Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza klasikoa iraganean bizi da, eta gaurko gauza asko ditugu agertokian kontatzeko»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza klasikoa iraganean bizi da, eta gaurko gauza asko ditugu agertokian kontatzeko»

Jose Lainez, Dantzari garaikide, koreografo, zuzendari eta irakaslea

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2000/04/15

- Garaikidean aitzindari zara. Ezer ez dagoen lekutik nola ateratzen da zerbait?

Niretzat dantza dena da. Ikusten ditudan gauza guztiak, mugimenduak. Kalean dagoen jendea begiratzea izugarri gustatzen zait, haien mugimenduekin osatzea koreografiak. Komunikatzen dut haiek niri esandakoa. Oinarrian klasikoa naizen arren, egungo egoerak komunikatzea ezinbestekoa da. Filosofia horrek eraman nau beste zerbait egitera, garaikidea deitu nahi badiozu. Sortuz joan dira ideiak, asmoak, eta ondoan izan dut ideia horiek aurrera eramateko nire emazte Concha Martinez.

- Hain zuzen, zerbait esan beharrak eraginda baztertu zenuen klasikoa.

Dantza klasikoa iraganean bizi da, ipuinak... Baina atzokoa kontatu beharrean gaur egun gauza asko daude kalean, arazo sozial asko, eta dantzak ezin du horietatik kanpo egon. Asko dugu adierazteko. Dantzaz antzezten dut, interpretatu.

- Dantza dena da zuretzat, baina dantzari izateaz gain beste gauza asko ere bazara. Marrazkilari ona esaterako. Hain zuzen, marrazkien bidez sortzen dituzu koreografiak. Nola?

Lehenik eta behin, nirekin egon behar duten dantzariak oso ongi ezagutu behar ditut. Pentsatu dudan musika hartzen dut, eta denboran banatu. Konpas bakoitzean zenbat mugimendu sartuko ditudan pentsatzen dudanean egokitutako mugimenduak matematikoki denboran ezartzen ditut. Matematika hori, marrazkira eramaten dut. Dantzari bakoitzari bere mugimenduak marrazkietan ematen dizkiot, marrazki bizidunak balira bezala. Ordurako ariketa konplexuak, marrazki asko eginda izaten ditut.


- Zure koreografietako dantzariek sentimendu asko erakutsi behar dutela diozu. Dantzariari zer eskatzen diozu?

Dantzariari nabari zaio zerbait gogoz esan nahi duenean; hori eskatzen diot. Horretarako sentimendua behar da, eta teknika soila duten dantzariak baztertu egiten ditut.

- Dantzariak ezagutu ondoren sortzen dituzu proiektuak. Horrela sortu ziren garaikideko Anexa, Yauzkari lehen euskal taldeak?

Bai. Kate bat da dena. Anexa sortu, eta Bartzelonan dantzatu genuen. Oso kritika onak jaso genituen. Garai hartan (1972) antzerkian, musikan eta beste arte jardueretan moldeak hausten ari ziren, eta dantzak klasikotasunean hertsirik jarraitzen zuen. Horrekin hautsi eta antzerkia egiteari, komunikatu beharrari kasu eginez, zerbait berria egiten hasi ginen. Ondoren Bartzelonan geratu ginen emaztea eta biok, Bartzelonako Institut del Teatrek kontrataturik.

- Bartzelonako garaia amaitu eta etxera itzuleran sortu zen Yauzkari.

Garai hartan Bartzelonan tailerrak eta zeuden; ez zegoen konpainiak sortzeko aukerarik, eta orduan esan nion Conchari: Goazen. Horretan genbiltzala Iruñetik deitu zidan Pascual Aldabek, eta galdetu Pablo Sarasate kontserbatorioan irakatsiko nuen. Nik baldintza bakarra jarri nion. Talde bat sortzeko aukera ematea. Ez zuen eragozpenik jarri. Hortik sortu zen Yauzkari, eta ondoren, Pie junto a pie taldea. Gero nazkatu eta utzi egin nuen.

- Orain zertan diharduzu?

Beno ezertan ez. Gustatuko litzaidake dantza egitea. Badakit 59 urte ditudala eta hori dena, baina koreografiaren bat egin nahi nuke nik dantzatzeko.

- Esaten dutenez, nahiago duzu emakumeekin lan egin. Zergatik?

Gehiago ematen didate. Mutil oso onak izan ditut, baina emakumeekin egindako lanak izugarriak izan dira. Gizonezkoek duten indarra eskatzen diet, eta urteotan konturatu naiz batzuetan gizonek baino indar gehiago dutela. Beste indar mota bat. Nik dantzatzeko muntairen bat eginez gero, ni baino indartsuagoa den emakumearekin dantzatuko dut.

Dokumentuaren akzioak