Dokumentuaren akzioak
Abarketariei omenaldia
Amabirjinak, andramariak, andramaixek edo andremariak, izenak adina jai izaten dira abuztuko bigarren astean. Zarautzen eta Zestoako Aizarna auzoan eta Azkoitian prest dute dena dagoeneko festak hasteko. Azkoitian, atzo goizean aurkeztu zuten programa Angel Luis Martin Festetako batzordeburuak eta Sonia Vazquez batzordekideak, udaletxean.
Zinegotziek nabarmendu zuten, batetik, abuztuaren 14an, ostirala, Luis Arregi Izpizu-ri egingo dioten omenaldia. Udalak Arregiri eskertu nahi dio bizitza osoan zehar egindako borondatezko lana. Bestetik, Andramari Egunean, abuztuak 15, esker oneko adierazpen ofiziala eskainiko dio udalak Euskalerriko Adiskideen Elkarteari, 250.urteurreneko ospakizunetan sartuta daudelako.
Aurreko urtean bezala, programazio osoa sakeleko telefonoan irakurtzeko aukera izango dute herritarrek, Andramaixek poltsikoan! lelopean. Egitaraua egunez egun ikusteko aukera ematen du aplikazioak, bai eta iritzi eta ekarpenak egitekoa ere. Gainera, herritarren parte hartzeak saria izango du, erabiltzaile guztien artean bi sari zozkatuko baitituzte: batetik, Elkarmedia enpresak emandako tablet bat, eta bestetik, Kultura Sailak eskainitako urte osorako zinemarako bi bono.
Abarketa zuriak jantzita
Paperezko egitarauko azalean emakume baten abarketa zuri parea ageri da, eta horrek badu istorioa atzetik. Andramarien ekuadorrean, abuztuaren 16an, herriko abarketarien omenez dantzatuko dute Ohiko Aurreskua, plazan. Abarketa zuriak jantzita dantzatuko dute, egun berezietarako gordetzen baitziren kolore zuriko oinetakoak garai batean. Ekitaldiak ardatz izango ditu Julian Iruretagoiena zena, herriko azken abarketaria, eta, Arantxa Iturbe, emaztea.
Pasa den abenduan 22an zendu zen Iruretagoeina, 90 urte zituela. Juan Manuel semea ere aritutakoa da abarketari lanetan, baina aitak 88 urterekin ofizioa utzi zuenean, utzi zuen berak ere. «Uztea erabaki genuen jostunak falta zirelako», azaldu du. Emakumeen lana izan ohi zen jostearena; denborarekin, galtzen joan zen. 22 bat urterekin hasi zen Iruretagoiena aitarekin lanean, eta hogei urte pasa aritu ziren elkarrekin alpargatak sortzen. Gustuko zuen ofizioa Juan Manuel semeak, baita aitak ere: pilota eta abarketak.
Hamaika urte zituela hasi zen abarketak josten Julian Iruretagoiena. Juin abarketa enpresa sortu zuen, eta egun osoz jarduten zuen abarketak artisauki lantzen. Euskal Herri osora banatzen zituzten oinetakoak, inguruan gutxi batzuek egiten zituzten-eta.
Iturbe emazteak ere laguntzen zuen noizbehinka, akastun pareak konpontzeko. Herritar askoren ofizioa izan zen urte luzez, familia ugariren diru iturria. Denborak aurrera egin ahala mekanizatuz joan zen abarketari lana, eta ondorioz, artisau lana galduz. Andramari jaietan gizon eta emakume haiek izango dituzte gogoan, herriko plazan.
Julian Iruretagoienari 2009an egindako elkarrizketa.
Ohiko Aurreskua, abuztuaren 16an, Azkoitiko plazan. (Azkoitiko Udala)
Dokumentuaren akzioak