Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Bizikide dira dantza eta antzerkiaren lengoaiak»

Dokumentuaren akzioak

«Bizikide dira dantza eta antzerkiaren lengoaiak»

German Jauregi.Dantzaria eta koreografoa

Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2010/02/13

Dantza eta antzerkia eskutik helduta doaz, ezinbestean, German Jauregirentzat (Bilbo, 1972). Basauriko antzerki eskolan ikasitakoari gehitu dio Belgikako Ultima Vez/Wim Vandekeybus konpainian egindako hamar urteko eskarmentua. Mundu osoan aritzera eraman duen taldea atzean utzita, bakarkako ibilbideari ekin dio antzezle, dantzari eta koreografoak. Eta Sunset on Mars lanarekin itzuli da Bilbora, etxera. Gaur eta etzi eskainiko du ikuskizuna, lehen aldiz Euskal Herrian, Fundicion aretoan, Dantzaldia jaialdiaren barruan.

«Tarteka antzerkiaren bidetik doan proposamena da, eta unean-unean mugimenduan zentratzen da gehiago», dio Sunset on Mars bere lanari buruz. Esparru batetik bestera doa lana, Jauregiren hitzetan. «Uste dut egun ez dela oso zuzena esatea antzerkia edo dantza dela, bi lengoaiak aspalditik direlako bizikide». Kontatzen duen istorioko bi aktoreek «komunikatzeko baliatzen dituzten elementuek antzerkitik dute gehiago batzuetan, eta mugimendutik, gorputzetik, besteetan». Bide horrek eskaintzen dituen aukerak arakatzeko hautatu zuen bikotearen figura lanerako.

Krisi sakon batean murgilduta dago Jauregik eta Elena Forkina dantzariak Sunset on Mars-en osatzen duten bikotea. Balio etiko eta moralen galera gero eta handiagoa den gizartean, muturreko egoera batean, «eutsiezina den puntu batean» kokatu du bikotea. «Saiatu naiz imajinatzen zer gertatuko zaigun hemendik bost, hamar, ehun urtera, egun daramagun erritmoan. Ideia zen bi pertsonaiak testuinguru imajinario horretan kokatzea, non jada ez dagoen irtenbiderik».

Baina azken aukera bat izango dute bi pertsonaiek. Hortik dator lanaren izenburua. Izan ere, Lurran baino bi ordu gehiago-edo irauten du Marten ilunabarrak. Denboraren dilatazio bat irudikatu nahi izan du, denbora zintzilik geratze bat. «Eta zintzilik egote horretan sortzen da bigarren aukera hori, galdua duten harmonia, oreka berriro topatzeko eta barruan duguna baina kanpotik mutilatu diguten hori berriro bizitzeko». Larritasun puntu bat ere badu testuinguruak, Jauregiren hitzetan, «agian salbatzeko azken aukera izan daitekeelako».

Gizarteari kritika egiteko saioa ikus liteke istorioan, baina ez da hori izan Jauregiren asmoa. «Kritika ez, gogoeta egiteko aukera eman nahi nuen ikuskizunarekin, eta emozioak helarazi, modu intelektualean kritika bat egitea baino gehiago». Norberaren esku gauza asko daudela transmititu nahi du. «Gertatzen ari denaren ardura badugu, eta autokritika egitera eraman behar gintuzke». Gogoeta hori sentimenduen bidetik helarazi nahi dio ikusleari.

Bakarkako bidea

Hamar urte egin ditu Belgikako konpainiarekin hara eta hona. Besteak beste, Forkinarekin aritu da lanean. «Lan asko egin dugu elkarrekin, asko ezagutzen dugu elkar, beraz, lanaren zati handi bat egina zegoen entseguetan hasi ginenerako». Konpainian eginiko urteak «oso onak» iruditzen zaizkio, hainbat herrialdetako profesionalekin aritzeko aukera izan baitu. «Ikasketa handiko hamar urte izan dira, oso zorioneko sentitzen naiz». Baina konpainian jarduteak zekarren bizimodu «apur bat neketsuak» eta norbere lanak sortzeko gogoak bultzatuta, bakarkako bideari ekitea erabaki zuen. Bere alde on eta txarrekin, ez dela batere damutzen dio, eta pozik dagoela urrats hori egin izanarekin. Hala, «ilusio handiz» dago bere lana Bilbon eskaintzeko.

Euskal Herriko programazioa «nahiko pobrea» dela eta Dantzaldia eta halako jaialdi gehiago behar direla uste du Jauregik. «Ikusle eta profesionalentzat oso garrantzitsua da ikustea zer duen jendeak buruan, proposamenak, abangoardia motak... Hori dena ez da hona iristen, eta pena da».

Dokumentuaren akzioak