Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Bosgarren txapela izan arren, lehenengoa balitz bezala etorri zait»

Dokumentuaren akzioak

«Bosgarren txapela izan arren, lehenengoa balitz bezala etorri zait»

Jon MAIA Dantzaria

Komunikabidea
Gara
Mota
Elkarrizketa
Data
2002/05/28

- ­1997tik 2000. urtera Euskal Herriko Aurreskulari txapelduna izan zinen urtero. Iaz bigarren sailkatu zinen eta joan den igandean txapela berreskuratu zenuen. Zer sentsazio eman dizu bosgarren txapela lortzeak?



Egia esan, oso kontentu nago. Irabazi ditudan bost txapelen artean, agian poz handiena eman didana da. Lehengo urtean ezin izan nuen irabazi eta aurtengorako ilusio dezente jarrita neukan. Nik uste nahiko ondo egin dudala lan. Igandean ere saio polita egin nuen eta oso kontentu nago, lehenengoa balitz bezala etorri zait.



- ­Nola ikusi zenuen zeure burua igandean. Egun ona izan al zenuen?



Neure burua ondo ikusi nuen. Hasieran pixka bat zaildu zitzaidan, lehenengoa dantzatzea egokitu baitzitzaidan eta hori ez dut oso gustuko izaten. Kosta egiten zait berotzea, txapelketako martxa hartzea, eta lehenengoa tokatzea ez da oso ona izaten. Baina uste dut nahiko ondo mentalizatuta nintzela eta txapelketa barruan ondo ibili nintzen, nahiko lasai. Gozatu ere egin nuen momentu batzuetan, eta hori ez da oso erraza izaten txapelketa batean.



­- Ez al zinen txapela berreskuratzeagatik urduri?



Txapelketa batek eskatzen duen urduritasuna nuen, baina nik uste dut ona dela tentsio puntu hori izatea, bai txapelketa batean, bai dantzatzeko garaian. Kontrolatua nuen; ez naiz beste urteetan baino urduriago egon.



­Datorren urtean berriro Aiert Beobide eta biok izango al zarete hor goian?



Bera ez dakit, baina ni printzipioz, behintzat, bai. Beti esan izan dut gogoz eta ilusioarekin nagoen bitartean eta neure burua orain arteko mailari eusteko gai ikusten dudan bitartean jarraituko dudala, eta momentu honetan gogoz nago jarraitzeko eta nik uste dut eutsi diezaiokedala maila honi. Beraz, han izango naiz.



­Horrelako norgehiagokak onak al dira lehiaketarako?



Azken finean, txapelketa bat hori da, inork ez du aurretik jakiten zer egingo duen. Jokora goazen unetik jakin behar da ondo atera daitekeela edo ez, eta nik uste dantzari denok ongi ezagutzen dugula elkar eta badakigula aurrean ibiltzeko bakoitzak geure buruari ahal dugun gehiena eskatu behar diogula. Lan nahikoa pertsonala da, bakoitzak bere buruari eskatzen diona eta bere mugak pixkanaka-pixkanaka gainditzen joatea. Azken finean, exijentzia horrek hobetzen joatea ekartzen du.



­- Zer-nolako maila ikusi duzu Txapelketan?



Nik uste dut maila oso ona dela. Kasualitatez, igandean lagun artean komentatzen aritu ginen orain dela sei-zazpi urteko txapelketa ikusi eta gaur egungoa ikusi, exijentzia maila askoz ere altuagoa dela orain, batez ere jendea gero eta gehiago prestatzen delako eta horrek maila igotzea ekartzen duelako. Nabarmendu nahiko nuke, gainera, hirugarren eta seigarren postuen artean 16-17 urteko lau gazte sailkatu direla eta duten adinarekin maila hori ematea oso inportantea da. Horrek erakusten du etorkizunari begira ere maila oso oneko dantzariak datozela.

Dokumentuaren akzioak