Dokumentuaren akzioak
«Dagoeneko etorkizunean pentsatzen ari naiz»
Urtzi Aranburu
Oso gazte iritsi zinen Nederlands Dans Theater konpainia ezagunera. Nola sortu zitzaizun aukera hori?
Madrilen ikasten ari nintzela Luis Fuentes irakasleak Nacho Duatorekin emanaldi bat egiteko aholkatu zidan. Duato oso pozik geratu zen nire lanarekin, baina bere konpainian sartzeko oso gaztea nintzela uste zuenez, Nederlands konpainian saiatzeko aholkatu zidan. Hain justu, Nederlands Madrilen biran zebilen orduan eta, hori aprobetxatuz, eskola batzuk hartu nituen beraiekin. Berehala esan zidaten Herbeheretara joan behar nuela Jiri Killyan koreografoak ni ikusteko. Azkenean, hark eskaini zidan kontratua. Bi urte egin nituen konpainia gaztean, eta gero talde nagusira igaro nintzen.
Zer suposatzen du dantzari batentzat horren konpainia garrantzitsuan dantzatzeak?
Ni orain hasi naiz konturatzen horren garrantziaz. Kontratua eman zidatenean besterik gabe joan nintzen, gehiegi pentsatu gabe. Orduan dantza ikuskizun batzuk ikusiak nituen, baina taldea eta Jiri Killyan ez nituen ezagutzen. Orain konturatzen naiz izan dudan zorteaz.
Jiri Killyan izen handiko koreografoa da, eta zuk oso gertutik ezagutzen duzu. Nolakoa da berarekin lan egitea?
Oso-oso gustukoa dut berarekin jardutea. Nahiz eta oso ospetsua izan, umila eta langilea da estudio barrura sartzen denean; oso harreman ona du dantzariekin. Beste koreografo batzuekin ere lan egin dut eta harremana ez da beti hain ona. Killyanek beti asko errespetatzen du dantzaria, ez du inoiz garrasi egiten.
14 urte daramatzazu Holandan bizitzen. Zer giro dago han dantzaren inguruan?
Beti bezala, kanpoan dantza hemen baino egoera hobean da. Jendeak dantza ikuskizunak ikustera joateko ohitura du, dantzari izatea ez da gauza arraro bat... Egunerokotasunean nabari da dantza barneratuagoa dagoela, ohiko jarduera bat dela.
Beraz, Nederlandseko dantzaria izatea gauza handia izango da bertan.
Bai, errespetu handia adierazten didate beti lan non egiten dudan esaten dudanean. Gainera, jende askok jakiten du hori, ezagutzen gaituzte. Ezin da futbolari batekin alderatu, baina jendeak beste edozein kirolari bezala onartzen gaitu.
Nola azalduko zenieke dantzan ikusi ez zaituztenei Nederlands konpainian zer egiten duzuen ?
Dantza modernoa da, baina modernotasun horren barnean klasikoa. Askotan modernoa esaten dugunean bururatzen zaiguna niri ere ez zait batere gustatzen. Hau da, norbait agertokian aulki batekin azaltzea, ogitarteko batekin eta musika arraro batekin eta mugimendu batzuk egiten... Niri ere amorrua ematen dit gauza horiek ikusteak. Teknika klasikoa dugu, baina ez ditugu puntako zapatilak eta tutuak erabiltzen. Estilo modernoagoa lantzen dugu.
Zeintzuk dira epe laburrera konpainiarekin dituzuen egitasmoak?
Holandan bertan urtean lauzpabost programa egiten ditugu. Horrek esan nahi du aldi berean hiruzpalau koreograforekin egiten dugula lan. Horrez gain, atzerrian egiten ditugun birak prestatzen ditugu. Ni mundu osoan dantzatu naiz, kontinente guztietan. Orain, denboraldia amaitu baino lehen, Londresera eta Montpellierrera joan behar dugu. Gero, oporrak, eta berriro hastera.
32 urterekin etorkizunari buruz pentsatzen ere hasiko zinen.
Bai, horretan nabil, eta azken boladan gainera buruari buelta dezente ematen ari naiz. Fisikoki ongi sentitzen naiz, baina apur bat nekatuta ere bai. Urte asko dira lanean, bidaiatzen, maila oso altuan jarduten... Beste urte pare bat egingo ditut dantzan, baina pixkanaka etorkizuna prestatzen hasi nahi dut. Hasieran hurrengo urtean soilik pentsatzen nuen, orain, 14 urteren ondoren, hasi naiz urrunago begiratzen.
Irakasle moduan, koreografo moduan... Nondik bideratu nahi duzu etorkizuna?
Dantzari bakoitzaren barruan koreografo txikiak daudela uste dut nik, baina ez dut nire barneko zati hori atera eta sortzeari ekin nahi. Nahiago nuke errepikatzailea izan; hau da, koreografoen ondoan lan egin eta beste dantzariei hauek sortutako koreografiak erakutsi. Hurrengo ikasturtean, esate baterako, Hagako kontserbatorioan eskolak ematen hasiko naiz. Hain justu, egunotan asko pentsatzen ari naiz nire etorkizunaren inguruan.
Donostiako Thalia akademian zinen garaian sarritan dantzatzen zenuen Lucia Lakarrarekin batera. Ondoren, izan duzue elkartzeko aukerarik?
Orain urte batzuk Victoria Eugenia antzokian ikuskizun bereko parte-hartzaile izan ginen, baina gehiago ez. Orain, badirudi Gabonak inguruan gala bat egiteko aukera dagoela, eta hor elkar gaitezkeela. Hala ere, oraindik oso goiz da horretaz hitz egiteko.
Herbeheretatik Euskal Herrira begiratzen duzunean, zer ikusten duzu dantza alorrean?
Egia esan, ez dut gehiegi jarraitzen, baina iristen zaidan apurra ez da oso ona. Akademietan dagoen maila oso ona dela uste dut, eta horren adierazgarri da hemendik ateratzen diren dantzari guztiak. Ikuskizunak, taldeak eta abar nola diren ez dut gehiegi ezagutzen.
Iaz Bilbon dantzatu zinen, Dantzaldia jaialdiaren barruan. Zure sorterrian, Donostian, dantzatzeko aukera noiz izango duzu?
Elkarrizketa guztietan gauza bera esaten dut eta honako hau ere horretarako baliatu nahiko nuke. Erretiroa hartu baino lehen nire taldearekin Donostian dantzatu nahiko nuke. Mundu guztian izan naiz eta nire hirian oraindik ez naiz inoiz dantzatu. Irrikaz nago,ea aukera hori laster sorten den.
Dokumentuaren akzioak