Dokumentuaren akzioak
«Amerikarren tradizioaren parte da euskal jatetxera etortzea»
Marie Louise Lekumberry Nevadako J.T. Basque ostatuko jabea
Basque jatetxeak 50 urte bete
ditu Gardnerville-ko (Nevada, AEB). Badu aipu, badu sona, zinez
aspaldidanikoa. 1960an erosi zuten ostatua Jean eta Pete Lekumberry
orzaiztarrek, eta, egun, Jeanen seme J.B. eta alaba Marie Louise dira
buru.
Zer bizimodu, 50 urte bete dituen J.T. Basque ostatuaren jabe?
Bizi ona. Mugimendua txipitu da, atzeraldi ekonomiko garaian
garelako, baina, gaineratekoan, uste dut gurea bezalako jatetxeek zutik
iraunen dutela. Kalitate ona eskaintzen dugu, prezio egokian. Bestalde,
iraganari lotura ere eskaintzen dugu, erran nahi baita, Nevada
Mendebaldeko tradizioari esteka. Tradizio horretan, hala euskaldunak
nola bertako amerikarrak hartu nahi ditut kontuan. Euskal Herrian sortu
ez zen jende aunitz gisa honetako jatetxeetan janez hazi zen,
aitatxi-amatxiekin edota gurasoekin ostatura etorrita. Euskaldun ez den
hainbat jende dator jatera hona eta, zinez, beren tradizioaren parte
dute holako lekuetara etortzea.
Izen bereziki ona du J.T. Basque-k...
Urte aunitz daramatzagu leku berean. Aurten, apirilean ospatu
dugu ostatua ireki zeneko 50. urteurrena... Jendea lasai egotera
etortzen da. Mahaian zerbitzatzen dugu, ez da buffet-a
-Nevadako kasinoen estiloaren kontrara-, jendea bata bestearen ondoan
jartzen da, eta elkar ezagutzen ez duen jendea elkarrekin mintzatzen
hasten da...
Kaliforniako euskaldunekin lotura estua duzue, Nevadan egonagatik ere...
Uste dut euskal jatetxe guziek dutela nola-halako lotura bat
halako edo halako euskal komunitateren batekin. Batek, Kaliforniako
euskaldunekin du lotura estuagoa. Beste batek, Arizona edota
Oregonekoekin... Klan moduan funtzionatzen dugu euskaldunok, nonbait,
baina, azkenean, euskaldun guziok gaude elkarri lotuak.
Zuen aita zenaren izaera arraiak badu ikustekorik horretan. Nor izan zen Jean Lekumberry?
Orzaizetik heldu zen gure aita, 1947an, Gardnervillera, artzain.
22 urte zituen, eta hegazkin-txartela erosteko sosa aurreztua, nonbait.
Hiru osaba zituen Ameriketan. Bata, artzain, Gardnervillen, eta beste
biak gautxo lanean Argentinan. Beraz, hiru osabei idatzi zien,
Ameriketara nahi zuela erranez. Baietz erantzun zioten hirurek. «Zer
egin behar diat nik orain?», ezin asmaturik zebilen. «Tira, Nevadako
ottok erantzun zidak nehork baino lehenago, eta haraxe noak!». Eta,
beharrik! Nevadara etorri zen, zeren eta Argentinan ziren bi osabak
hagitz gazterik hil baitziren, 1950eko hamarkadaren inguruan han izan
zen izurrite batengatik. Beraz, gure aita hara balitz, hilik zen seguru!
Nevadara heldu, eta urte eta erdi egin zuen artzain lanean. Hamahiru
urte iraganik erosi zuen oraingo ostatu hau, bere anaia Peterekin
batera. 1960 urtea zen.
Orduko denborako esposatua zen.
Shirley zen gure ama, Los Angeles alderdian sortua. Bridgeport
(Kalifornia) aldean ari zen lanean gure aita. Nagusiek artzainak
zituzten, baita kanpin lekua ere. Gure ama bakantzetan zen han, lagun
batekin. Egun batean, aitak bi neskak ikusi, gustatu, haien ondora joan,
eta erran zien: «Jatetxera joan behar dut berriz mendira baino lehen.
Otoi, zainduko duzue ene astoa?». Bi neskak: «O, bai!». Jakina, astoak
ez zuen nehork zainduko zuen beharrik, baina neska-mutil gazteen jolasa!
Jatetxetik irten, eta hantxe ikusi zituen aitak bi neskak. «Mila esker.
Nahi duzue bihar artzain kanpalekura etorri?». Neskek, baietz, eta
horrela hasi zen ene gurasoen historia.
Zure aita ez zen bakarrik hemen. Anaia ere bazuen, Pete.
Hura artzain izan zen denbora guziko, uste dut. Otto Petek eta
gure aitak erosi zuten ostatu hau. Sei bat urte egin eta Orzaizera
itzuli zen Pete, eta han da oraino.
Zure anaia J.B. sukaldean, zu barran lanean. Zein da zure historia?
1960an sortu nintzen; etxe honetan egin dut ene bizi osoa.
Lehenik, artzain hotela zen... Taberna, gure egongela zen! Artzain
guziekin batera hazi nintzen, haien artean... Eskolan, beste guziak
bezalakoa nintzela sentitzen nuen. Lehengo batean adiskide batekin
mintzo -arraza beltzekoa da-, eta erraten zuen beltz hazi zela,
diferente. Ez da nire kasua, salbu eta momentu batzuk. Oroit naiz,
eskolara joan eta ene lagunek jatekoa eramaten zutela ikusi nuen:
kakahuete gurina, marmeladak, sandwich politak... Aitari erran nion nik
ere jatekoa eraman nahi nuela. «Ontsa da!», eta eman zidan eskolara
eramateko jatekoa: lukainka muturra, artzainaren gasna zaharra... Ni,
eskolan, mahaian jarria eta bertze neska-mutikoei beha: patata
frijituak, sandwichak... Adin horretan ez duzu jan nahi, nahi duzu
bertze guziekin batera ibili... Izuturik nintzen, bertze neska-mutikoek
ezin baitzuten konprenitu zer zen ene janaria! Orduan, bai, kultura
nagusitik zerbait aparte sentitu nintzen...
Noiz ernatu zen zure baitan euskaldun kontzientzia?
Gazterik, erranen nuke... Galdera ona... Uste dut beti izan
dudala kontzientzia hori. Zortzi bat urte nituela, baziren neska
euskaldun batzuk Carson Cityn, hemendik oren erdira, guri dantza
erakustea pentsatu zutenak. Hull zen haien deitura. Hiru ahizpa ziren,
ama Elykoa (Nevada). Talde txipia ginen, zortzi bat haur, menturaz. Jota
dantzatzen ikastea, jantzi haiek janztea, emanaldiak egitea... Benetako
oparia izan zen dantzan ikaste hura. Hark eman zigun euskaldun
izatearen kontzientzia sendoa.
Euskaldun aunitz ziren Gardnervillen 60-70eko hamarkadan?
Ez aunitz. Orai baino herri txipiago zen... Baina orai baino
eskualdun gehiago ez zen orduan, orduko aunitz hilik baitira. Eman
dezagun, hogeita hamar euskal familia izango ziren? Ez dakit. Eskualdun
aunitz ez bazen ere, elgarri lotuak ziren, komunitate sendoa osatzen
zuten. Hori zen haien indarra. Eta da oraino. Hara, hemendik bi etxe
sailera duzu Overland, euskal jatetxea; gero, Pyrenees taberna duzu.
Aldi batean baziren bat... bi... hiru... lau... bost euskal bar, hotel
eta restaurant! Bi etxe sail honetan berean, 60ko hamarkadan.
Nola da oraiko euskalduna Gardnervillen?
Uste dut nahasiagoa dela orduan baino. Bigarren belaunaldia nehoiz ez da lehenengoa bezain indartsua.
«Nahasiagoa», esan duzu...
Ez nuke hori erran behar. Euskaldun izatea ez da odol kontua,
buru egoera baizik... 1984-85ean Euskal Herrian egin nuen egonaldiak
hainbat lagundu ninduen euskaldun izaten... Zalantzarik batere ez nuen
bidaia hura egingo nuela. Beti jakin ukan nuen Euskal Herrira joanen
nintzela, urtea han iragatera. Euskara nuen helburua, baina ez nuen
ontsa lortu.
Euskaraz mintzo zira...
Baina gaizki. Txipitan, ama ingelesez mintzo zen etxean. Aita
ere ingelesez. Baina, barrean, artzain zaharren ondoan, hitz batzuk
ikasi nituen. Egunero entzuten nuen euskara. Ez nuen hainbeste
harrapatzen, baina! Donostian iragan nuen urtean, Orzaizera joaten
nintzen bakantzetan, han frantsesa eta euskara ikasi nituen. Orain,
Gardnervillen, batzuetan euskaraz mintzatzen naiz jendearekin. Artzainik
ez dago egun, baina lehengo artzain batzuk. Bizkaitar bat dugu hemen,
adibidez, bizkaitar bakarra, eta harekin ikasi dut «zelan zagoz», ez
«nola zira?» esaten, edo «neure laztana», ez «ene maitia». Trukea egiten
dugu. Aukera bada euskaraz mintzatzeko.
Orain artzainik ez, ttipitan franko baziren ostatu honetan bizitzen...
Erretiratuak ziren hemen bizi zirenak. Batzuetan, egia da, lan
bat egin eta bestea aurkitu bitartean artzainak hemen egoten ziren.
Tabernako barrean jarrita ematen zuten denbora, batzuetan mus jokatzen
zuten. Haietarik batzuek lan poxi bat eginen zuten, patata zuritzen,
adibidez. Beste batek, mahaiak egin zituen, zurezkoak... Hor dira oraino
artzain batek egin mahaiak. Batzuetan, gertatzen da, baten batek
esatea: «Zertan dira mahai zahar hauek hemen?». Nik: «Mahaiok ezta ukitu
ere!». Ez da mahaia bera, baina duten historia, etxe honen historia
bera dira.
Zertan aldatu da orduko egoera?
Aldatu da, baina bere horretan da, gehienbat. Ezberdintasun
handiena, euskaldun gutiago ditugula jatetxean, hots, amerikar gehiago.
Beste ezberdintasun bat, orain mahai indibidualak ditugula, eta garai
batean, aldiz, denak ziren mahai luzeak, hotel erara. Menuari
dagokionez, aski berdina da. Zerbitzatzeko manera ez da kanbiatu,
familia estilokoa da, lehen zen bezala... Horrela. Prezioak aldatu dira,
garestiago baita orain... Artzain janaria zerbitzatzen dugu, ez da
batere elaboratua, ez da ikusgarria... eta horregatik gustatzen zaio
jendeari! Eta historia du AEBetako Mendebalde honetan. Horrela hazi zen
hemen jende aunitz, eta orain, jende haiek beren haurrekin datoz gure
jatetxera! Beren tradizioaren parte da euskal jatetxera etortzea, ez da,
soilik, euskal jendearen ohitura, hori baino gehiago da.
Gero eta euskaldun gutiago da hemen. Nola izanen da euskaldunaren geroa Gardnervillen...
Garai bateko euskaldunak joanak dira. Nire adinekoek, eta
gazteagoek, euskaltasunari eusteko konpromisoa beregain hartua dute.
Nire lobak, adibidez, udako euskal kanpalekura joatekoak dira udan,
Renon... Hortik onura baizik ez da etortzen ahal. Udan, herriko picnica
egiten dugunean, abuztuan, jendea heldu da Chino, Bakersfield, San
Frantzisko, Elko, Winnemucca eta bestetik, urrundik, alegia, eta haiei
nola litekeen hain urrundik heldu galdera eginez gero: «Guk ez genuen
etortzeko asmorik, gure umeek behartu gaituzte!». Udako kanpalekuan
lagunak egiten dituzte, eta haiekin bildu nahi izaten dute gero. Horixe
gertatzen da udako picnicetan, behin eta berriz eta askotan. Udako
kanpalekuak dakarren onura da hori. Oraingo belaunaldiak hamaika
denbora-pasatu ditu, rodeoa, saskibaloia, beisbola... Kultura horrek
agintzen du, hainbat eta hainbat aukera eskaintzen ditu, baina udako
kanpalekura doazenak gehiago lotzen dira euskal mundura, han egin ohi
dituzten lagunen bidez. Euskaldun izatea lehentasunezko gauza izanen da
beraien bizian. Horixe nire aurreikuspena! Fede handia dut gazteetan,
gure kulturari bizirik eutsiko diote.
Gardnerville-Donostia, hizkuntzak ikasteko baliatutako bidaia
J.T. Basque jatetxearen aurpegia da Marie Louise, anaia J.Bk sukaldean lan egiten duenez. Ingelesarekin batera ematen ditu -hein ezberdinetan-, euskara, frantsesa eta gaztelania. Askorik usteko ez zuela Espainiar Literatura ikasketak egin zituen, istripuz, berak dioenez. «Euskara ikastera Donostiara joan eta HABEra bidali ninduten, Hondarribira. Ni molde zaharrean ikasteko asmotan nintzen -beste hizkuntza baten bitartez-, eta harako barnetegira heldu eta galdurik ikusi nuen ene burua. 'Hemen nagoenez, hobe dut gaztelania eskola batzuk ere hartu', pentsatu nuen. Horixe egin nuen. Eta, azkenean, atzera Renoko unibertsitatera itzuli nintzenean, kreditu gehiago nituen gaztelaniaz beste ezertan baino. Beraz, Espainiar Literatura egin nuen. Horixe arrazoia. Euskaraz ikasi nahi nuen, eta erdizka lortu nuen». Guztiarekin ere, ez zituen unibertsitate ikasketak irakaskuntzarako baliatu. Lana zuen etxean, zain. «Ordurako, jatetxeari loturik bizi nintzen. Aita zahartzen ari zen, eta hari negozioan laguntzera behartuta ikusi nuen ene burua. Orain zoriontsu naiz lan honetan. Batzuetan estu xamar, jakina, baina pozik».J.T. Basque hotela
1960an Inozente Egunean, apirilaren lehenengoan AEBetan, erosi zuten Jean eta Pete Lekumberryk, Jeanen emazte Shirleyrekin batean, J.T. euskal hotel, taberna eta jatetxea, izen handikoa ordurako. Lekumberry anaiak pozak zoratzen ziren, artzain lana eta gainerakoak utzirik. 1940ko hamarkadaren amaieran Nevadara joan zirenetik ez zuten egin batetik bestera lanean ibili besterik. Garai haietan, txanda bana baino ez zegoen jatetxean, hala bazkaltzeko nola afaltzeko. Eguerdiko hamabi-hamabietan, arratsaldeko seietan ttanko, joko zuen kanpaiak eta bilduko ziren jangelan ostatuko artzainak, arrantxo langileak, eta herriko jendea. Mahai luzeetan jarriko ziren bata bestearen ondoan eta jatekoa pasatuko zioten elkarri, familiaren maneran. Otorduaren prezioa -gaur egun zerbitzatzen denaren gisakoa-, dolar bat eta 25 zentimo zen eguerdian, eta dolar bat eta 50, arratsaldean. Picon pontxeak 50 zentimo balio zituen orduan.Hotel, taberna eta jangelako zarata, harrabots eta eromenaren erdian, Jean eta Shirleyk hiru ume hazi zituzten: Robert, Marie Louise eta J.B. Hauek, duela 50 urteko tradizioari jarraitzen zaizkio.
Dokumentuaren akzioak