Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Bideo dantzak agertokian galtzen diren xehetasunak eskaintzeko aukera ematen du»

Dokumentuaren akzioak

«Bideo dantzak agertokian galtzen diren xehetasunak eskaintzeko aukera ematen du»

Mayda Zabala, ’Deriva’ dantza bideoaren egilea

Egilea
Amagoia Mujika
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2000/04/01

- Koreografo gazteen erakusketan izana zara. Ateak zabaltzeko balio al du?

Ateak zabaltzeko baino gehiago, uste dut konfiantza hartzeko balio duela. Gazteen koreografiak agertokietan zabaltzeko aukera ematen du, baita zirkuito honetan ez den beste hainbat lekutara zabaltzeko aukera. Uste dut horrelako ekimenen alderik garrantzitsuena da indarra ematen dutela sortzeko.

- Dantza bideoan erakutsiko duzu. Euskal Herrian apenas egin dira dantza bideoak. Zer dela eta egin duzu proiektu hori?

Ideia aspaldikoa nuen. 80ko hamarkada erdi aldera hainbat bideo ikusi nituen telebistaz lehen aldiz, eta txundituta geratu nintzen. Egunen batean saiakera egin behar nuela erabaki nuen, baina garai hartan sinesgaitza egiten zitzaidan.

- Baina egin duzu, eta eremu horretan lan egiteko indarra eman ere bai, aipatu izan duzunez.

Egia esan, aukera asko ikusten dizkiot bideo dantzari. Dantza egiteko beste modu bat eskaintzen du. perspektiba asko aldatzen da gainera. Kamerarekin jokatu behar du dantzariak, kamerak eskatzen dionean mugitu. Agertokian galtzen diren xehetasunak erakusteko aukera eskaintzen du.

- Dantzariari dantzatzeko beste modu bat eskaintzen dio. Ikusteko ere beste modu bat izan daiteke.

Dudarik gabe. Lehen planoak oso interesgarriak dira. Mugimenduak aztertzeko balio du, geldiago, azkarrago gozatzeko. Horrez gainera, jendeari gero eta gehiago kostatzen zaio antzokietara joatea, eta telebista bitarteko egokia izan daiteke jendea dantzara erakartzeko.

- Ramon Bareak mugitu du kamera zure koreografian.

Ez hori bakarrik. Berarengatik ez balitz agian ez zen proiektu hau aurrera aterako. Ramoni esan nion ideia bat nuela, eta aurrera egiteko esan zidan lehen unetik, lagunduko zidala. Oso ongi egin dugu elkarrekin lan. Zaila izaten da antzerkia eta dantza munduetatik datorren jendearen artean gauzak behar bezala ulertzea, baina ez dugu batere arazorik izan. Alex Angulok ere asko lagundu dit; beste askok ere bai. Jendea nire alde nuela ikustean diru laguntza bat eskatu nuen Jaurlaritzan eta ideia gustatu zitzaien. Aitzakiarik ez nuen atzera egiteko.

- Bilboko itsasadarra aukeratu duzu dantza mugimenduetarako. Lan honetan, hasieran, argi zenuen gauza bakarretakoa hori omen zenuen.

Izugarria iruditzen zait itsasadarra. Aitortu behar dut duela hamar urte politagoa zela, grisagoa, zikinagoa. baina sekulako xarma du gaur egun ere. Lortu nahi nuen giroa eman dio bideoari. Ez dut zalantzarik izan non egin.

- Gustura geratu zara, beraz, egindakoarekin.

Egia esan behar badut horrenbestetan ikusi dut, ez dakidala ongi edo gaizki dagoen. Akatsak topatzen ditut ikusten dudanero. Normala izango da hori, gero.

- Bideoz, agertokian... Klasikoa egiten zenuela garaikidea ezagutu eta aldaketa egin zenuen. Zer topatu zenuen garaikidean.

Klasikoa egiten hasi nintzen besterik ez zegoelako. Batez ere mugimendu askatasunak erakarri ninduen. Oin hutsik dantzatzeak, lurrean mugitzeak, gorputzaren menpera jartzeak arrazoia.

Dokumentuaren akzioak