Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Barrualdea kanpokoa baino gogorragoa da»

Dokumentuaren akzioak

«Barrualdea kanpokoa baino gogorragoa da»

Win Vandekeybus, Koreografoa

Egilea
Estibalitz Ezkerra
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2001/10/28

• Gutxitan lan egiten duzu talde mistoekin. ‘In spite of wishing and waiting’-en, adibidez, gizonezkoekin bakarrik lan egin zenuen, eta orain emakumeak dituzu zure ardurapean.



Oso ezberdina da gizonekin edo emakumeekin lan egitea. Orain gutxira arte Pier Paolo Passoliniri buruzko obra batekin ibili naiz. Bertan hamabi gizonek eta zazpi emakumek parte hartzen zuten, eta emaitza oso ederra izan da. Baina dantzarien arabera bai hizkuntza bai energia arras ezberdina da. Emakumeak psikikoki askoz intuitiboagoak, azkarragoak eta flexibleagoak dira. Horregatik Scratching in the inner fields askoz ilunagoa da, barrualdeari begira dagoen obra bat da. Koreografia osatzeko Peter Verehelstek-en laguntza izan dut. Hain zuzen, obra bere De Kleurenvanger ipuin liburuan oinarriturik dago. Verehelstek idazle harrigarria da, imajinazio handia du eta ondo ulertu du zer nahi nuen. Ez nuen emakumearen amatasuna soilik goraipatuko zuen lanik egin nahi.Hori baino gehiago emakumeen grinak ikertu nahi nituen, beren barruko gogoak agertu. Dena den, argi utzi nahi dut obra ez dela emakumeei buruzkoa soilik emakumeekin egindakoa baizik.



•Beraz, obra landu aurretik nork dantzatuko duen finkatzen duzu.



Konpainiako dantzariak ez dira finkoak, eta, horregatik, obrak lan egingo dudan jendearen arabera moldatzea gustatzen zait. Horrela esanda badirudi nahi dudana egiten dudala, eta ez da horrela. Koreografiek dantzariengandik asko daukate. Hain zuzen, maiz esaten dut dantzariak nire laguntzaileak direla, koreografiaren sormenean parte hartu egiten dutelako.



•Zergatik dantzari berriekin aritzeko grina hori?



Aldatzea gustatzen zait. Dantzari batzuekin behin baino gehiagotan lan egin dut, baina normalean obra batetik bestera taldez aldatzen dut. Obrak eskatzen didanari begiratzen diot, eta horren arabera bilatzen dut behar dudana. Hala ere, dantzariei beraiei aldatzea gustatzen zaie. Dantza bizitza laburreko lanbidea da, eta garaikidean are laburragoa. Horregatik, normala da beste talde batzuekin ibili nahi izatea. Ikasteko ondo dator.



•1987an ‘What the body does not remenber’ estreinatu zenuenetik obra inpaktakteak landu dituzu. Azkenaldian, berriz, askoz barnekoiagoa bihurtu zara.



Barrualdea kanpoaldea baino gogorragoa eta agresiboa dela iruditzen zait. Gainera, koreografiak sakontasunean irabazten du. Hasierako obrak tentsioaz beterik zeuden, objektuen erabilerak berak bultzaturik. Nire azken lanak, berriz, erritmo aldetik lasaiagoak dira, baina horregatik ez dira azalekoak. Hala ere, obsesio berdinekin jarraitzen dut, soilik haiek adierazteko forma berriak bilatzen ditudala.



•Eta zeintzuk dira obsesio horiek?



Neurtu ezin dituzun gauza horiek: arima, intuizioa, superstizioa, ametsak, desirak... Edozein gai jorratzeak arrisku bat dakar, baina maila emozionalean sartzea da zailena. Beste obsesio bat mugimendua bera da. Oraindik hura hobetzen nabil.



•Zorrotza zara dantzariekin?



Neurri batean bai, baina arrazoitzeko gai den jendearekin lan egitea gustatzen zait. Nire ustez, obra batek funtziona dezan ezinbestekoa da zuzenadariaren eta dantzarien artean komunikazioa egotea, iritzi trukaketa bat beharrezkoa da. Zuzendariak dion guztiari men egiten duten dantzariak saihestu egiten ditut. Ni ez naiz egiaren jabe bakarra, kontrakoa baizik: galderez beterik dagoen pertsona bat naiz. Interesgarriagoa da galderekin lan egitea egiekin baino. Baina dantzariek ulertu behar dute zergatik naizen zorrotza.



•Espazio zabaletan lan egitera ohiturik zauden arren, ‘Scratching the inner fields’ Parisko Abbesses ‘txikian’ landu duzu.



Zerbait intimoagoa bilatu nahi nuen. Espazio zabalek obra kaltetu dezakete. Gainera, dantzarientzat aproposagoa zela iruditzen zait. Ona da publikoa ondoan dutela sentitzea.



•Publikoa aipatu duzula, azkenaldian dantzak ikusle ugari lortu ditu.



Publikoaren eskakizunen aurretik norberak bere buruari eskatzen diona dago. Berdin dio jendeak txalotzen zaituen edo ez. Nik neuk obra izugarri txarrak ikusi ditut eta ikusleak txaloka zeuden. Kontua ez da hori. Ez zait lanak intelektualizatzea gustatzen. Jendeak sentitu behar du dantza. Ezin du pentsatu hasiera, garapen eta amaiera bat duen pieza bat ikustera doanik. Egia da nire obrak istorioak direla, baina istorio emozionalak dira. Jendeak haiek deskodifikatu behar ditu.



•Erronkarik geratzen al zaio Vandekeybusi?



Gauza asko geratzen zaizkit egiteko. Hori bai, ez dakit dena egiteko denborarik izango dudan. Dena den, ahaleginduko naiz. Saiatzeak energia ematen dit.

Dokumentuaren akzioak