Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Arrakasta ederrekoa» izan da Maitaldia aurten ere, antolatzaileen arabera

Dokumentuaren akzioak

«Arrakasta ederrekoa» izan da Maitaldia aurten ere, antolatzaileen arabera

Sasoiaren segida martxan ezarri du Biarritz Culturek

Egilea
Celine Mounole
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2001/09/25

Igandean bururatu zen Maitaldiaren XI.ekitaldia, Lyongo Opera Nazionaleko baletak eskaini Cendrillon ikusgarriarekin. «Aurtengo jardunaldia artistikoki kalitate handikoa izan da. Izan ere, estilo desberdinetako taldeak etorri dira, famatuak eta ez famatuak, eta denek harritu gaituzte, daukaten mailarengatik» azpimarratu du Jakes Abeberrik, Biarritz Culture elkarteko lehendakariak.



«Gainera, aurten, dantza karrikara jautsi da, besteak beste baratze publikoan eskaini agerraldiei esker. Azkenean, erran nezake, aurten, Miarritze bi astez dantzaren doinuan bizi izan dela. Maitaldia, alditik zinezko jardunaldira iragaten ari da» , erran zuen Abeberrik. XI. ekitaldi hori oso arrakastatsua izan da. Hain zuzen ere, orotara 17.630 ikusle agertu dira antolatu agerraldi, hitzaldi, erakusketa eta ikastaldietara. Hots, iaz baino 1.500 sartze gehiago erosi dituzte dantzazaleek.



Aurten eta lehen aldikotz, Thierry Malandain, Miarritzeko baleteko zuzendari artistiko eta koreografoak du jardunaldia zuzendu. «Saiatu naiz balet ezagunenak baztertzera, lehentasuna talde gutxi ezagutu baina maila handikoei emanez. Entzun kritiken eta agertu zenbakien arabera, argi da ikuslegoak gogotik jarraiki diola programazio berri horri», esan zuen Malandainek.



Hurrengo hilabeteetako ekitaldiak



Maitaldia bukaturik, Biarritz Culture elkarteak, hurrengo hilabeteetako ekitaldiak aurkeztu zituen atzo. Antzerki, dantza ikusgarri, zinema, musika agerraldi, argazki edo margo erakusketa; hots 2001/2002ko kulturaldia aberatsa izanen da. Martxoan, Zumeta margolari usurbildarraren obra ikusten ahalko da, eta Maskarada antzerki taldeak Gabriel Arestiren hainbat testuren bidez garatu Kaio luma zikina antzerki lana eskainiko du. Apirilean, berriz, Festa Musikalak izanen dira. Horren karietara, Okzitaniako Tolosako Les Éléments abesbatza eta Auvergneko Orkestra etorriko dira beren lanen aurkeztera. Maiatzean, zirkuaren doinuan izanen da: Marche ou Reve, Les Acrostiches taldeek eta Pagnozzo zaldirekilako zirkuak, zirkuaren ikuspegi aurrerakoia emanen dute. Azti bat ere etortzekoa da. Gisa horretan, «haurrak ere erakarri nahi dira».

Dokumentuaren akzioak