Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza munduan, Euskal Herrian dena egiteko dagoela sentitzen dut»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza munduan, Euskal Herrian dena egiteko dagoela sentitzen dut»

Noemi Viana, koreografoa

Egilea
Anartz Bilbao
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2011/01/02
Lotura
Gara

Gimnasia erritmikoa egitetik makina bat kiroletara jauzia egin eta Heziketa Fisikoko Irakasle ikasketak zein SHEE-IVEF ikasketak burutu zituen Noemi Viana gasteiztarrak (psikopedagogiakoak ere eginak ditu), dantza munduan barneratu aurreko urteetan. Zinez, bila zebilena dantza zela konturatu zen arte. «IVEFeko azken urtean Lisboara joan nintzen Erasmus egitasmoa baliatuta. Bertako fakultatean, bazen dantzari lotutako irakasgairik, eta beti gorputzaren mugimenduarekin lotuta ibili naizenez, ikasgai batzuk hartu nituen, probatzeko», adierazi du dantzarekin izandako talka azaltzeko orduan.

«Eskolak jasotzen hasi, talde bat sortu eta Portugaleko hondartzetan ikuskizun batekin aritu ginen. Gero, Donostiara etorri nintzen, bertan bizitzea erabakita, baina dagoeneko banuen dantzaren harra barruan, eta Londresko The Plays dantza eskolara jo nuen, benetako dantza probatzeko momentua iritsi zitzaidalakoan, neure buruari opari bat egitearren. Eta ikasturte baterako behar zuena bi urte eta erdi luzatu zitzaidan, dantza eta dantza, gero eta gehiago», esan du dantzariak.

Orain, atzera begiratuta, dantza betidanik barruan izan duela uste du Viana dantzari eta koreografoak. «Halere, kostatu zitzaidan aurkitzea. Gimnasia erritmikoan eta hainbat kiroletan gorputzarekin eta mugimenduarekin jardun nuen lanean, baina ez nekien zer esan nahi zuen horrek, dantzarekin jolasean, bilatzen nuena hori zela jabetu nintzen arte. Eta polita da hori, bizitzan grina bat aurkitu eta gainontzeko guztia alboan utzita aurkitu duzun grina berria garatzeko gai izatea».

Hala ere, Lisboan dantzarekin harremanetan hasita ere ez zituen gauzak guztiz argi gasteiztarrak. «Momentu horretan dantza probatzea baino ez nuen buruan, orduan egiten ez banuen, agian inoiz egingo ez nuelako, eta probatu ezean, etorkizunean damutuko nintzelakoan. Ate bat irekitzea baino ez nuen nahi, eta azkenean dena jarraian etorri eta ondo atera da». Nahiz eta, aitortu duenez, oraindik ere zalantzaren bat edo beste izaten duen. «Batzuetan, une onak bizi dituzu eta merezi duela pentsatzen duzu, baina garai txarretan, krisi txikiak dituzunean, pentsatzen duzu agian dantza utzi eta lanbide `normal' bat hautatzea litzatekeela egokiena».

Izan ere, zaila da dantzatik bizitzea. «Ez duzu bizimodu finkoa lortzen, beti batetik bestera, dirurik gabe... egitasmo batean sartu gaur eta beste batean murgildu bihar...».

«Orain arte dantzaria izan naiz, koreografo ezberdinen eskuetan», adierazi digu Vianak dantzari eta koreografoen arteko distantziaz galdetuta. «Madrilen aurkeztu nuen pieza nire bigarrena izan da, eta orain arte nire lana norbaitekin egitasmo batean sartu eta berau garatzea izan da. Baina dantzaria ez da robot bat, eta beste norbaitentzako lan egiten duzunean ere sortu behar duzu eszena edo mugimenduren bat, sortzen ari zara».

Eta orain ekoizpen kontuak ikasten ari da. «Berria eta zaila da niretzat, baina ondo etortzen zait, norekin eta nola hitz egin, jaialdiak non eta zeintzuk diren... ikasten ari bainaiz. Niretzat ez da salto handia dantzari izatetik koreografo izatera doana, erabat naturala da. Kontua da koreografo legez erabaki potoloagoak hartu behar dituzula, eta erantzukizun handiagoa duzula, pieza zuk zeuk sortua baita».

Noemi Vianak berak sortutako bigarren koreografia lana aurkeztu zuen Madrilgo Koreografia Lehiaketan, lehen aldiz. Baita arrakasta erdietsi ere. Jaialdira 200 lanetik gora aurkeztu ziren (DVD bidez), eta horietatik hamalau hautatu zituzten, bi egunetan dantzatzeko. Beraien lana hautatu izana (Viana bera eta dantzakidea, bikotean dantza egin baitzuten) ustekabea izan zen eta finalerako sailkatzean ohartu ziren sariren bat edo beste jaso zezaketela. «Oso polita izan zen, beste koreografo batzuk eta haien lana ezagutzeko aukera ederra», dio dantzariak. «Eta sari nagusiez gainera, dantza munduan aurrera egiteko erresidentziak eta diru laguntzak ematen baitituzte».

Aurkeztu zuen dantza piezaren bidez gainera, barruan dituen kezkak-eta dantzaren bidez azaleratzen saiatzen da. «Garrantzitsua da hori, ni naizena agerraraztea. Niretzat dantza barruan duzun zerbait da eta, mugimendua, barruan daramazuna agertzeko bidea».

Vianak Madrilen aurkeztu zuen pieza «PI-20» izenekoa da, sari gehienak eskuratu zituena. Epaimahaiaren saria eta kritikarena, baita publikoarena ere. «Horrek orokorrean pieza denei gustatu zitzaiela esan nahi du eta pozik gaude. Gainera ez dakigu zein osagarri magiko eman genion, baina erakargarri suertatu zen».

Hiru sari horiez gain, Italian eta Bartzelonan erresidentzia bana lortu ditu Vianak, baita datorren udan Vienako nazioarteko jaialdi batean parte hartzeko aukera ere. «Formazioa azken batean, gauza berriak ezagutzeko eta gure lana eta dantza izaera bultzatu eta garatzeko».

Dantza bikoteaz galdetuta, Jesus Rubio madrildarra aurkeztu digu gasteiztarrak. «Londresen elkar ezagutu genuen eta Mexikon ere izan gara elkarrekin lanean. Zaila da biok elkartzea -bera Madrilen bizi da- baina elkarrengan konfiantza handia dugu, oso ezberdinak izan arren». Jesus Rubio burua da, eta Noemi Viana bihotza, azken honen begietara. «Oso nahasketa interesgarria ematen dugu. Erabakiak hartzeko denbora luzea ematen dugu, bakoitza bere ikuspuntuaren alde gogor borrokatzen baita, baina oso kontu interesgarriak sortzen dira nahasketatik», esan du.

Dantzatik bizi

Galdera zaila egin diogu Noemi Vianari, dantzatik bizi ote den itaunduta. «Dantzari bezala egitasmoka egiten da lan. Eta bakoitzak bizpahiru hilabete irauten ditu. Eta besteren batean murgildu arte ezer gabeko tarteak izaten dituzu, beste lanbide baten bidez edo zeure proiektu propioak garatzen eman behar dituzunak. Beraz, saiatzen naiz dantzatik bizitzen, baina beste lan batzuk ere egiten ditut. Hori bai, makina bat egitasmotan murgildurik nabil beti».

Euskal Herriko dantzaren egoerari dagokionez, «dena egiteko dagoela sentitzen dut», aitortu digu. «Alde batetik, ona da hori, gauza pila egin ditzakezulako, baina, bestetik, ez dago dantzaren kulturarik, jendea ez da mugitzen, ez dago azpiegiturarik... Ikusten dut Euskal Herrian sortzea oso zaila dela; batzuetan muga bat da bertan lan egitea». Baina gasteiztarrak Donostian bizitzea erabaki zuen -dantza ikuspegitik gainbeheran dagoela ere esan digu- eta bertan dihardu, lan eta lan (Arteleku omen du bigarren etxea). «Dantza munduan ez dago asko eginda, eta guk geuk egin behar dugu, guk sor dezakeguna etorkizunean izan dezaten. Egitasmo polita da hori, bidea egin eta zabaltzea». Ikusten denez, baikor ageri da Noemi Viana; «etorkizuna dantzaz betea ikusten dudalako».

Asier Zabaletarekin lan egin du Vianak eta, egun, Eneko Gilekin ari da, dantza eta txalaparta uztartzen dituen lan batean. 2011 hasiberri honetan gainera, Bartzelonako La Calderan eta Vicenza hiriko Bassano del Grappan (Italia) erresidentziak izango ditu -azken hau Jesus Rubio dantzakidearekin batera-, Madrilen irabazitako sariak biak ala biak. Eta udan, Vianako jaialdian izango da, dantzan.

 

«PI-20» pieza bikotean dantzatzeko osatua da, generoez mintzo dena

Madrilen saria erdietsi zuen piezaz galdetuta, «dantza garaikidea da, bikotean dantzatua eta ordu laurden ingurukoa», azaldu digu Vianak. Lanak «Pi 20» izena du eta «herrian jokatzen nuen jokoak ematen dio izena, batez ere hasieran, piezak baduelako jokoekin lotura bat».

«Jesus (Rubio, dantza bikotea) eta biok berdin jantzita goaz -jarraitu du koreografoak- soineko eta txanoz, eta bi zomorro gara hasieran edo munstrotxo gara hasieran, biok berdinak. Modu horretan, generoa ez dela horren garrantzitsua azaldu nahi genuen. Dantzan sarri emakumeak emakume eta gizonak gizon jokatzen dute pieza, eta guk apurtu egin nahi genuen hori, pertsonak garela aldarrikatu eta piezak aurrera egin ahala hasten dira ezberdintasunak agertzen». Bestalde, mimo moldea ere ba omen du piezak, «dantzatu bitartean keinuz beteta baitago. Gainera, ez da lan narratiboa, irudi ezberdinez osatua baino».

Dantzaren mugimenduak, plastika edo estetika jakin bat ez ezik, badu, beraz, bere mezua. «Hasieran ideia bat pentsatu eta pieza sortzea otu zitzaigun... baina lan egiteko modu hori ez zen posible guretzat -onartu du Vienak-. Eta alderantziz egin genuen».

Madrilgo Alcala de Henares herrian hamar egunez lan egin eta «PI-20» sortu zuten, «hasieran esanahirik gabe, eta gero, mugimenduetatik ateratzen ziren irudien gainean hausnartu ostean, eztabaidatu eta gaiak nola azaleratu erabaki genuen».

Behin Madrilen sari nagusia jasota, «orain programatzaile batzuk ateratzen ari dira, pieza jaialdietarako eskatzen». Gurean, «ez da ziurra, baina agian Luna Krean aurkeztuko dugu (Gasteizen). Ea posible den...».

p048_f01_234x144.jpg

Dokumentuaren akzioak