Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza Etxeak arte sormenerako erreferentziazko zentroak izango dira»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza Etxeak arte sormenerako erreferentziazko zentroak izango dira»

Laura Etxebarria, La Fundicion aretoko zuzendaria

Egilea
Xabier Martin
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/06/18

Bilboko La Fundicion aretoko zuzendariak dantzaren alorrak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan landu beharko lituzkeen ildo nagusien berri eman zuen joan den astean, Kulturaren Euskal Planak biltzen dituen beste hainbat alorretako ordezkarien antzera. 2008an eta 2009an garatu beharko litzatekeen ereduaren laburpena baino ez zen izan, ideia nagusi batzuk. Dantzaren alorreko hainbat eragileren bileretan azaldutako beharrei erantzutera datoz etorkizunean gauzatu nahi dituzten neurriak.

Eta horien artean Donostiak, Bilbok eta Gasteizek hartuko dituzten Dantza Etxeak berezko garrantzia hartu dute, proiektu berriak eta jakinak diren aldetik. Dantza Etxeak izena duten zentro horien xehetasunak azaldu ditu Laura Etxebarriak. «Arte sormenerako, trebakuntzarako eta informazio gune gisa erreferentziazko zentroak izango dira dantzaren alorrean», esan du. Dantza Etxeak dantza konpainiek sormenerako edukiko duten espazio gisa ulertzen ditu Etxebarriak, «maila handi batean». Dantza konpainiak «duela gutxi» sortu direla gogoratu du, eta Asier Zabaleta, Matxalen Bilbao, Blanca Arrieta, Kukai eta Aukeran dantza konpainiak aipatu ditu, besteak beste. «Obra baten sormen prozesu osoan Dantza Etxe batean egin ahal izango lukete; hori da ideia nagusia». Kontua da koreografoei behar bezalako baldintzak, «erraztasunak» jartzea euren lanerako.

Trukean konpainiek hiritarrekin harremana izan beharko lukete. «Zerbait eskaintzeko aukera izango lukete, atal didaktikoan edo beste atalen batean». Dantzarengatik interesa duen jendea erakartzeko lana egingo lukete espazio berrietan, «euren obrak sortzen dituzten bitartean».

Edonola ere, gune berrien inguruko osagai asko «erabaki gabe» daudela ohartarazi du Etxebarriak. Esaterako, auditoriuma izango ote duten galdetuta, «seguruenik ez», esan du. «Egitasmoak aurtengo aurrekontuetan sartu behar du, 2009an martxan jartzeko. Orduan ikusiko da zer-nolako hornidura izango duten». Litekeena da Dantza Etxeak «dagoeneko badauden eraikinetan» ezartzea. Alegia, Laura Etxebarriak ez du uste zentroak eraikiko direnik; «jadanik badauden egituretan egokituko dira». Espazioen kokagune jakina ere erabaki gabe dagoela esan du; «ez ditugu zentroen kokaguneak ezagutzen oraindik, guk ere informazio horren zain gaude». Hala ere, onartu du ideia asko eman dietela instituzioei, «kokagune hau edo hori» egokia izango litzatekeela esanez.

 

DANTZAKO GOI ESKOLAK. Bestalde, dantzarekin lotutako dokumentazioa «koordinatu eta egituratu» nahi dutela dio Etxebarriak. Informazio hori guztia gordailu bakarrean egokituko den galdetuta, «ongi» legokeela dio, baina oraindik erabaki gabe dagoela. Dantza Etxeak ere izan daitezke dokumentazioa hartuko duten zentroak. Eredua oraindik finkatu gabe dago, nolanahi ere.

Irakaskuntzaren munduan dantzak izan beharko lukeen presentziari buruz ere hausnartzen ari dira. «Dantzaren goi eskola sortzeko beharra nahiko argia da». Hutsune horri «lehenbailehen» erantzun behar zaiola uste du.

Dokumentuaren akzioak