Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Abarkak urratu arte dantzatu zen Errenteria

Dokumentuaren akzioak

Abarkak urratu arte dantzatu zen Errenteria

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2002/07/14

Arin-arin mugitu zituzten oinak eta gerriak atzo Errenteriara hurbildu ziren ehunka dantzari eta festazaleek. Goizean goiz hasi eta goizaldeko ordu txikietara arte, Euskal Herriko bazter guztietatik gerturatu ziren Ereintza dantza taldeak antolaturiko laugarren Erromeria Egunera, abarkak urratu eta euskal giroaz gozatzera.



Eguraldiak ere errespetatu zuen festazaleen dantzarako gogoa eta zerua oskarbi egon ez arren, aurtengoan euriak ez zuen izan aurreko urteetako protagonismorik. Hala ere, Ereintzakoek oihal etxe handi bat ipini zuten dantzarien babeserako eta bati baino gehiagori entzun genion aldatzeko abarketa parea prest zuela, badaezpada ere.



Zumardia ez ezik Errenteria osoa festa gune erraldoia bihurtu zen atzokoan, kale eta izkina guztiak jantzi baitziren euskal jantzi tradizionalez, bazter guztietan barrena ibili baitziren haur, gazte eta helduak dantzan.



Esmalteria plazan hamaiketakoa eginez eman zioten hasiera jai handiari errenteriarrek eta kanpotik etorritakoek. Gipuzkoarrak ziren oinak astintzera animatu ziren gehienak, baina Gernikako koadrilak eta Ondarroako familia bat ere aritu ziren izerditan blai, dantzan. Hainbat lapurtarrek ere ez zioten hutsik egin Errenteriako zitari. Lepoko zapi gorria eta panplonika jantzi zuriaren ordez, erromeria giroko jantzi tradizionalak aukeratu zituen iruindar koadrilla bat aritu zen abarkak urratu artean dantzan, Alkarkide txarangarekin kalejiran.



Euskal herritarrez gain urrutitik etorri ziren dantzari finek ere izan zuten lekua Ereintza dantza taldeak antolaturiko jaialdian. Europako hainbat herrialdetako 75 lagun inguru bildu ziren Errenteriara. Lagun hauek Basusarrin egon dira astebetez Patxi Perezen gidaritzapean euskal dantzak ikasten, eta atzo praktikatu zuten ikasitakoa.



Adin guztietako dantzariak



Zumardian 13:00etan egin zen erakustaldian ikusi ahal izan zen moduan, adin guztietako jendeari gustatzen zaio oinak astintzea, trikitiaren doinura. 7 urte zituen oholtza gainera igo zen gazteenak eta 70etik gertu zebilen igo zen zaharrena. Belaunaldi askotako jendeak elkarrekin egin zuen dantza. Haur eta adinekoen artean, Hernaniko Sarriegitarren bi belaunaldi, Irungo «gazte izandako» Meaka dantza taldeko kideak, Patxi Perez eta Maite Etxeberria eta Parrondo anai-arrebak izan ziren, besteren artean, oinak nola mugitu erakutsi zutenak.



500 lagun bildu ziren kiroldegian tripak bete eta indarrak berritzera, arratsaldeko Erromeria nagusirako prest egoteko. Nekatzeko beldurrik gabe aritu ziren musikarien doinura dantzan, gauerako indarrak gordeaz, ilundutakoan dantzaldia izan baitzen Okzitaniatik etorritako Lou Seriol taldearekin, eta, Alaitz eta Maiderrekin.



Dantzarako dohainak erakusteaz gain, Erromeria Egunerako ondo lisatutako euskal jantzi tradizionalak erakusteko aukera ere eman zuen atzoko jaialdiak. Arte handiz eginiko jantzi ikusgarriak nagusitu ziren Ereintza dantza taldeak antolaturiko jaialdi beroan.

Dokumentuaren akzioak