Dokumentuaren akzioak
«Dantza da pentsamendutik muskuluetara zuzenean doan hizkuntza bakarra»
Maria Ribot 'La Ribot' - Dantzaria eta koreografoa
Mara Ribot La Ribot dantzari eta koreografoa (Madril, 1962)
Londresen (Ingalaterra) bizi izan zen 1997tik 2004ra bitarte, eta
bertan egin zuen lan. Egun, Genevan (Suitza) bizi da. Bere bizitza
profesionalean sarituriko pieza ugari sortu ditu. 2000. urtean,
esaterako, Espainiako Kultura Ministerioak Dantzako Sari Nazionala eman
zion.
Zein ezaugarri ditu Laughing Hole (Barrearen zuloa) ikuskizunak?
Ikuskizun hori Basileako (Suitza) azokarako sortu nuen 2006an, ArtUnlimited
sailaren barruan. Musikoak zuzenean barrea grabatu eta zuzenean
manipulatzen du. Bortizkeria eta izaera komikoa du 4-8 ordu bitarteko
iraupena duen ikuskizun honek. Nirekin batera, beste aktore eta
dantzari batzuek egiten dute lan.
Eta zein da ikuskizunaren funtsa?
Pilatzearekin asko jokatzen da; areto hustu batean, lurrean,
testu batzuk daude buruz behera, eta gure ikuskizunaren xedea testu
horiek agerian jartzea da. Egiteko horretan gauden bitartean, etengabe
barrez gaude -ekintza behartua da-, eta estropezu egiten dugu nahi
gabe, lurra oso irristakorra delako. Beraz, denbora guztian erori
egiten gara eta, aldi berean, lurreko testu orriak paretean itsasten
goaz. Ordu asko pasatzen dira pareteko testuek zentzua izan arte.
Barrea eta estropezua dira hortaz Laughing Hole ikuskizunaren ardatzak. Zein esanahi du bakoitzak?
Barrea asko interesatu izan zait beti, eta, hortaz, nire lan
askotan agertu da. Lan honetan, barrearen alderdi bortitza landu nahi
izan dut. Ikusleari agertzen diogun testuak auzi politiko eta
pertsonalak nahasten ditu; esaterako, amatasunaren gaia agertzen da,
eta, era berean, Guantanamoko kartzelarena eta torturarena. Bestalde,
estropezuak ere beti arreta eman izan dit; horizontaltasunak, lurrera
zaramatzan bideak, erorketa bortitzak...
Zure dantza lan batzuk live art estiloaren barruan kokatu izan dira. Nola definituko zenuke joera hori?
XX. mendean, 90eko hamarkadan ingelesek ekintza politiko bati
emandako izena da. Adierazpen artistikoen bidez gauzatzen da, eta
gorputzarekin, ekintzarekin, dantzarekin, kantuarekin, irratsaioekin
eta performance-arekin du lotura, besteak beste. Mugimendu
hori sortu zen jarduera horiek ez zituztelako erakundeek onartzen;
arauak errespetatzen ez zituztelako, arrikutsuagoak zirelako, ez
zutelako izaera komertzial edo esperimentala... Funtsean, ingelesek live art kontzeptua sortu zuten ez uzteko kanpoan inongo arte ekintzarik.
Zer nahi duzu lortu dantzaren bidez?
Dantzatzen dudanean, inguratzen nauen mundua ulertzen
ahalegintzen naiz. Era berean, gaurko gaiek lekua izaten dute nire
lanetan; hala nola prostituzioak, generoak, politikak, sexuak eta
bortxak.
Nola ikusten duzu dantza garaikidea?
Gauza interesgarriak daude, baina baita aspergarriak ere.
Gainera, maiz errepikatu egiten dugu. Funtsean, arteak beti izan dituen
arazo berak ditu dantzak ere.
Zer du dantzak beste edozein adierazpen artistikok ez duena?
Pentsamenduarekin, errealitatearekin eta emozioekin zerikusia
du dantzak. Pentsamendutik muskuluetara zuzenean doan hizkuntza bakarra
da. Dantza pentsamendu fisiko bat da.
Dokumentuaren akzioak