Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza garaikidea da niretzat adierazbiderik naturalena»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza garaikidea da niretzat adierazbiderik naturalena»

Edurne Sanz, dantzari garaikidea

Egilea
Edurne Elizondo
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Iruñea
Mota
Elkarrizketa
Data
2000/05/03

- Noiz erabaki zenuen dantzaren munduan sartzea?

Zortzi urterekin hasi nintzen Nafarroako Dantza Eskolan, Iruñean, baina aurten erabaki dut dantzari izan nahi dudala. Hasieratik argi izan dut dantza dela benetan gustatzen zaidana, baina dantzaz gain ikasi egin nahi nuen, edozein lesioren erruz bukatu daitekeelako dantzari baten karrera. Denbora batez apur bat bazter utzi nuen dantza, UBI bukatu eta selektibitatea egiteko, eta, aurten, berriro buru-belarri murgildu naiz dantzaren munduan.

- Zergatik aukeratu duzu Madril zure ikasketak jarraitzeko?

Hainbat eskola aztertzen egon nintzen, baina Madrilera joatea erabaki nuen ikusi nahi nuelako erabaki zuzena hartu ote nuen. Hau da, benetan dantzari izan nahi dudala erakutsi nahi nion neure buruari, eta horretarako abiapuntu egokia iruditu zitzaidan Madril. Hiru urteko ikasketak eginen ditut han, eta orain lehenengo mailan nago. Orain arte ikusi eta ikasitakoarekin jada ez dut zalantzarik, argi daukat erabaki zuzena hartu dudala.

- Eta Madrilgoa bukatu ondoren, zer asmo duzu?

Oraindik ez dakit. Agian beste eskolaren batean sartzeko probak eginen ditut, edo konpainiaren batean sartzen saiatuko naiz. Orain Madrilen nago eta gero ikusiko dut zer egin.

- Dantza garaikidea ikasten ari zara. Zergatik aukeratu zenuen?

Betidanik gustatu izan zaidalako. Nafarroako Dantza Eskolan klasikoa ikasi nuen baina udan beti saiatzen nintzen dantza garaikideko ikastaroren bat egiten. Barruan duzuna adierazteko modu naturalena iruditzen zait, ez daude klasikoan bezain arau zorrotzak. Klasikoa asko gustatzen zait, baina batez ere ikusteko; dantzatzeko, sentitzen dudan guztia azaltzeko nahiago dut garaikidea.

- Dantza garaikideko ikasketak, ordea, ez dira oraindik ofizialak. Zer deritzozu horri?

Hala da, baina Espainiako Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrerako Legean aurreikusita dago dantza garaikideko ikasketen ofizialtasuna. Beraz, denbora kontua besterik ez da.

- Iruñea eta Madril ezagutu ondoren, dantzaren egoerari dagokionez alde handia dagoela uste duzu?

Bai, hemen hutsune handia dugula uste dut. Iruñea hiri txikia da eta agian horregatik ez dago Madrilen dagoen giroa. Han edozein egunetan duzu dantza ikusteko aukera, probak egiteko edo lehiaketetan parte hartzeko egokiera. Ez dakit, agian hemen ez dago dantzarako interesa eta hori da gakoa.

- Eszenak ez du hori erakusten. Aretoak bete egiten dira jaialdiko ikuskizunak ikusteko.

Egia da, eta hori kontraesan bat da. Uste dut urtetik urtera hobera egiten ari dela dantzaren egoera, Eszenara konpainia garrantzitsuak datoz eta jendeak gero eta interes gehiago duela uste dut. Baina argi dago zer edo zerk huts egiten duela.

- Dantzari askoren kexa da ikuskizun gutxi programatzen direla, Eszenatik kanpo ezer gutxi dagoela; zuk zer uste duzu?

Hala dela. Dantza giro bat sortzeko urte osoan bultzatu behar da. Gainera, nik uste dut dantza oso mundu zoragarria dela eta ezagutuz gero zaila dela uztea.

- Oraingoz, dantza konpainia profesional bakarra dago Nafarroan, Tempomobile, alegia.

Bai, eta hori oso tristea dela uste dut. Taldeko zuzendari Becky Siegelekin hitz egiten egon nintzen duela gutxi eta hark erran zidan dantzari bat kontratau nahi zuela, eta ezinezkoa gertatu zitzaiola Iruñean bat aurkitzea. Kanpora doaz denak. Egia erran, gure artean harreman gutxi dugula uste dut, eta indar gehiago egiteko elkarren berri izan beharko genuke.

Dokumentuaren akzioak