Dokumentuaren akzioak
«Bandera toxikoekin» jolasean
Zabaleta eta Tagliarini koreografoek bandera eta ereserkien karga sinbolikoa taularatuko dute gaur Fundicionen
Herrialdeetako bandera eta ereserkiek sentimendu ugari sortzen dituzte.
Sentimenduen norabidea banderaren herrialdeak baldintzatzen du
gehienbat. «Oihal zati horiek» duten karga sinbolikoaz ohartuta, dantza
lana egitea otu zitzaion Idoia Zabaleta gasteiztarrari. «Testuinguru
soziopolitikoari buruzko gauza zehatz bati heltzeko gogoa nuen
aspalditik. Euskal Herriko lan eszenikoetan ez dira lantzen horrelako
gatazkak, ez da taularatu 'zirku' hau, eta horrelako batean neure burua
noraino heltzen den ikusi nahi nuen».
Banderak «zirku» politiko honetan elementu garrantzitsuak
direla uste du Zabaletak, eta, horregatik, ikuskizuneko protagonista
bihurtu dituzte. Are gehiago, herrialde bateko ereserkiarekin batera
bandera altxatzea «koreografia gorena» dela uste du gasteiztarrak.
Elementu horiekin jokatuko dute ikuskizunean, ikusleen sentimenduen
artean talka sortzeko asmoz.
Esaterako, dantza emanaldia zein herrialdetan egiten den
kontuan hartuko dute, banderen arteko jolasak aldatzeko. Euskal
Herrian, eszenetako protagonista nagusiak ikurrina, Espainiako bandera
eta autonomietako banderak izango dira. Portugalen, hango banderak
erabiliko dituzte, publikoarengana errazago heltzeko.
«Ukiezinak»
Ikuskizuna prestatzeko orduan, hainbat erreferentzia hartu
dituzte Zabaleta eta Tagliarinik. Arte eszenikoen alorrean gai honi
buruzko lan gutxi topatu dituztenez, bestelako inspirazio iturriak
bilatu dituzte; futbola, esate baterako. Iazko maiatzean jokatutako
futboleko Errege Kopako finalean Athletic eta Bartzelona taldeetako
zaleek Espainiako ereserkiari txistu egin izana eta horrek sortu zuen
zalaparta kontuan izan dituzte.
Futbol partidako gertakizun horrek erakusten du, Zabaletaren
iritziz, sinbolo hauek duten garrantzia. «Estatu-nazioen garaian jaio
ziren bandera eta ereserkiak, gaur egun, zentzu handirik ez duten
sinboloak dira. Baina, aldi berean, oraindik errepresentazio karga
handia dute barruan. Egun erabilera askorik ez dutela dirudien arren,
ukiezinak dira oraindik, toxiko bihurtu dira».
Banderen izaera «toxiko» hori lantzeko, bi zatitan banatu dute
ikuskizuna. Hasieran, banderen arteko katalogo bat egingo dute, «ironia
handiarekin», eta jendeak barre egingo duela seguru daude. Ondoren,
«beltzagoa edo ilunagoa» den beste zati bat izango da, banderen atzean
ezkutatzen den «absurdoa» agerian uzteko asmoz.
Lan abstraktuagoak egiten ibili da orain arte Zabaleta,
erritmo bizian. Koreografoz gain, Biologiako lizentziaduna da, eta
horrek eragina izan du haren obretan. Iaz Bicho eres un Bicho
obra eta liburua aurkeztu zituen, Filipa Franciscorekin batera, eta
2008. urtetik Azala sormen gunea zuzentzen du: «Euskal Herrian
koreografo moduan lekua egin nahi baduzu, ezinbestekoa da lan handia
egitea».
Antonio Tagliarinirekin aurretik ere lan egin du Zabaletak.
Elkarlanean «oso gustura» sentitu dela baina koreografoa Italiakoa
izateak lana baldintzatu duela aitortu du. Izan ere, Euskal Herriko
testuingurua zehatzago landu beharrean, orokortu behar izan dute. Hala
ere, pozik dago: «Antoniorekin lan egitea erraza da, gure artean
konfiantza dugulako, askotan irudien negoziazioa egiten dugunean
ikuspuntu berbera izan ez arren». Era berean, lau kidez osatutako lan
taldea direla azpimarratu du gasteiztarrak, Oscar Grijalba argiztapen
arduradunaren eta Filipe Vieg ekoizlearen lana goraipatuta.
Dokumentuaren akzioak