Dokumentuaren akzioak
«Belaunaldi bat erre zen taldean ikuskizuna prestatzen»
Gaueko ikuskizuna egin zenuten 1989an, txinatar itzaletan oinarritutakoa. Zertan zetzan?
Iruñeko
lagun bat Hungarian zebilen txotxongilo ikastaro bat egiten. Pragako
antzerki beltzaren ikuskizunean oinarritutako ikuskizuna egitea
proposatu genion, baina Txinan beste era bat bazela esan zigun. Txinan
panpina lauekin egiten dira itzalak agertokian, baina guk pertsonekin
egin genitue. Bazituen zailtasun batzuk. Ez da gauza bera oihalaren
atzean pertsonak mugitzea edo panpinak. Hiru dimentsiotako gauzak edo bi
dimentsiotakoak mugitzea, alegia. Kamera beltzaren teknika baliatu
genuen itzalak proiektatzeko. Egoera ilun batetik argitasun betera
pasatzen ginen ikuskizunean. Bide hori egiten genuen gaueko pertsonaia
mitologikoarekin.
Istorioren batean oinarritzen zen?
Ez.
Ikuskizuna erabat estetikoa zen. Antzerki beltzak zein itzalenak bidea
ematen du elementu jakin batzuetan arreta jartzeko. Ez ziren ikusten
dantzarien jantziak, ez dantzatzeko behar zituzten tresnak. Soinuak
entzuten ziren, eta itzalpean bakarrik dantzak ikusten ziren. Dantzariek
eta haren janzkerek galtzen zuten indarra. Arreta mugimenduan jartzen
zenuen. Itzalekin jokatuz, euskal dantzak aurkezten genituen.
Zenbat lagunek parte hartu zenuten?
Lagun
gehiegik. Talde osoa ibili ginen, 60 lagun inguru. Akats gaindiezina
izan zen hainbeste jende inplikatzea. Bakoitzak bere lana oso ongi
ikasia eraman behar zuen. Bakoitzak bazekien berea, nondik sartu eta
atera, baina ez genekien ondokoak zer egiten zuen, eta horrek sekulako
arazoak eragin zituen. Urte osoko ikuskizuna izan zen, eta urte osorako
konpromisoa behar zen. Hori lortzea oso zaila izan zen, eta nekagarria.
Zergatik diozu nekagarria izan zela?
Kamera
beltzean eramaten genuen txano beltz bat. Ezin genuen ongi arnastu,
lasterka joan behar genuen, beti izerditan, eta ez genuen ongi ikusten;
ondokoarekin talka egiten genuen etengabe. Oso zaila izan zen.
Nolako harrera izan zuen?
Harrera
oso ona izan zuen, baina beste akats bat ere izan genuen: ikuskizuna
luzeegia izan zen. Ordubete pasatxo irauten zuen. Jaso genuen kritika
batek esaten zuen hasieran miresmena sortzen zuela baina gero aspertu
egiten zuela. Behin lehen ezustekoa emanda freskotasuna galtzen zuela
zioen.
Zergatik ez zenuten emanaldia berriz planteatu?
Bagenuen
konpromisoa horrela egiteko. Taldeko jendeak erantzun zuen, eta agertu
zen entseguetara. Baina horrelako emanaldi bat urte baterako soilik
egitea gehiegi da. Belaunaldi bat erre egin zen taldean emanaldi hori
prestatzen.
Zergatik?
Prestaketak arazo asko eman
zizkigun. Margotu behar ziren gauza guztiak pintura berezi batekin, eta
oihalak pintura horrekin hauskorrak bihurtzen ziren. Gogortu egiten
ziren, eta erraz hautsi. Adibidez, Cortesko txirikorda dantzan xingolak
apurtu egiten ziren. Oso deigarria izan zen. Apustu arriskutsua.
Entseguak gauez egin behar ziren. Lekuak izan behar zuen iluna. Urrirako
prestatu genuen, eta udan hamarrak arte eguna da. Gaua egin arte
itxaron behar genuen.
Non antzeztu zenuten?
Aldamioak
egiteko burdinekin kamera beltz bat prestatu genuen, eta hori izan zen
agertokia. Gure kamera muntatzen genuen antzokietan.
Horrelako egitasmorik berriro egin duzue?
Proposatu
izan da, baina lan asko da. Ikuskizuna berriz planteatu beharko
litzateke, eta akats batzuk agian gaindiezinak dira. Hiru dimentsiotako
itzal baten atzean zailtasun asko daude. Estetikoki apustu ausarta izan
zen, agian Ortzadarrek egin duen aposturik ausartena, baina teknikoki
oso zaila izan zen.
* * *
Itzalen lilura
Itzal txinatarren antzerkia kultur ondare izendatu berri du Unescok. Tolosako Topic txotxongilo museoak XVIII. eta XIX. mendeetako itzal txinatarrak gordetzen ditu.
Kondairaren arabera, duela milaka urte Txinan Wu-Ti enperadoreari
gertatutako atsekabe batek sortu zituen itzal txinatarrak. Wang emaztea
galdu ondoren, triste-triste zegoen enperadorea. Gortean zituen kantari
eta bufoiek ez zioten bizipoza itzultzen, baina Sha-Song itzal
erabiltzailea azaldu zen, emazte maitatua berpizteko gai zena. Bi
zutoinen artean zabaldutako oihal zuri baten aurrean kokatu zuen
enperadorea; zapian haren emaztearen itzala ageri zen, oihalaren
atzealdean, Sha-Songek emakume baten irudia mugitzen zuelako argi baten
parean. Enperadoreak, emaztea zela sinetsirik, itzalarekin hitz egin
zuen, eta bizitzeko gogoa berreskuratu.
Hori da kondaira, baina
itzalen antzerkiaren hasiera historiaurreko gizakiaren jokamoldean
dagoela diote adituek, tartean, Miguel Arretxe Tolosako Topic
txotxongilo museoko kudeatzaileak. Leizeetan, suaren parean, gorputza
eta eskuak mugituz itzalak sortzen zituzten garaira itzuli behar da
itzalen antzerkia ulertzeko. «Lehen itzalak horiek izanen lirateke.
Itzal horien irudikapenek naturaz gaindiko garrantzia hartzen zuten, eta
beste mundu bateko izaki bilakatzen ziren. Izan ere, txotxongiloaren
jatorria ez da ulertu behar gaur egun ezagutzen dugun aisialdirako
ikuskizun gisa, beste mundu magikoekin komunikatzeko eta jolasteko lehen
modu gisa baizik».
Baina itzal txinatarrek, mendez mende,
txotxongiloak manipulatzeaz gain, kantuak, ahozko literatura eta
eskulangintza uztartu dituzte. Gaur egun ere, argiak jotzen duen oihal
txuri baten atzean txotxongiloak mugitzean datza ikuskizuna.
Txotxongiloak mugitzen dituenak irudira itsatsita dauden bi makilekin
egiten du antzezlana. Berriki Unescok gizateriaren ondare immaterial eta
kultural izendatu ditu herrialdeko itzalak, Txinako kultura, gizarte
sinesmenak zein tokian tokikoak uztartzen jakin duelako. Izendapenak
Txinan galtzen ari zen ikuskizun bat indarberrituko duela uste du
Arretxek. «Iraultza kulturalaren garaian, itzalak erre edo lurpean sartu
ziren. Ahaztuta zeuden, baina, orain, berreskuratzen ari dira, eta
saria beste bultzada bat da bide horretan». Txina inperialean asko
zabaldu ziren itzalak. «Dinastiek herrialdean barna egiten zituzten
bidaietan txotxongilolariak eramaten zituzten, herritarrei itzalen bidez
beste munduarekin zuten harremana kontatzen laguntzen zietelako», dio
Topiceko kudeatzaileak. Egun Txina osoan daude itzalak, baina toki
batetik bestera haien estetika aldatu egiten da. Herrialdearen
hegoaldean itzalak apaindura gutxikoak dira, soilagoak, eta,
ipar-ekialdean, berriz, askoz ere koloretsuagoak dira. Baina Iraultza
Kulturalean kasik erabat itzali zutena berriro argitzen saiatzen ari
dira Txinan, eta aurki herrialde osoko itzalak biltzeko museoa eraikiko
dute Chengdu hirian, Sichuan eskualdeko hiriburuan. Eraikinak 70.000
metro kuadroko azalera izanen du, eta, oraingoz, 250.000 itzal baino
gehiago berreskuratu dituzte museorako.
Tolosan ikusgai
Baina
itzal txinatarrak zer diren jakiteko ez dago Txinaraino joan beharrik.
Tolosako Topic txotxongilo museoan Asiako txotxongilo bilduma aberatsa
dute, eta, horien artean, Txinako 450 bat itzal dituzte ikusgai.
Museoak
Frantziako antigoalekoen saltzaile bati erosi zizkion 2007. urtean. Ez
ziren itsu-itsuan erosi, eta hainbat aditurekin aztertu zituzten.
Itzalak XVIII. eta XIX. mendeetakoak dira. Handienak XIX. mendekoak
dira, eta txikiagoak mende bat lehenagokoak. «Txinako itzal tradizional
guztiak bezala abere larruarekin egindakoak dira: ahuntz edo asto
larruarekin. Larrua karearekin tratatzen zuten, eta gero margotu egiten
zuten», azaldu du Maria San Sebastian Topiceko museo arduradunak. Gaurko
itzalen oso ezberdinak dira museoan dituztenak. Egun, batzuk
larruarekin egiten badira ere, beste asko plastikoarekin edo
kartoiarekin egiten baitira.
Txinako betiko itzalek badute beste
ezaugarri bat: zatitu egiten direla. Txotxongilolariak, alde batetik,
gorputzak gordetzen ditu, eta, bestetik, buruak. Agertokia eta kontatuko
duen istorioa aberasteko eta apaintzeko beste pieza batzuk ere eramaten
ditu: txanoak, dekorazioa, animaliak. « Gorputz kopuru batzuk izaten
ditu, baina buru kopuruak beti gehiago izaten dira. Gorputz berak
hainbat pertsonaia ordezkatzen ditu», zehaztu du San Sebastianek. Burua
eta gorputza elkartuta 40-50 zentimetroko altuera eta 10-15 zentimetroko
zabalera hartzen dute Topicen dauden itzal handienek. Txikiagoak,
berriz, 15 zentimetro inguru dira garaieran, eta 6-7 zentimetro
zabaleran. «Zaharrenak txikiak dira, eta askoz ere finagoak eta
hauskorragoak». Guztiak ere margotuak daude; kolore beltzak, berdeak,
horiak eta gorriak dituzte.
Larruarekin eginak izatean beste
txotxongilo pieza batzuek baino hezetasun zertxobait gehiago behar dute,
baina gehiegi ere ez, bestela azkar lizuna hartzen dutelako. Beste
txotxongiloak baino hauskorragoak dira, tenperatura aldaketak gehiago
nabaritzen dituztelako, eta etzanda gorde behar dira.
Itzal txinatarren antzerkiak oso estetika berezia dauka. / WORDPRESS
Irudi magikoak ahalbidetzen ditu teknikak. / CACHIRULO
Dokumentuaren akzioak