Dokumentuaren akzioak
«Amerikarrek zoragarri dantza egiten dutela ikustea shock bat da»
Oier Araolaza Kezka Dantza Taldea eta Dantzan.com. Kezka taldeko dantzaria Estatu Batuetan egon da ikastaro bat emateko hango dantza taldeetako ordezkariei
-Zer egiten du Eibarko dantza maisu batek Estatu Batuetan?
-Aspalditik datorren kontua da. Dantzan.com-en bidez
harreman dexente daukagu Euskal Herriko dantzariekin, baita diasporako
dantzariekin. Estatu Batuetan nahiko ondo antolatuta daude, hainbat
euskal etxe daude eta bertan, dantza taldeak oso zutabe garrantzitsua
dira. Talde horiek, orain dela sei hilabete planteatu zidaten nirekin
ikastaro bat izan nahi zutela.
-Zer nolako ikastaroa izan da?
-Batez ere teorikoa. Dantzan jarri ditut ere, dantzaz
hitz egitea gauza bat dela baina benetan dantzaz ulertzeko dantzan egin
behar dela uste dudalako.
-Aurretik Estatu Batuetako euskal etxeetan egona al zinen?
-Kontaktoa geneukan, San Franciscoko Euskal Etxea ezagutu nuen aurretik, oporrak aprobetxatuta.
-Zer aurkitu duzu han?
-Badauzkazu informazio batzuk joan aurretik baina benetan
ezagutu behar da. Niretzat emozionantea da. Badakizu zenbat kostatzen
den hemen, Euskal Herrian, herri bakoitzean, dantza talde bat
mantentzea, jendea gai honen inguruan lanean jartzea, dantzariak
diziplina batekin prestatzea eta abar. Eta hori, 5.000 kilometrora,
horrelako testuinguru batean... Euskaldun asko dagoela gauza bat da,
baina San Francisco bezalako hiri handi batean euskaldunak zenbat izan
daitezke? Oso gutxi. Baina hala ere, zenbat gaztek, zenbat helduk parte
hartzen dute diziplina batekin, kristoren afizioarekin eta gauzak ondo
egiteko gogoarekin. Hori ikustea eta dantzan zoragarri egiten dutela
ikustea shock bat da.
-Batek pentsatu dezake Ameriketako euskal etxe batean jende zaharra bakarrik egongo dela. Nolako jendea dago?
-Estatu Batuetako diaspora, XIX. mende bukaerako eta
batez ere XX. mende hasierakoa dela kontuan hartu behar da. Orduan, gaur
egun bertan dihardutenak seme-alabak edo gehienak bilobak dira,
bigarren edo hirugarren belaunaldia. Oso argi daukate amerikarrak
direla, baina oso argi daukate ere euskaldunak direla,
euskal-amerikarrak dira. Gehienak euskaraz zerbait ikasi dute etxean eta
askok, unibertsitatea bukatu ondoren denbora bat hartzen dute Euskal
Herrira etortzeko, euskeraz ikasi eta euskal dantzetan sakontzeko.
Beraiek nahiko ezagutza ona dute hemengo errealitateaz, ez daukate
horrelako mitoren bat bere buruan. Gainera gaur egun komunikazio forma
berriei esker eskura dute kontaktua eta gertutik jarraitzen dute Euskal
Herria.
-Bidai hori egin eta gero, Eibarrera bueltan, ikusitako zerbaitek inbidia ematen al dizu?
-Gustatu zait beraien artean oso ondo antolatuta daudela,
oso eraginkorrak direla. Oso argi dauzkate beraien helburuak eta
horretan oso amerikarrak dira, ez dute denborarik galtzen tontakerietan,
eta oso langileak dira. Adibidez, egon naizen azken hirian, Boisen,
badute benetan oso ona den dantza talde bat. Eta aurten Euskal Herrira
datoz uztailean dantza egitera. Lau edo bost urtetik behin etortzen
dira, baina hori, berrogeitahamar lagunentzat, diru pila da. Horregatik
badute talde bat urte osoan dirubilketa lanean. Izugarriak dira
antolatzen dituzten gauzak. Egon nintzenean izugarrizko sagardotegia
antolatu zuten, kupelekin, sagardotegiko menuarekin, dena konpletu. Eta
hiri handietan horrelako proposamenek harrera ona izaten dute, 500.000
biztanle dira Boisen. Dena saldu zuten, jendeak dirua ematen du ekimen
interesgarria delako eta hurrengo astebururako 24 ordu dantzan
prestatzen ari ziren. Kilometroak eta Korrika moduko gauzak Estatu
Batuetatik ekarri ziren.
-Dantzan.com webguneari esker lortu dituzue horrelako kontaktuak. Zenbat denbora darama martxan?
-Webgunea 2001ean sortu genuen, orain bete ditugu hamar
urte. Eibarren sortu zen, berez Kezka Dantza Taldetik abiatu zen baina
berehala ikusi genuen proiektuaren dimensioa lokaletik gaindikoa zela
eta Eibartik kanpoko jende asko nahi zuen parte hartu, bultzatu eta
laguntzea, eta berehala zabaldu genuen. Euskal Herri osorako proiektua
da baina egoitza Eibarren jarraitzen du nahiz eta kolaboratzaileak
edonon dauden.
-Teknologia berriak han tradizionalak diren dantzetan baliogarriak al dira?
-Nik uste dut beste gauza batzuetan bezain beharrezkoak
direla, edo gehiago. Hain zuzen ere, jarduera ustez moderno edo
kontemporaneo batean jotzen da teknologietara baina gure kasuan
beharrezkoa da. Badugu 'sanbenito' bat gauza zaharretaz ari garela baina
ez da horrela, gaur egungo dantzariak gara, 2011 ari gara dantzan.
Egiten duguna modernoa da orain bertan egiten dugulako. Horregatik, gure
artean komunikatzeko eta gure lana ezagutzera emateko tresna guztiak
erabiltzen ditugu, lehengoak eta gaur egunekoak. Momentu honetan,
teknologia berriak aukera berriak eskeintzen dizkigu. Gainera, dantzetan
bi epe ditugu, bideorik gabeko interneta, oso motela zena, eta
oraingoa. Inteneten bideoak normalizatzen diren momentutik aldaketa
izugarria da. Gaur egun gure webgunean Euskal Herriko dantza guztiak
ikusteko aukera duzu. Tontuak izango ginen inprenta garaian geratuko
bagina.
-Ameriketatik hasi gara, eta herrira gatoz bueltan. Zer nolako osasuna du Eibarko Kezka Dantza Taldeak?
-Estabilizatuta dagoela uste dut. Gure esparrua egin
dugu, gustora gaude eta disfrutatzen ari gara. Guk ez daukagu modakoenak
izateko asmoa, baina bai aukera ematea euskal dantzak dantzatu nahi
duenari edo euskal dantzak ikusi nahi duenari Eibarren. Iruditzen zait
gaur egun gauzak normalidade batera ailegatzen ari direla eta bakoitzak
badaki noiz eta non dagoen dantzekin disfrutatzeko aukera. Gure kultura
da, belaunaldiz belaunaldi milaka eibartar horrela disfrutatu eta
komunikatu dira, eta gure ardura da hurrengo belaunaldiei aukera hori
ematea, ezagutu eta autatzeko aukera hori eman behar diegu.
Dokumentuaren akzioak