Dokumentuaren akzioak
«Baleteko dantzaria izatea ez da ametsa izan, beharra baizik»
Lucia lakarra, dantzaria
Azken urte honetan Municheko (Alemania) Bayerisches Staats balet konpainian dabil dantzan Lucia Lakarra. Dantzariaren ibilbide oso bat saritzen duen nazioarteko Nijinski saria eskuratua du 2002 urtean. Aurten, ostera, Errusiako Benois saria jaso du. Gaur Cyril Pierre dantzariarekin ariko da Miarritzen. Hasiera indartsua izanen du aurtengo Maitaldiak. Oraino Munichen zela, Euskal Herrira biltzeko gogo handiarekin erantzun zigun.
Zer eskainiko diozu ikusleari gaur Miarritzen?
Bi koreografia eskainiko ditut Cyril Pierre dantzariarekin. Klasikoan sartzen dira biak, punta eta guzti. Musikak eta sentimentuak bat egiten duten bi pieza liriko dantzatuko ditugu. Maitasun sentimendua izango da nagusi.
Nolaz zabiltza dantza klasikoan?
Txikitatik erakarri nau klasikoak. Alde teknikoa baino gehiago, lan artistikoa dut bereziki gustuko. Neoklasikoan eta dantza garaikidean ez dut aurkitzen lan hori; horietan bietan sentimenduek ez dute hainbeste leku. Ez dute rol oso bat irudikatzeko aukerarik eskaintzen; klasikoak, ordea, bai. Baletak hasieratik bukaeraraino pertsonaia bat interpretatzeko posibilitatea ematen dizu. Gainera, denetarik du. Ez da Beltxargen aintzira obran mugatzen.
Euskal dantzek piztu ote dizute baleteko dantzari bilakatzeko xedea?
Euskal dantza eskolarik ez dut inoiz hartu. Txiki-txikia nintzenetik, baleteko dantzaria izan nahi nuen. Euskal dantzak egiteko erantzuten zidaten, baina nik ez nuen hori nahi. Nik puntak nahi nituen. Euskal dantzak neure baitan daude betidanik, txikitan nire lagunekin, festetan, besteei begiratuz ikasten ibiltzen nintzelako, baina ez ditut talde batean ikasi.
Eta zer ezberdintasun dago bi horien artean?
Dena. Egia da euskal dantzetatik harturiko pauso batzuk badaudela baletean. Horretaz aparte, oso ezberdinak dira bi munduak. Diziplina asko dago klasikoaren barruan, lana diferentea da. Eta nik bereziki gustuko dudana hori da; mundu artistikoa ez dago hain garatua euskal dantzen arloan. Euskal dantzetan ez duzu interpretatzeko batere aukerarik; baletean, ordea, bai, eta niri hori gustatzen zait gehien.
Berriki pare bat sari lortu duzu, nazioartean ezagutua zara. Zure ametsa betetzea lortu duzu?
Baleteko dantzaria izatea ez da benetako ametsa izan niretzat, beharra baizik. Txikitan baleteko dantzaria izango nintzela esaten nuen askotan, seguru nengoen. Burugogorra nintzen.
Euskal Herrian egotea eta maila bateko baleteko dantzaria izatea, aldi berean, posible da?
Ezin da, ez Euskal Herrian, ezta Espainian ere. 14 urterekin alde egin nuen Euskal Herritik Madrilera joateko.
Gaur Euskal Herrira etorriko zarela eta, zer sentimendurekin zaude?
Azkenengo aldian ekainean etorri nintzen herrira, Bilbora hain zuzen, aurkezpen pribatu batera. Niretzat garrantzitsua da Euskal Herrira etortzea, batez ere nire familia eta lagunak publikoan jarriak daudela jakitea. Duela urte asko sorterritik joan nintzen. Euskal Herritik kanpo izan naizenetan, publiko ezezagun batentzat dantzatzen ohitu naiz. Oraingoan, jakitea maite dudan jendea hor izango dela niri begira. Niretzat berezia da. Euskal Herria betidanik eta betirako nire etxea izanen da. Maitasun handiz etortzen naiz aldi bakoitzean. Miarritzen egotea, Zumaiatik ez hain urrun, espeziala da. Pozik etortzen naiz.
Dokumentuaren akzioak