Dokumentuaren akzioak
«Asia guziari erakutsi nahi diogu zer dantza mota egiten den Europan»
Goh Soo Khim • singapore dance theatre taldeko zuzendari artistikoa
•Asiako dantza tradizionalak lekurik badu zure konpainian?
Oso gutxi. Guk mendebaldeko dantzak ditugu gehienik ematen. Singapur herri berria da, 1819an sortua, herri kosmopolita. Izan ere, txinatarrek, indonesiarrek, malaysiarrek, ingelesek dute osatzen. Beraz erran nezake, Singapurrek ez duela bere kultura propioa ezta dantza tradizional propiorik ere. Gure dantzari dagokionez erran nezake, dantza mendebaldarra egiten duten asiarrak garela.
•Zer bilduma mota duzue eta zein dira zuen helburuak?
Bilduma oso anitza dugu. Balet klasikoenetarik obra berrienetara (Malandain, Prokowsky, Wherlock...) gabiltza. Asiako hegoekialdeko koreografoen lanak ere erabiltzen ditugu. Nire ustez,estilo kosmopolita dugu.
Taldearen helburuei dagokienez, Singapur herriari eta orokorki Asia guziari erakutsi nahi diegu, zer dantza mota egiten den Europan.
•Nola lan egiten duzu?
Nik ez dut ez koreografiarik idazten, ezta ere musikarik hautatzen koreografo batek zerbait asma diezadan musika horren gainean. Hain zuzen ere, jadanik osorik idatziak izan diren baletak aukeratzen ditut. Bestalde, ez dut gehiago klaserik ematen dantzariei, gaur egun Edmond Stripe dantza irakasleak baitu taldea entrenatzen.
•Zer ikusgarri mota eskainiko duzue Miarritzen?
Hiru ikusgarri labur eskainiko ditugu, zeinak oso desberdinak diren koreografia, mezu eta musika aldetik. Fives deitu lehen alorreko koreografia egin zuen Goh Choo San nire anaia zenak. Eremua eta energiaren menperatzearen agerpena da. Gainera, balet ‘musikala’ da, erran nahi baita mugimenduak zuzenki musikaren aditzetik heldu direla. Bigarren ikusgarri laburra, Stanton Welch koreografo australiarrak moldatu zuen, 1996an. Maninyas deitua, norberaren bilketa espirituala du taularatzen. Azken alorra, Boi Sakti koreografo indonesiarraren obra da. Dantza indonesiarra gogoan, Maninyas ikusgarria moldatu zuen, ibilera eta urrats garaikideak zein ohikoak nahasiz. Dantza honek, gizarte arrotz batera inmigratzen duten jendeen gorabeherak kontatzen ditu.
•Zer ekar diezaioke Singapur Dance theatre taldea bezalako bati Miarritzeko Maitaldian agertzeak?
Beste konpainia batzuen ezagutzeko parada paregabea da.Gainera sorkuntza, estilo frankoren deskubritzeko aukera ematen digu horrelako jardunaldi batek. Harremanetan sartzeko bikaina da, gainera!
Dokumentuaren akzioak