Dokumentuaren akzioak
«Barrokoan inspiratu naiz, dantzan jartzeko iparreko zein hegoko ikuspegiak»
Herman Diephuis - Dantzari eta koreografoa
Herman Diephuis (Amsterdam, Herbehereak, 1962) dantzari eta koreografoak Dalila et Samsom, par exemple
pieza taularatuko du asteburu honetan Bilbon. Maurice Bejarten eskolan
ikasitakoa da. Dalila Khatir abeslariarekin dantzatuko da, iparraldeko
eta hegoaldeko Europaren arteko harremana jorratzen duen piezan.
Dantza-oratorio gisa definitzen duzu Dalila et Samson, par exemple pieza. Zer esan nahi duzu horrekin?
Gizon baten eta emakume baten arteko harremana kontatzen du
piezak, Flandesko pinturan inspiratuta. Herbeheretako XVII. mendeko
pintura hartu dut oinarri gisa. Orduan Holanda, iparraldea,
protestantea zen eta Flandes, hegoaldea, katolikoa -espainiarrek
okupaturikoa-. Garai hartako pinturak hitz egiten dit asko nire
herrialdeaz: jendearen fisikoa eta jarrerak ezagutzen ditut.
Calvinismoa dago hor, erretratuetan, zuri-beltzean, apaindurarik gabe,
haragirik eta emoziorik gabe... Bestalde, hegoaldeko pintura barrokoa
dago, Italiakotik gertukoa. Hor dena da mugimendua, haragia,
joritasuna...
Dalila Khatir abeslari lirikoa da. Zer egiten du dantza pieza batean?
Aljeriako jatorrikoa da Dalila Khatir, haragiz ongi hornitua,
lodia ez esatearren. Ni berriz, nederlandar protestante argala...
Koadroetan agertzen den bi ikuspegien arteko harremana dantzan jarri
dut. Dalilak aldatu egiten du bien arteko harremana. Desorekak
ustekabeari egiten dio tokia bien artekoan. Gero jantziak galtzen dira,
biluzik bukatzeko, eta horrela berreskuratzen da oreka. Khatir ez da
dantzaria, baina dantzan egiten du ikuskizunean, oso fisikoa da.
Ez al da bitxia koreografo batek koadroak inspirazio iturri gisa hartzea, hau da, mugitzen ez diren irudiak?
Mugimendu asko dago barrokoko irudietan. Asko interesatzen zait
irudia oro har, besteak beste egungo publizitatearena. Gustuko dut
aztertzea irudiok zer kontatzen duten. Desmuntatu egiten ditut,
ikusteko zer dagoen jarrera batean edo keinu baten atzean.
Keinuetaz mintzo zara. Zergatik sartzen diozu hatza ahoan Khatirri? Zer dago keinu horren atzean?
Ikuskizunaren hasieran gertatzen da hori. Holandako erretratu
soil eta serio horietako batetik atera berriak gara. Dalila abesten
saiatzen da, eta nik galarazi nahi diot hatza ahoan sartuta. Bistan da
keinuak baduela ere alde pornografikoa.
Bikote mitikoak interesatzen zaizkizu, Bibliakoak,
esaterako. Europaren iparra-hegoa harremana gizon-emakume dinamikarekin
ere azaldu nahi duzu?
Barrokoko pinturetako gaia ziren sarri bikoteok, Rubens eta
Jordaensen lanean. Mezu morala emateko erabiltzen ziren istorioak, hala
nola Sanson eta Dalilarena: «Emazteari askatasun gehiegi ematen
badiozu, gizontasuna gal dezakezu». Horri buelta ematen saiatzen naiz,
eta morala galtzea positibotzat aurkezten. Horrez gain, margoetako zama
erotikoa interesatzen zait.
Orain hasi zarete pieza Frantziatik kanpo aurkezten?
Tel-Aviven ere egin dugu (Israel) eta Italian ere bai;
erreakzioak antzekoak dira leku guztietan. Hunkitzen duen pieza da.
Gaia unibertsala da, eta lana ez da zaila ulertzeko. Euskal Herria ez
dut asko ezagutzen eta jakin-mina dut ikusle euskaldunen erreakzioa
ikusteko.
Dokumentuaren akzioak