Dokumentuaren akzioak
«Dantzak jendea ezagutu eta bidaiatzeko aukera eman digu»
Mikel Oteiza. Mikelatseko lehendakaria
Atarrabiako (Nafarroa) Mikelats dantza taldea
ospakizunetan murgilduta dago; izan ere, taldea sortu zenetik, 15 urte
igaro dira jada. Gaur, jaien lehenengo egunean, saioa egingo dute
udaletxeko plazan. Jaiak nola ikusten dituzten jakiteko asmoz, Mikel
Oteiza taldeko lehendakariak erantzun ditu galderak.
15 urte bete berri dituzue. Nola ospatu duzue urteurren borobila?
Irailaren 4an dantza emanaldi berezi bat egin genuen;
ikus-entzunezko batzuk jarri genituen, eta dantzekin tartekatu genuen.
Oso polita gelditu zen; gauez egin genuen, eta jende ugari agertu zen.
Gainera, hasieran taldean egondako dantzari batzuk ere etorri ziren
dantzatzera. Eta duela pare bat aste Euskal Herriko Dantzari Eguna
ospatu genuen hemen, gure urteurrena zela aprobetxatuta hemen
antolatzeko aukera eskaini ziguten, eta, guztira, 35 talde aritu ziren
Atarrabian.
Zu taldearen ibilbide osoa ezagutzen duzu. Asko aldatu al da taldea urte hauetan?
Bai, asko aldatu da. Hasieran, informalagoa zen taldea, gu
gazteen batzar batetik sortutako taldea gara. Beti jende oso gaztea
aritu da taldean. Hainbat tokitan entseatzen aritu gara; ez genuen toki
finkorik beti kalean edo gaztetxean ibili gara... Alde horretatik, asko
aldatu da; orain, askoz ere serioagoa da. Gaur egun, Gazte Lekuan
astean bitan entseatzen dugu. Taldea osatzen dugunok urte askotxo
daramagu elkarrekin, eta gai gara gauza konplikatuagoak egiteko; alde
horretatik ere, asko hobetu dugu.
Nolakoa da gaur egungo taldea?
Taldea oso gaztea da. Gazte asko dago, oraintxe 15 urteko
hamahiru pertsona sartu berri dira. Halere, badago talde finko bat
hamar bat urte daramatenak. Baina oso ongi konpontzen gara elkarrekin.
Dantza gazteen gauza dela uste al duzu?
Ez, ez dut uste gazteen gauza denik. Gurean inoiz ez da egon 30
urte baino gehiago dituen dantzaririk. Orain badago urte muga horren
inguruan dagoen jendea. Halere, egia da adina aurrera joan ahala zaila
dela astean bi egunetan elkartzea, bestelako gauzak hasten baitira.
Urte hauetan dantzak zer eman dizue?
Lehenik eta behin jendea ezagutzeko aukera eman digu, eta beste
lagun talde bat sortzeko aukera ere bai. Horrtaz gain, gauza berezi
batzuk egin ditugu; esate baterako, bere garaian antzerki bat egin
genuen. Eta dantzak ere bidaiatzeko aukera eman digu; guk bidaiatu
dugu; ez Iruñeko beste taldeek bezainbeste, baina Portugalen ibili
gara, Alemanian ere bai... Datorren urterako, nonbaitera joan nahi
dugu; hainbat ideia ditugu buruan bueltaka, baina oraindik ez dugu deus
erabaki.
Dantza talde batean jantziak ezinbestekoak dira. Zuei nork egiten dizkizue jantziak?
Orain arte denetarik egon da. Hasieran guk egiten genituen,
gurasoen bitartez asko egin ditugu, eta bestela enkargatu egiten
ditugu.
Jaiak gaur hasiko dira. Ikuskizunen bat eginen duzue?
Bai, gaur dantzatuko dugu, txupinazoa bota ondoren udaletxe
plazan. Une hori aukeratu dugu; izan ere, Mikelats taldearen lehenengo
emanaldia jaiak hasten diren larunbatean izan zen. Horregatik, duela 15
urte egindako dantza berak dantzatuko ditugu. Nahiko aktuazio xumea
izango da, baina aldi berean polita izango dela uste dugu. Horrez gain,
jaien azken egunean dantzatuko dugu erraldoiekin batera.
Eta nola ikusten duzu taldearen etorkizuna?
Oraintxe bertan taldea oso indartsu dago, jende asko baikaude.
Dokumentuaren akzioak