Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Antzezpenen atzean mezu pedagogikoa dago»

Dokumentuaren akzioak

«Antzezpenen atzean mezu pedagogikoa dago»

Kepa Fernandez de Larrinoa, Antropologoa

Egilea
Aloña Ipintza
Komunikabidea
Tolosaldean Egunero
Tokia
Alkiza
Mota
Elkarrizketa
Data
2002/10/31

Kepa Fernandez de Larrinoa, Alkizan bizi den bilbotarra, Antropologiako irakaslea da Donostiako EHUn. Ospakizunen antropologian espezializatu denak Egunerorekin izan du solasaldia bere lanaren inguruan.



Zer egiten du bilbotar batek Alkizan? Zein izan zen zure lehen kontaktua herri txikitxo honekin?



Nire lehen azterketa antropologikoa Alkizan egin nuen. Ia bi urtez Peru baserrian egon nintzen apopilo. Denbora honetan harreman sozialetarako espazioak aztertu nituen. Espazio eta denbora kontutan izanik, hizkuntzaren erabilera noraino baldintzatua zegoen jakin nahi nuen. Hau da, lana, aisia, naturaren erritmo biologikoak norainoko eragina duen herritarren arteko harremanetan. Ondoren hainbat urte pasa ditut atzerrian eta Iparraldean bizitzen. Eta duela urte batzuk, hemen lursail batzuk salmentan zeudela aipatu zidaten. Gustuko lekua iruditu zitzaidan, eta etxetxo bat eraiki eta bertan gelditzea erabaki nuen.



Atzerria aipatu duzu, baina zeunden lekuan zeundela ere euskaldunak izan dituzu aztergai.



Egia da bai. Nire hurrengo geltokia Kanada izan zen. Han unibertsitatean irakasle laguntzaile lanak burutu ondoren, lau hilabetez AEBetara joan nintzen. Euskal amerikarren festak izan nituen hizpide, euskal nortasunak Ameriketan dituen erreferente soziokulturalak, ohiturak, irudiak... Bertatik ondorioztatutakoa, Ameriketako euskaldunen festak beraien bizimodu aldaketaren adierazgarri direla da. Lehenbiziko belaunaldia pribatuan adierazten zen, oraingoa berriz, publikoki. Hasierako euskaldun haiek mendian bizi ziren, eta orain hirira inguratzen hasi dira. Egun, hori da beraien jaialdietan irudikatzen saiatzen direna, menditik hirirako pasabidea, alegia.



Londreserako bidaia ere egina duzu. Bertan, London School of Economics unibertsitatean ikasketak burutu zenituen.



Hura izan zen nire lehen pausua Zuberoako pastoral eta maskaraden inguruan. Unibertsitate honetan tesi bat egin nuen, eta landutako gaia Zuberoako pastoralak izan ziren, agerikoa zen politika eta kulturaren arteko harremana, alegia. Hala ere, lana modu egokiago batean egin ahal izateko Zuberoara ÑMuskildiÑ mugitzea erabaki nuen, eta bi urtez egon nintzen bertan.



Zein izan zen lan honetatik ateratako ondorioa?



Nire ustez deigarriena da, antzezlanen atzean mezu pedagogiko dagoela da, irakaspenen bat adierazten dutela. Pastoralek historia dute mintzagai, eta egileak beti kezkatuak agertzen dira Euskal Herriko historiarekiko, bai azken urteetakoak, baita hasierako haiek ere. Garaian garaiko kezka soziokulturala, politikoa eta ekonomikoen ispilu dira, eta zerbait erakusten saiatzen dira.



Zuberoan, bai abertzaletasunak bai euskarak beherakada izugarria izan dute...



Hala da, bai. Baina hala ere, bai pastoral, bai eta maskaradetako heroiak euskaldunak izaten jarraitzen dute eta gaiak abertzaleak. Antolatzaileek argi ikusten dute, festa hauetan giroa euskalduntzeko aukera paregabea dutela. Euskaraz bizitzeko eta hitzegiteko leku egokia direla, hain agortua dagoen giro euskaldunari bultzadatxo bat emateko aukera dutela. Kasu honetan irakaspena euskal komunitatea berrantolatzea litzateke.



Zer da maskarada?



Bertako arte eszenografikoen arteko nahasketa da. Musika, soinua, mozorroak, dantza, bertsoak, antzerti-kodeak... Lan handia hartzen dute prestaketetan. Beraientzat, antzezpen bakoitzean herriaren izena dago jokuan. Beraien prestigio eta duintasuna daude jokuan. Gainera, ikuslegoa gaian jantzia da. Kode estetikoak: gorputzaren jarrera... gauzak esateko ordena errespetatu den edo ez, dena epaitua izaten da. Azken aldaketa emakumearen parte-hartzea da. Momentu honetan, aldaketa honek maskaradak duen interpretazioan izango duen eragina ikertzen ari naiz.



Zuberoako talde bat Anoetara dator azaroan maskarada bat antzeztera.



Bai. Nik bertan ditudan ezagun batzuekin hitz egin nuen lehenik. Hortik aurrerako lanak, Mikel Errazkinek eta bere lan taldeak egin ditu. Hala ere, hemen antzeztuko dena maskaradaren moldaketa bat izango da.



Zertan ari zara orain lanean?



Lehen aipaturiko ikerketa egiteaz gain, datorren astean Donostian egongo diren hitzaldi batzuk prestatzen ari naiz. Ondare kulturalari buruzko kongresu bat da. Turismoa, landa garapena eta nortasun kulturala aztergai izango dituena.

Dokumentuaren akzioak