Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Arte eszenikoen eskola sortzeko urratsak egiteko garaia da»

Dokumentuaren akzioak

«Arte eszenikoen eskola sortzeko urratsak egiteko garaia da»

Proiektuari ekiteko lan taldea eratzeko eskatu diote Jaurlaritzari sektoreko 2.000 profesionalek

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2007/03/21

Plataformako ordezkariek iaz egin zuten lehen bilera Hezkuntza Sailarekin, eta pozik atera ziren. Eskola eratzeko interesa igarri zioten Ibone Amezaga Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari. Orduan ez zuten lortu Camposekin biltzea -gaixo zegoela esan zieten-, eta esan dutenez, ondoren egin dituzten bileretara ere ez da azaldu. «Beren karguan berriak ziren pertsonak agertu dira beti, eta informazioa baino ez digute eskatu. Iruditzen zaigu informazioa jasotzeko fasea gaindituta dagoela jada; alegia, urrats berriak egiteko garaia dela, arte eszenikoen goi mailako eskola bideragarria dela erakutsi dugula, eta orain proiektu hori diruz hornitu behar dutela», esan du Burutxagak.

LEGEBILTZARRAREN ESKAERA. Plataformako ordezkariak alderdi politikoekin batzartu ondoren, Isabel Celaa PSE-EEko legebiltzarkideak Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofiziala sortzeko legez besteko proposamena aurkeztu zuen, Eusko Legebiltzarrean, 2006ko apirilaren 24an. Alderdi guztiek aho batez onartu zuen proposamena: 2007-2008 ikasturterako eskola sortzeko eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari. Hezkuntza Sailak jaso zuen eskaera, baina plataformako kideek esan dutenez, «ez dute interesik agertu eskola datorren ikasturterako prest egon dadin. Gaur-gaurkoz ez dute lan talderik eratu proiektua aurrera eramateko: hortaz, ezinezkoa izango da eskola finkatutako epean zabaltzea».

Hezkuntza Sailak, bere aldetik, bideragarritasunari buruzko ikerketa egina duela erantzun du, baina ezeri ekin baino lehen, beste gauzak batzuk zehaztu behar dituela esan du: besteak beste, Gasteizen edo Bilbon kokatuko duten eskola.

Hezkuntzak, alabaina, informazio hori ez dio helarazi profesionalek osatzen duten plataformari. Sektoreko hainbat kidek agerraldia egin zuten, atzo goizean, eta Hezkuntza Sailari bideragarritasun ikerketa horren emaitzak ezkutatzea leporatu zioten. Agerraldia bi arrazoik bultzatuta egin zutela esan zuten: «orain arte egindako lanaren berri emateko eta Tontxu Campos Hezkuntza sailburuari galdetzeko ea borondaterik ba ote duen arte eszenikoen goi mailako eskola eratzeko».

UNIBERTSITATE MAILAKOA. Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofizialak unibertsitate mailako irakaskuntza zentroa izan beharko lukeela uste dute sektoreko profesionalek, «arte dramatikoko eta dantzako goi mailako ikasketak eskaini beharko lituzke; hots, egile, zuzendari, aktore, koreografo, dantzari eta arte eszenikoen teknikariei oro har, goi mailako titulazioa eskuratzeko prestakuntza akademiko zein artistikoa eskaini beharko lieke». Halaber, eskolatik ateratako ikasle tituludunek, antzerkiari loturiko irakasgaietan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eskolak emateko aukera izan beharko luketela diote plataforma osatzen duten lagunek. Era berean, eskolan lizentziaturiko ikasleek doktoretza eta goi mailako unibertsitateko bestelako ikasketak egiteko aukera izan beharko lukete, beren ustetan.

Goi mailako ikasketak ez ezik, ikastaroak ere eskaini beharko lituzke arte eszenikoen eskolak, plataformako kideen irudiko. Gainera, ikerketarako eta dibulgaziorako bokazioa izan beharko luke; hainbat motatako lanak argitaratuko lituzke, hortaz. Orobat, arte eszenikoen dokumentazio zentro izan beharko luke.

Gaur egun, Euskal Herri osoan ez dago Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofizialik. Sei antzerki eskola eta dantza kontserbatorio bat daude. Baina 200 inguru ikaslerentzako lekua baino ez dute. Eta eskaintzen dituzten ikasketak ertainak izateaz gain, ez dira ofizialak. «Egoerak ezin du okerragoa izan», Algis Arlauskas antzerki zuzendariaren ustez. Eta nabarmendu du hezkuntza arazo larri horri irtenbidea emateko «borondate politikoa» baino ez dela behar.

Batxillergoa eta maila ertaineko ikasketak bukatzen dituzten euskal gazteek ez dute arte eszenikoen goi mailako ikasketarik egiteko aukerarik. Era honetako ikasketa homologatuak egin nahi izanez gero, Euskal Herritik kanpora joan behar dute, hala nola, Espainiara eta Frantziara. Arlauskasek esan duenez, «Jaurlaritzarekin egindako bilera horietako batean esan ziguten beraiek atzerrian ikasteko bekak ematen zituztela, eta beharbada, ez litzatekeela ideia txarra izango horrekin segitzea eta eskola ahaztea. Eta hori lotsagarria da. Besteak beste, horrek suposatzen duelako Euskal Herriko talentua atzerrian galtzea».

SGAEren datuen arabera, 2005ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2.727 antzerki eta dantza ikuskizun eskaini zituzten areto eta antzokiek, eta guztira, milioi bat ikusle izan zituzten. «Baina obra gehienak atzerriko ekoizpenak dira, hemen ez baitago trebakuntzarako zentrorik, eta ondorioz, hemen ez baitago konpainia nahikorik». Euskal gizartea atzerriko ekoizpenak kontsumitzera kondenatu dutela sinetsita daude. «Eta pentsatzen dugu oreka egon beharko lukeela hemengo eta kanpokoaren artean. Baina horretarako, hemengoa sustatu behar dute aurrena», esan du Arlauskasek.

«Eskola bideragarria dela erakutsi dugu jada, orain diruz hornitu behar dute proiektua»

Santiago Burutxaga

Antzerki Irakasle eta Aktorea

«Bekak emanez, Euskal Herriko talentua atzerrian galtzea lortzen ari da Hezkuntza Saila»

Algis Arlauskas

Antzerki zuzendari eta gidoilaria

Dokumentuaren akzioak