Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Amodioa instituzio bat da, eta gizartean nola antzezten den erakutsi nahi dugu»

Dokumentuaren akzioak

«Amodioa instituzio bat da, eta gizartean nola antzezten den erakutsi nahi dugu»

Tove Shalin. Dantzaria

Egilea
Edu Lartzanguren
Komunikabidea
Berria
Mota
Elkarrizketa
Data
2012/03/22
Lotura
Berria

Tove Shalin dantzariak (Orebro, Suedia, 1976) eta haren senar Dag Anderssonek osatzen dute Bastardproduktions dantza taldea. Roses and Beans performancea taularatuko dute gaur, 19:00etan, Guggenheim museoan, Dantzaldia jaialdiaren barruan.

Bikotea osatzen duzue. Zuen eguneroko bizitzako gatazketatik sortu zen lan hau?

Hiru haur ditugu, elkarrekin bizi gara... askotan mintzo gara emakume eta gizon gisa berdintasunez bizitzeko moduez. Zeure bizitza nola partekatu kontu bat da, baina gero, antzerkia dago, hau da, nola kontatu hori ikusleei. Horregatik erabaki dugu ikusleak gonbidatzea, geure bizitzaren parte izan daitezen.

Amodioaren antolakuntzaz ari zarete lan honetan, eta bikotea erakunde gisa aztertu nahi duzue. Suediarrak horren arrazionalak zarete?

Amodioa instituzio bat da, eta gizartean nola antzezten den erakutsi nahi dugu. Ez da Suediako kontua, hedabide handiak bikote ospetsuen harremanen inguruan mintzo dira. Ikusleak gure une pribatu txiki batera gonbidatzen ditugu dantza garaikide ikuskizun honetan. Geure egongelara ekartzen ditugu, kafea eta gailetak hartzera. Pop kulturaren eta arlo pribatuaren arteko harremanak zein amodioaren alde politikoak lantzen ditugu. Pop kulturaren erreferentziak erabiltzen ditugu. Musikal dekonstruitu bat bezalakoa da, pop kantak abesten ditugulako a capella. Lady Gagaren Bad Romance erabiltzen dugu, esaterako.

Nola jorratu duzue generoaren gaia?

Panaman landu genuen lanaren alde teorikoa. Judith Butler filosofoak esaten duenez, geure generoa antzeztu egiten dugu denok. Berdintasunaren gaia eraman dugu piezara: itxura berdina dugu, ilea berdin moztu dugu... Koreografian ere, berdintasuna zaintzen dugu: biok altxatzen dugu elkar, eta espazioa berdin okupatzen dugu. John Lennon eta Yoko Onoren Bagism lanaren bertsioa egiten dugu: IKEAko edredoi handi batean sartzen gara. Bikotean biok bat egiten dugu, edo bikotearen burbuilan sartzen gara, norberak interpreta dezala.

Gizarte kritika egiteko asmoa duzue?

Bai, baina kritika zoriontsua. Hausnarketa piztu nahi dugu: bikotetasunak pertsonak nola mugatzen dituen eta zelako espektazioa eta erromantizismoa sortzen duen aztertzen dugu, baina ez gara gatazkez arituko. Bikote harremanen alde ilunez beterik daude hedabideak. Erronka bota genion geure buruari: egin al dezakegu horren inguruko lan kritiko bat, berdintasuna eta generoa eztabaidatzeko, baina tonu alai eta pop batean?

Ono eta Lennonena egiteaz gain, Angelina Jolie eta Brad Pittena ere egingo duzue. Ez al dakigu nahi baino gehiago halako bikoteetaz?

Bai, informazio gehiegi dugu haietaz. Guk haien bizitzaren zatiak hartu ditugu, baina ez gara ari istorio gehiago kontatzen. Denok parte hartzen dugu kontu horretan. Gu liluratuta gaude bikote horietaz horrela hitz egiteko dugun beharrarekin. Horren inguruko hedabideak maitasuna suntsitzen ari dira. Eta gu ere horren parte gara. Performancean haien argazkiak erakusten dizkiegu ikusleei, eta pertsona horietaz zer dakiten galdetzen diegu. Ikusiko dugu nolakoa izango den komunikazioa.

Zuen arteko harremana aldatu al du lan honek?

Bai, hala uste dut. Ez gara geure buruaz ari, dena den, baina gure kontu pribatutik gertu dago.

Dokumentuaren akzioak