Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Dantza beste ikuspegi batetik ere ikus daiteke»

Dokumentuaren akzioak

«Dantza beste ikuspegi batetik ere ikus daiteke»

Edu Muruamendiaraz, dantzaria eta dantza irakaslea

Egilea
Iratxe Etxebeste
Komunikabidea
Tolosaldean Egunero
Mota
Elkarrizketa
Data
2003/01/24

Dantzari fina eta irakasle trebea. Edu Muruamendiarazek urtebete darama Alurr Dantza Taldeko gazteei dantza eskolak ematen, eta gaur gauean bere ikasleek Ibarran eskainiko duten emanaldiko koreografiak prestatzen aritu da azken asteetan. Bergararrak ikusleari «espektakulua eta gauza berriak eskaini behar» zaizkiola dio, dantza tradizionalari duen garrantzia kendu gabe, betiere.



Bada urtebete Ibarran dantza eskolak ematen hasi zinela. Iaz talde bakarra zenuen, aurtengoan bi.



Ibarran dantza talde bat zegoela, eta azkenaldian suspertzeko beharra zuela esanez etorri zitzaizkidan Alurreko kideak. Harrezkero gazteei irakasten diet bertan. Jendeari dantza beste ikuspegi batetik ikus daitekeela ohartaraztea izan da beti nire asmoa, eta alde horretatik gustura nago; Ibarran geroz eta jende gehiago baitago dantza modu horretara ulertzen duena. Aurten beste talde bat sortu izana horrekin lotuta dago ein handi batean, eta pozgarria da hori.



Bi taldeek eskainiko dute gaur emanaldia. Zer nolako dantzak prestatu dituzue?



Koreografiak dira ia denak. Horietako batzuk sortuak zeuden jada, eta beste batzuk emanaldirako prestatu ditut preseski. Bertara joaten direnek denetik ikusteko aukera izango dute: iaztik dantza ikasten dihardutenek Ezpata dantza, Plazara, Arratia, Banako, Fandangoa, Xuletino eta Arin-arina eskainiko dituzte, eta talde berrikoek, berriz, Agurra, Txakoli, Alpargata eta Donostiako martxa, besteak beste.



Taula gainean: dantzariak, koreografiak eta argiztapena. Ikusgarritasunik ez zaio faltako gauari...



Ordu eta erdi inguruko emanaldia izango da. Dantzariek ikuskizuna eskainiko dute, ziur, koreografiak berak ikusgarriak direlako, eta taula gaineko giroak are ikusgarriago bilakatzen dituelako.



Hirutan izan zara jarraian aurresku eta dantza sueltoko Euskadiko txapeldun. Beste inork ez du halakorik lortu.



Txapeldun izanda utzi nahi nituen txapelketak, eta lortu egin nuen. Behin helburua beteta, 1996an alboratu nituen txapelketa guztiak. Ez du inork artean bi txapelketak irabazterik izan, baina ez pentsa horrek sekulako ateak ireki dizkidanik!



Euskal dantza tradizionala oinarri hartuta, dantza garaikidera hurbildu zara azken urteetan. Zer dela eta pauso hori?



Pausoak tradizionalak dira, estetikan aldatu naiz: dantzak garaikideago bihurtu ditut, gure garaira egokitu. Argiztapenak, zuzeneko musikak, dantzarien taldea txikia izateak... Horrek guztiak ikusgarritasuna sortzen du, espektakulu bilakatzen da dantza bera. Beharrezkoa zen horrelako pauso bat ematea, gauzak berritu ezean jendea nazkatu egiten delako, eta dantzarekin ere gauza bera gertatzen da. Kontua ez da dantzak aldatzea, ikuspuntua aldatzea baizik. Dantza tradizionalak aberatsak dira, politak eta garrantzitsuak, baina haratago ere joan daiteke, eta nik horixe egin dut: beste bide bat hartu.



Eta Aukeran Dantza Konpainia sortu zenuen hala.



Txapelketak utzita, argi nuen dantzan jarraitu nahi nuela; ideia ugari nituen buruan, eta koreografiak prestatzeari ekin nion. Beste mundu batzutan sartu nintzen: dantza klasikoan, garaikidean... Dena ikusi beharra dago, ikusten duzun horretatik asko ikasi daiteke eta: beste teknikak, mugimenduak; gero, zure mundura moldatzeko. «Beste herri, kultura batzutan dantzatik bizi badaitezke, zergatik gu ez?» pentsatu nuen, eta lanean hasi ginen hala. Jendeak harrera ona egiten zien ikuskizunei, arrakasta zutela ikusi, eta hala sortu zen Aukeran.



Sutargi ikuskizunarekin berrogeita hamar emanalditik gora eman dituzue.



Bai, eta oso gustura gaude. Baina orain beste ikuskizun bat prestatzen hasiko gara gidoi batetik abiatuta. Musika, koreografiak... Berria izango da guztia, eta uztailerako ateratzeko asmoa dugu.











· Eguna. Gaur, ostirala.



· Ordua. 22:00etan.



· Tokia. Belabieta Kiroldegia, Ibarra.



· Salneurria. Doan.











ALURR DANTZA TALDEAREN EMANALDIA



Dantzariak, koreografiak eta argiak taula gainean



Ibarrako Uzturpe Ikastolak antolatutako Kultur Astearen baitan, Alurr Dantza Taldeak eskainiko du emanaldia gaur Belabieta kiroldegian 22:00etatik aurrera. Edu Muruamendiarazen ikasleak ariko dira dantzan: guztira, hogeita hamar dantzari inguru bi taldetan banatuta. Horietako batzuk aurten hasi dira dantza eskolak hartzen; besteek iaztik jarduten dute, ostera. Bigarren aldiz igoko dira Muruamendiarazen ikasleak gaur taula gainera, iazko San Bartolome jaietan ere emanaldia eskaini baitzuten herrian. Abuztuaren 25ean saioa ikusteko paradarik izan ez zutenentzat, beraz, aukera aproposa izango da gaurkoa. Baita gainontzekoentzat ere, koreografia berriak prestatu dituztelako gauerako. Berrikuntza modura, herriaren bigarren mendeurrenerako egindako abestiaren koreografia eskainiko dute dantzariek.

Dokumentuaren akzioak