuskizunetan parte hartzen du...
Herri dantzak ere pisu handia izan du beti Kubako kulturan. Gaur egun, zein egoeratan dago dantza tradizionala?
Egoera oso onean da. Eskualde guztietan folklore talde ugari dago, oso onak gainera. Beren lanaren oinarria tradizioan datza, baina ikuskizunak antolatzeko beste elementu batzuk ere barneratzen dituzte gehienek. Maila handiko taldeak dira.
Kubako baleta zertan da orain? Zein dira zuen egitasmoak, zuen egitura...?
120 dantzariko konpainia da. Taldearen erdia biran dabil eta beste erdia Kuban ari da emanaldiak eskaintzen. Proiektu ugari ditugu: gure jaialdia dugu, kanpoko dantzarientzako eskola bat dugu, dantzarientzako bekak eskaintzen ditugu, gure irakasleak mundu osoan dabiltza gure lan egiteko modua azaltzen... Ezagutzak trukatzea da gure helburu nagusia. Baletak leku askotara zabaltzen diren adarrak ditu; mundu guztian gaude. Bestalde, zenbait bira hitzartuta ditugu eta sorkuntza berrietarako ideiak ere baditugu. Lan asko dugu, baina jendeak ez du pentsatu behar lan gogorra edo nekeza denik. Dantzan egiten dugun lana gozamena da, horretarako ikasi genuen, antzokiko oihala altxa eta jendeari erakusteko. Ederra da hori.
Dantzari askok diote dantza eginez erakusten duzula. Zure mugimenduekin kutsatzea da zure irakasgairik onena?
Dantza ikusteko artea da. Esku bat mugitzean, begirada bat ipintzean azaltzen da adierazi nahi duzuna. Azalpenez gain, beti komenigarria da mugimendua erakustea, dantza ikusteko artea baita. Baina, batez ere, zerbait azaldu baino lehen norberak oso ondo ulertu behar du adierazi nahi duen hori. Dantza oso arte ederra da.
Obra klasikoen garrantzia aipatzen duzu beti. Zer eskaini dezakete obra klasikoek gaur egungo kulturaren unibertsoan?
Zer ekarpen egin dezaketen? Edertasuna, gauza liluragarriak... Obra klasikoak dantzaren kulturaren erakuslerik onenak dira, eta horregatik guztiek dute horiek ikusteko eskubidea; jende helduak, gazteak eta oraintxe jaio direnek ere. Kulturaren adierazlerik onena guztiek ikusteko eskubidea dute, eta gure betebeharra da horiek ikus ditzaten. Gure eginbeharra edertasun hori erakustea da, jendea heztea...
Koreografo bezala egin dituzun lanetan ere klasikoak birmoldatzen dituzu batez ere. Klasiko horiei zer ekarpen egiten saiatzen zara?
Teknika berriak dituen errekurtsoak erabiltzen saiatzen gara lan horiek gehiago aberasteko, batik bat efektu indartsuak. Baina erakusten saiatzen garena historia bera da, gauza guztietan ederrena, bizirik dagoen artea... Ikusteko artea da, gizakiek egiten duten artea, bizirik dagoena. Ez da gauza hil bat, ez da koadro bat bezala, une bakoitzean egin behar da; horregatik, bizirik iraun behar du historia horrek, edertasun horrek, kultura horrek, heziketa horrek...
Nola ikusten duzu dantza klasikoaren egoera gaur egun?
Dantza klasikoa oinarrizkoa da. Dantza guztiak onak direnean beharrezkoak dira ikusteko, gehiago sortzeko eta aberasteko. Dantza klasikoa ikusle guztiengana iristen da mundu guztian, eta hori liluragarria da. Agian ez dute ulertzen urratsen esanahia, baina giroa, esan nahi dena, historia, edertasuna... ulertzen dituzte. Adierazteko modu asko daude, adibidez gaur egun badaude dantza klasikoarekin egindako istorio berriak. Nire azken baleta adibidez giza genomari buruz mintzatzen da. Urrats eta mugimendu teknikoak dira, baina istorio moderno bat azalduz.
Azken aldiz 1995. urtean igo zinen agertoki batera. Berriro itzultzeko tentaziorik izan duzu?
Obra batean ez dut inoiz gehiago parte hartu, baina agertokira etengabe igotzen naiz. Noski baietz, nola ez. Baina ez dut dantza egin. Hala ere, agian edozein egunetan sorpresa emango dut (barreak). Beti gogoarekin nago.
Zeintzuk dira orain etorkizuneko zure asmoak?
Kubako Balet Nazionalarekin jarraitzea, koreografiak sortzen jarraitzea eta konpainia ezberdinekin elkarlanak egitea. Adibidez, Valentzian (Herrialde Katalanak) orain Romeo eta Julieta egingo dugu bertako eskolarekin. Lan oso polita da hori, atsegin dut. Beste konpainiekin eta eskolekin lan egitea izugarri gustatzen zait.
Dokumentuaren akzioak