Dokumentuaren akzioak
«Bizkaiko 'breaker' onenak gara eta Euskadiko talde onena egin dugu»
Asier Miguelez Style Fusion taldeko break dantzaria
Zelako esperientzia izan zen larunbatean Bilboko Euskalduna jauregian egindako erakustaldia?
Soinua joan zen koreografia egiten ari ginela. Eszenatokitik irten egin behar izan genuen. Han utzi genituen buruko kaskoa eta beste gauza batzuk. Eta itzuli ginenerako kendu egin zizkiguten. Ez genituen aurkitu eta haiek barik egin behar izan genuen gure erakustaldia. Argi fokuek ere ez ziguten lagundu. Ez genuen gustura egin. Baina, beno, itzela da guretzat esperientzia. Lehiaketa gutxi dago hemen, eta garrantzitsua da lehiaketa hori. Gainera, handia da Espainiako eta atzerriko taldeen arteko diferentzia, eta pozgarria da gu Europako onentsuenen alboan izatea. Nabarmentzekoa da publikoaren erantzuna ere. Hunkigarria. Txalo zaparradak...
Orain dela sei bat hilabete sortu zenuten Style Fusion. Zelan eta zein helbururekin?
Luzea da historia. Bizkaitarrak gara, baina ez herri batekoak. Barakaldokoak, Portugaletekoak... Bakoitza talde batean zegoen lehen. Baina taldekide batzuek ez zuten Bizkaitik kanpoko lehiaketetara joan nahi. Hala, lehiaketa gehiagotan parte hartu nahi genuenok, talde batekoak eta bestekoak, batu egin ginen. Gustura ibili eta taldea sortzea erabaki dugu. Sei gara: Alex Barrenetxea, Iñaki Erkoreka, Ethan Lopez, Gorka Uceda, Iñaki Lopez eta ni.
Zelako maila lortu duzue?
Bizkaiko breaker onenak gara, eta Euskadiko talderik onena osatu dugu. Talde moduan ez dago gurea bestekorik Euskadin. Bakarka, ostera, badaude break dantzari on gehiago. Gasteizen, adibidez, badago bat oso ona.
Taldean eta bakarka. Desberdina da?
Bai. Bakarka trikimailuak eta potentzia nabarmentzen da gehiago. Taldean sinkronizazioa da zailena. Elkarrekin egitea pausoak eta mugimenduak. Ispiluaren aurrean eginez ikasten dugu, edo bideoan grabatu eta gero ikusiz. Ainhoak zuzentzen digu.
Ainhoa Zamora da taldeko koordinatzailea. Dantzari klasiko eta garaikidea da bera. Zelan uztartu dituzue modalitate bateko eta besteko pausoak?
Galdakaoko txapelketa batean ezagutu genuen elkar. Guk bere ikasleei break pauso batzuk irakustearen truke, berak guri koreografia egitea adostu genuen. Hala, dantza klasiko eta garaikideko pausoak erakutsi dizkigu Ainhoak, eta guk break pausoak sartu ditugu.
Bide berri bat da zuen koreografiaren izenburua. Bederatzi minutuko erakustaldia. Eta entseguetan, zenbat ordu?
Asko. Aste Santuko bost jaiegunetan, adibidez, hasi goizeko hamarretan eta iluntzeko zortziak arte ibili gara.
Non egiten dituzue entseguak?
Bilbon, Errekaldeko Kukutza gaztetxean egiten ditugu break danceko akrobaziak, eta dantza klasiko eta garaikideko pausoak Ainhoaren Bilboko aretoan. Taldekako entseguetatik aparte, norberak bere kontura egin behar izaten ditu ariketak.
Kalean sortutako dantza da break dance. Zelan hasi zineten zuek?
Interneten bitartez ezagutu dugu. Ordenagailuan atzerritarren erakustaldiak ikusiz. Hain ikusgarriak direnez, lotu egiten zaitu. Erakargarria da. Ikusi eta hasi. Ni orain dela urte bi. Bakarka hasieran, eta gero beste batzuekin. Hemen ez da kalean asko ikusten. Madrilen, adibidez, metroko geltoki baten elkartzen dira. Egunero. Bartzelonan ere badago non elkartu. Hemen, ostera, ez daukagu elkartzeko leku jakin edo ezagunik. Hori ez da onuragarria.
Zergatik da garrantzitsua break dantzariak elkartzeko leku jakinak izatea?
Askoz gehiago landuko genukeelako gure ahalmena. Trebetasun handiagoa lortuko genuke. Ahalegindu gara guztiok leku baten elkartzen. Baina ez dugu gustuko leku perfekturik aurkitu. Ahaleginduko gara.
Zaila da break dance egitea?
Bai. Taldeko lagun guztiok ibili gara kirol talderen baten: aretoko futbolean, eskubaloian... Onak izan gara. Nabarmendu ere egin gara. Break dancen, ostera, ez gara hain nabarmenak.
Zergatik da zaila?
Fisikoki bikain egon behar duzu. Oso ondo. Baina indartsu ere bai. Eta ezinbestekoa da bien arteko oreka. Izan ere, indartsuegi bazaude, elastikotasuna gal zenezake; eta alderantziz. Ahalegin handia egin behar da. Entrenamenduen bitartez, batez ere.
Dieta berezirik egiten duzue?
Ez. Berezirik ez. Baina, jakina, zaindu egin behar da jatekoa ere.
Hainbeste jirabuelta eginda, lesiorik izan duzue inoiz?
Bai, izaten ditugu. Oraintsu apurtu dut hortz bat. Ukondoak eta belaunburuak ere erraz mindu daitezke babesik erabiltzen ez bada. Breaker askok, gainera, ilea galtzen dute buruko leku batzuetan, buruarekin eta babesik barik egiten dituztelako buelta batzuk.
Euskalduna jauregitik nora? Zein izango da zuen hurrengo ekitaldia?
Lehiaketa txiki batzuetara joango gara. Baina hurrengo garrantzitsuena Espainiako Txapelketa izango da. Uztailean. Madrilen.
Euskaldunako koreografia bera egingo duzue?
Antzekoa, baina ez da berdina izango. Gustura gaude obrarekin. Baina gauza batzuk aldatuko dizkiogu: musika, amaiera, eta, beharbada, hasiera ere bai...
Bizi daiteke break dance egitetik?
Ez, hemen, ez. Atzerrian badaude batzuk. Frantzian, adibidez: Pokemon, Wanted... Eta Korean, Expression...
Zergatik egiten duzue?
Gustatzen zaigulako. Eta erakustaldian onena izateko norgehiagoka ere gogoko dugulako.
Break on stage
Kultur mugimendu garaikideak
Hip-hoparen barruko espresiobideak eta kaleko beste kultur adierazpideen erakusleiho izan da Bilbo
Gazteek kalean sortutako kultur mugimendua da hip-hopa. Ameriketako Estatu Batuetan du jatorria, 60ko hamarkadan, auzo baztertuetan. New Yorkeko Bronxen, adibidez. Lau dira hip-hoparen zutabeak: rap kantaria, disko jartzailea (DJ), break dance dantza eta grafitia. Musika, dantza eta arte plastikoak. Kalean sortutako kultur adierazpidea da. Baina sektario izatetik gizarte garaikidearen kultur ondare izatera igaro da. Kaletik antzokietara eraman dute zenbait lekutan. Bilboko Euskaduna jauregira, adibidez. Break on Stage (break-a agertokian) jaialdia egin zuten larunbatean, Arriola kultur aretoak antolatuta. Hip-hopetik aparte, gainera, kaleko beste kultur espresiobide batzuen erakusleiho izan zen.
Txiki geratu zen Euskalduna. Arazo tekniko batzuk kenduta, ikusgarria izan zen. Ikusleek gogotik jo zituzten txaloak. Europako talderik onentsuenak izan ziren break dance lehiaketan. Parisko Phase T taldeak irabazi zuen. Pauso berritzaileak eskaini zituela nabarmendu dute antolatzaileek. Alemaniako Style Crax geratu zen bigarren, Londresko Flowzaic hirugarren, eta Granadako Arcopom laugarren.
Alberto Pardo Extremo (Zaragoza, Espainia, 1981) izan zen epaimahaian. Break dance dantzaririk onenetakoa da, gaur egun. Profesionala. Munduko hainbat lekutan egin du dantzan. Rafael Amargo dantzari flamenkoaren konpainiarekin ere badabil. Antzoki asko ezagutzen ditu. Asko gustatzen zaio Euskalduna jauregia. Larunbatean arazo tekniko batzuk izanari «penagarria» deritzo. «Baina halabeharrez sortu ziren. Izan ere, ondo antolatuta zegoen guztia», gehitu du.
Oztopoak salbu, Extremoren iritziz, «ona» izan zen erakustaldien maila. Txalogarria iruditzen zaio antolatzaileek urtero egiten duten ahalegina. Izan ere, Euskal Herrian, oraindik ere, ez dela oso kultura ezaguna nabarmendu du. «Madrilen eta Bartzelonan sona handiagoa du; baina, beno, Bilbon ere badaude taldeak, gero eta gehiago». Astiro bada ere, gero eta entzute handigoa du alde guztietan. «Gero eta leku gehiagotan ikusten da: musika bideoetan, iragarkietan, telebistan...».
BOST OINARRI
Arropa edo janzteko estiloarekin ere lotu izan dute hip-hopa. «Baina ez dago zertan praka handiekin eta Ameriketako Estatu Batuek asmatutako jantziekin jantzi», nabarmendu du Asier Miguelez break dantzari bizkaitarrak. «Bakoitza bere erara jazteko libre da». Dena dela, hip-hoparen lau zutabeei bosgarren bat gehitu izan diotela azaldu du Extremok: Beatboxing delakoa.
Ahotsarekin erritmo doinuak egitea da Beatboxing-a. Rap edo hip-hop musikaren perkutsio doinuak egitea. Euskalduna jauregian egin zuen erakustaldia Bartzelonako Markooz artistak. «Itzela», azpimarratu du Extremok. «Hori egiteko ere, gogor ekin behar da, break dancearen antzera».
Kaleko kulturaren barruan, beste hainbat adierazpide erakutsi zituzten Euskaldunan; hala nola bizikleta eta skate saioak. Txalo asko entzun zituen Madrilgo Vicky Gomezek bizikletarekin egindako akrobaziengatik. Eta Bizkaian irristatzaile trebeak daudela erakutsi zuten Alain Goikoetxea eta David Ramos getxoztarrek eta Jose Felix Hormaetxea eta Yuri Bothello bilbotarrek. «Ikusgarria eszenatokia bera ere», azpimarratu du Extremok. Aurten ere, VJ Logela arduratu da eszenaratzeaz eta eszenografiaz. Euskaldunako agertokia itxuraldatu eta txatartegi bihurtu zuten, irristatzeko Half Pipe eta guzti.
Askotarikoa da kaleko kultur mugimendua. «Hip-hop kulturari lotuta egon edo ez, ondo konpontzen gara gure artean», nabarmendu du Miguelezek.
Dokumentuaren akzioak