Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Bide berriak topatzen saiatzen naiz, uste dut hortxe dagoela gakoa"

Dokumentuaren akzioak

"Bide berriak topatzen saiatzen naiz, uste dut hortxe dagoela gakoa"

Joanne Leighton, dantzaria

Egilea
Ianire Renobales
Komunikabidea
Gara
Tokia
Bilbao
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/07/09

Bihotz australiarra dantza garaikideari lotzen zaio. Berak emandako klase bakoitza errepikaezina da. Konpainia askorentzat koreografiagile onena izanda, mundu osoan ibili da bere teknika paregabea irakasten.

Noiz hasi zinen dantzan?

Duela denbora asko, 10 urte nituenean. Garai hartan ez zen existitzen dantza garaikiderik. Beranduago, 17 urterekin, unibertsitatera joan nintzen eta mota horrekin hasi nintzen.

Klaseak emateko orduan zenbat ikasle izan ohi duzu? Lan hori eta koreografia prestatzea lotuta doaz?

Kopurua aldatu egiten da lekuaren arabera. Japonian, Australian... klaseak eman ditut eta 40-45 ikasle izatera heldu naiz. Dantzari gisa duela 20 urte hasi nintzen eta beti izan dut interesa irakasle gisa jarduteko. Koreografia bat prestatzen ari zarenean irakaslea zarela sentitzen duzu eta irakaslearen papera betetetzen duzunean koreografia nabaritzen duzu.

Zer da garrantzitsua dantza garaikidean?

Garrantzitsuena pentsamendu zabala izatea da, ahalik eta jende gehienarekin hitz egin ahal izatea. Dantzariekin kontaktua izateak ere asko laguntzen du.

Zergatik aukeratu zenuen mota hau?

Adierazpenerako askatasuna ematen duelako. Asko gustatzen zait gorputz mugimendu anitz daudelako. Gainera, filosofikoki, zeure gorputza zaindu egiten du, dantzan jarrai dezakezu 35 edo 40 urte izanda ere.

Zein da sekretua dantzari ona izateko?

Egia esan, ez dakit. Nire ustez, ona izango da bere lana argi duena, bere sentimenduak ulertzen dituena. Teknika faktore garrantzitsua izanda ere, ezaugarri askok osatzen dute. Inoiz ez da iristen dantzari ona izatera, beti dago zerbait gehiago egiteko edo hobetzeko. Neure konpainiakoak esperientzia handikoak dira, aukera askotara irekiak daude eta horrek erraztu egiten du geure ibilbidea. Esploratu ahal baldin bada, koreografiak aurrera egingo du.

Zer adierazi nahi duzu zeure teknika propioarekin?

Espazioarekin jolas egiten dut. Lan egiteko modu asko daude. Adibidez, batzuetan, emanaldiarekin aurrera egiteko dantza eteten dugu. Interesa pizten dit antzezpenak, hori gabe ezin da dantza eta mugimenduekin jarraitu.

1993an Velvet sortu zenuen. Zerk bultzatu zintuen hori sortzera?

Beharrak. Dantza egiteko era asko ikusi nahi nituen eta neure konpainia propioa sortzea erabaki nuen. Lan gogorra egin behar izan genuen eta denbora luzez aritu ginen, baina laguntza izanda, aurrera egin genuen.

Nolatan eskatzen dizute hain desberdinak diren konpainiek berei irakastea?

Irakaskuntzan denbora luzea eman dut eta gauzak ikasteko parada izan dut. Duela 10 urte erabaki nuen klase arruntak albo batera uztea, egiten dudana da neure lan propioa. Bide berriak topatzen saiatzen naiz. Uste dut hortxe dagoela gakoa, dantzariek benetan gogoko dutena. Bestalde, konpainiekin hitz egitea gustatzen zait, komunikazioa egotea.

Ikuskizun berria daukazu, «5 Easy Pieces». Zertan datza?

Oso motzak diren lanen bilketa bat da. Hiru eta hamar minutu bitartean irauten dute eta bata bestearen atzetik ematen dira. Ikerkuntzan oinarritzen dira guztiak. Azkenean, zortzi zati dira eta modu batean edo bestean konbinatu egiten ditugu antzeztuko dugun lekuaren arabera. Bilbon, horietatik bost aurkeztuko ditugu. Pila bat baldintzatzen du non egiten diren, ez da gauza bera antzerki batean edo kalean egotea. Ezin daiteke ulertu ikusten ari zarena nondik datorren ezagutu ezean, kulturak baldintza jartzen du. Ez da gauza bera hemen antzeztea edo Belgikan. Gainera, zazpiren artean antolatuko dugu Bilbokoa.

Geroari begira, zein proiektu dituzu?

Oso desberdina den proiektu bat dugu. Hiru zatiz osaturiko lan bat egingo dugu, guztia emakumeek osatuta. Emakumeen mugimenduak eta dantza ikertu nahi nituen. Beste pieza bat bost gizonek osatuko dute. Horretarako, 15 koreografo gonbidatu genituen material originala eman ziezaguten. Lehenengo zatian, mugimenduak praktikatuko ditugu eta bigarrenean, inprobisazioa.

Nola garatu da Bilbon eman duzun ikastaroa?

Oso ondo, pozik nago. Maila bikaina dago. Dantzariek esperientzia ezberdinak dituzte, batzuk nahiko gazteak dira eta beste batzuk lar dakite. Batera lan egin dugu. Jakinminez beterik daude, gauza berriak ikasteko gogo ikaragarriak dituzte, mugimenduak, filosofia, nola eta zergatik ezagutzea... gauzak hala, lanerako atmosfera bikaina sortzen da eta hobeto moldatu naiteke eurekin.

Berriro itzuliko zinateke?

Asko gustatuko litzaidake. Leku batera baldin bazoaz, zeure azalpenak eman eta alde egin, prozesua ez da osatzen. Denbora luzea behar da zergatik eta nola ulertzeko. Niretzat, onena itzultzea da. Gainera, ikasleen garapena antzeman daiteke.

Zein paper jokatzen du publikoak?

Oso garrantzitsua da. Antzezpen bat egiten ari garen momentuan aurrean daukagun pertsonari hitz egiten ari gatzaio; ni hemen nago, zu hemen zaude, ni antzezten ari naiz, zu ikusten ari zara. Ikusleek gauza asko ikus ditzakete: zinema, telebista, musika, antzerkia... guk eurekin harremanetan egon nahi dugu, gorputzak komunikatzeko aukera bermatzen du; gogoko duzu, ez duzu gogoko, agian gorroto duzu... niretzat lana ondo eginda dago iritzi anitz sortzen baditu. Publikoa geureganatu behar dugu, azaldu zer egiten ari garen eta hori mugimenduen bidez lortzen dugu. Antzezpena ez da ezer publikorik gabe; gutxienez aurrean pertsona bat ez badago, ez dago emanaldirik.

Hitz batetan, nola definituko zenuke zeure lana?

Bikaina.

Dokumentuaren akzioak