Dokumentuaren akzioak
«'Axeri boda' ikuskizunaren atzean dauden kondairak benetan interesgarriak dira»
Oier Araolaza, Axeri Boda ikuskizunako Dantzaria
- Axeri boda euskal dantza
tradizionaletan jatorria duen ikuskizun bat da, baina Juan Antonio
Urbeltzek ematen dion ikuspuntu berezi batekin, tradizioarekin
jolastuz. Berak duen ezagutza zabal hori aplikatuz forma berriak, edo
zaharberrituak aurkitu daitezke.
- Kezka taldeko zenbat lagun hartzen duzue parte Axeri boda honetan?
- Hamar dantzari gabiltza ikuskizunean, eta badaude beste pare bat Elgoibarko Haritz Dantzari Taldekoak.
- Ez da zuen lehen lana Eibartik kanpo. Nola hasi ziren kolaborazio hauek?
- Orain dela hamabost urte inguru hasi ginen Elgoibarko
Haritzeko dantzariekin lanean, ikastera joan ginen. Talde honek hogei
urte daramatza Juan Antonio Urbeltzekin kolaboratzen eta bere
ikuskizunetan parte hartzen. Gu ere, poliki-poliki hasi ginen
kolaboratzen, hasieran Haritz taldearekin batera eta gero Kezka talde
bezala. 1997an Kondharian estreinatu zenean, Eibarko lau edo bost dantzari ibili ginen, eta ordutik Pas de Basque eta Axeri bordan ere parte hartu dugu.
- Esan al dezakegu lankidetza hauek Kezka taldearen maila igo dutela?
- Egia esan, laguntza eta ikasbide bat izan da guretzat,
alor guztietan. Batetik, dantza tradizionalak eurak ikasteko kristoren
aukera eman digu. Hemen dauden dantza maisuak orain dela berrogei urte
hasi ziren dantza tradizionalak jasotzen eta ikertzen. Orduan, ezagutza
handia dute eta horrek asko lagundu digu gero herrian egin ditugun
lanetan. Horrez gain, dantzari bezala exijentzia oso altua da, oso
dantzari onak elkartzen dira eta horrek teknikoki maila igotzera
behartzen zaitu. Nahiz eta talde zati bat bakarrik parte hartu, horrek
talde osoari eragiten dio, denak tren horretan igo garelako. Beste
aldetik, horrelako lekuetan dantza egitean asko ikasten da. Arriaga,
Victoria Eugenia eta horrelako antzokietan eskakizun maila oso altua
da. Hasieran izugarrizko urduriak egoten dira baina poliki-poliki
ikasten da horrelako lekuetan dantza egiten. Eta horrek gure herriko
emanaldietan oso baliagarria egiten da ere.
- Aipatu dituzun antzokietan dantza egin eta gero, nolatan ekiten diozue Eibarko Coliseo Antzokian 'Axeri boda' aurkezteari?
- Guretzat oso garrantzitsua da eta ilusio handia
daukagu. Askotan, urruti zabiltzala ematen du eta zure herrian ez
dutela hori ikusteko aukera. Horregatik ilusio asko egiten du,
pozgarria da eta jendeak ondo erantzungo duen itxaropenarekin gaude.
- Dantza egin aurretik, bihar hitzaldi bat egongo da Portalean. Zer dago kontatzeko ikuskizun honi buruz?
- Argia dantza taldeko dantza maisuak direnak etorriko
dira, Iñaki Arregi, Jexux Larrea eta Fernando Aristizabal. Bi oinarri
izango ditu aurkezpenak. Batetik, Axeri boda Argia
dantza taldearen ibilbidean kokatuko dute. Aurretik zer nolako lana
egin den ulertu behar da, ikuskizun honetara ailegatzeko. Gero, zehatz
mehatz Axeri boda inguruko azalpen batzuk emango dira.
- Ezinbestekoak al dira azalpenak?
- Ikuskizuna ikustera joan eta gozatu nahikoa izan
daiteke, baina askotan, aurretik gauza batzuk badakizkizu oraindik
gehiago gozatzen da. Kasu honetan, Axeri boda
ikuskizunaren atzean dauden kondairak benetan interesgarriak dira.
Badago atsotitz bat Euskal Herriko leku askotan jaso dena eta
eguraldiko momentu zehatz bati buruz hitz egiten duena. Eguzkia eta
euria batera dagoen momentu horretaz hitz egiten du, normalean
ortzadarra ateratzen denean. Momentu hori oso berezia da tradizioan.
Hemen esaten da momentu horretan axeriek beraien ezteiak, beraien
bodak, ospatzen dituztela basoan. Euskal Herriko herri askotan jaso da
oroitzapen hau. Urbeltz aspaldi ikusi zuen tradizio hau ez zela
hemengoa bakarrik, Japonian ere antzeko mito bat zegoela. Akira
Kurosawaren pelikula batean, Dreams, lehenengo ipuinean istorio hau
azaltzen da. Japonian umeei zera esaten zaie: «eguzkia eta euria
dagoenean ez zaitez joan basora, axeriek beraien ezteiak ospatzen
dituzte eta». Hortik hasita kontakizun benetan tragiko eta dramatikoa
dago. Hori da ikuskizun honen abiapuntua eta horri buruz azalpenak
emango dira. Gainera, pelikula zati hori ikusteko aukera ere izango
dugu.
Dokumentuaren akzioak